Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Zarata, melodia estaltzeko

Junquerasen abokatuarentzat, fiskaltzak matxinada eta desobedientzia «nahastu» ditu. Defentsek leporatu diote fiskaltzari biolentzia ezin izan duela frogatu. Ikusi epaiketako bideoak albistearen amaieran.

Akusazioak —ezkerreko lerroan—, defentsak —eskuinekoan— eta akusatuak—erdian—, atzoko saioan. A. GORENA / EFE.
Igor Susaeta.
Madril
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Hainbat esaldi borobil ahoratu zituen Andreu Van den Eyndek atzo, Auzitegi Gorenean, epaiketaren ondorioen berri eman zuenean. «Desobedientzia matxinadarekin nahasten ari dira». Fiskaltzaz ari zen Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatua. Metaforetarako ere eman zuen agerraldiak. «Gertakarien melodiatik aldendu gaitu zarata gorgarriak». Beste eztenkada bat fiskaltzari, Javier Zaragoza fiskalak, eskua, futbolari garaikideek bezala, ahoaren parean zuela, Jaime Moreno kidearekin, ahapeka, jokaldia komentatzen zuen bitartean. Generalitateko presidenteorde kargugabetuarentzat, akusatzaileek sortutako zaratak, haien «exajeraziorako» joerak, egungo agertokiraino, urte askotako zigor eskaeretaraino, eraman du Kataluniako prozesu subiranista. Iruditzen zaio 2015az geroztik «ideologia bati», mugimendu politiko independentistari «jazarri» diola estatuak, eta atzera begiratu beharrean, aurrera begiratu zuen, epaimahaiari, epaia gogoan, eskaera bat egiteko: «Pilota politikara itzultzeko aukera ematen du epaiketa honek».

Gorenak duela pare bat aste ezarritako egutegiaren arabera, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren azken-aurreko saioa izan zen atzokoa, 51.a. Akusatuen defentsek epaiketatik ateratako ondorioak plazaratu zituzten, eta fiskaltzaren tesia, biolentziarena eta matxinadarena, argudioz hustu zituzten atzo beren posizioa defendatzeko aukera izan zuten legelariek. Van den Eyndek, Xavier Melero Joaquim Fornen abokatuak, eta Jordi Pinak (Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Josep Rull) leporatu zioten fiskaltzari ezin izan duela frogatu 2017ko udazkenean Katalunian altxamendu biolento bat egon zenik. Carme Forcadell, Jordi Cuixart, Dolors Bassa, Santi Vila eta Meritxell Borras auzipetuen defentsen txanda izango da gaur —Carles Mundorena izan zen hitz egiten azkenekoa, atzo—, eta gero, aurreikuspenak betetzen badira, akusatuek azken hitza hartu ahal izango dute —bakoitzak 15 minutu edukiko ditu, gehienez—, eta epaiaren zain geratuko da lau hilabete iraun duen epaiketa.Van den Eyndek dagoeneko badaki, ordea, disidentzia politikoarentzat «aplikagarria» den Zigor Kode bat sortuko duela Gorenak.

'Etsaiaren zuzenbidea'

Hitz egiten aurrenekoa izan zen Junquerasen eta Romevaren letraduna. 09:35ean hasi zen, eta 11:30ean amaitu zuen —akusatu bakoitzeko ordubeteko defentsa ahalbidetu du Manuel Marchena epaimahaiburuak—. Ezer baino lehen, azken lau hilabeteetan Gorenean gertatutakoa laburbiltzen ahalegindu zen, balizko epaia oso presente zuela: «Ikusiko da zer erantzun penal ematen zaion parlamentu batek egindako proposamenari; zer erantzun penal elkarrizketa bati, txio bati».

Etsaiaren zuzenbide penala deitzen diona aipatu zuen agerraldian, behin baino gehiagotan. Joan den urtarrilaren 13an BERRIAri azaldu zionez, hori da «zuzenbide penalaren aplikazio formala, baina jendea kriminalizatzeko gaiztotua, ez egin duenarengatik, baizik eta duen esanahiarengatik». Horri heldu zion, esaterako, 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren parean egindako elkarretaratzeaz fiskaltzak azpimarratzen duena gezurtatzeko. Fiskaltzarentzat, altxamendu biolento bat gertatu zen. «40.000 manifestari, zauritu bakar bat ere ez, erasoz hartzeko saiakera bat bera ere ez, [Guardia Zibilaren] autoetatik lapurtutako arma bat bera ere ez», adierazi zuen Van den Eyndek, egun hura laburbiltze aldera. Gogorarazi nahi izan zuen, baina, fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak «apokalipsiaren» sinbolotzat dituztela Guardia Zibilaren auto horiek.

11 egun aurrera egin, eta urriaren 1ean zentratu zuen bere kontakizuna, erreferendumaren egunean. Fiskaltzarentzat, Espainiako Konstituzioa erorarazteko atera ziren herritarrak kalera egun hartan. «Jendea ez zen ezer eroraraztera atera; atera zen manifestatzera eta bozkatzera», adierazi zuen. Eta, desobedientzia ariketa indartzeko, errematatu: «Sumindura ez da biolentzia». Van den Eynderentzat, indarkeria ekintzak «bakanak» izan ziren egun hartan: «Ostikada bat, jaurtitako aulkiren bat, listua bota...». Eta horrekin batera, bai herritarren eta bai bere bezeroen bakezaletasuna aldarrikatu zuen.

Fiskaltzaren ondorio generikoek diotenez, urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak alde bakarreko independentzia aldarrikapena onartu zuenean, gauzatu zuten «estatu kolpea» buruzagi subiranistek. Akusatzaileentzat, Junqueras zen mugimendu haren «motor nagusia», eta, haren legelariak atzo nabarmendu zuenez, fiskaltzak uste du aldarrikapen hark «ezeztatu» zuela konstituzioa. Hori horrela izanda, Van den Eyndek ironiaz jokatu zuen atzo. «Hori fiskaltzak bakarrik esaten du. Rajoyk berak adierazi zuen aldarrikapen nahasia zela». Abokatuarentzat, PPren gobernua bera baino «gogorrago» aritu dira Zaragoza, Moreno, Fidel Cadena eta Consuelo Madrigal fiskalak.

Estatuaren Abokatutzaren eskaeraz ere jardun zuen. Hiru akusatzaileetatik gobernutik gertuen dagoenak sedizioagatik zigortu nahi ditu buruzagi subiranistak —hamabi urteko kartzela zigorra eskatzen du Junquerasentzat—, argudiatuz biolentzia ez zela «egiturazko elementuetako bat» Katalunian, 2017ko udazkenean. Van den Eyndek argitu nahi izan zuen sedizioa aplikatzeko ere «altxamendu biolento bat» behar dela. Beraz, bai fiskaltza eta bai Estatuaren Abokatutza ere xaxatu zituen: «Akusazioa ez da hain argia izango, antitetikoa denean fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatutzaren artean».

Diru publikoaren erabilera bidegabearen delituaz ere mintzatu zen, baina labur. Ukatu egin zuen Generalitateak erreferendumerako dirua bideratu zuela, eta azpimarratu zuen U-1arekin zerikusia duen oro delitutzat hartzen dela, hala nola galdeketaren egunerako behatzaileak gonbidatzea, edo Kataluniatik kanpo abaguneari buruzko hitzaldiak ematea, nahiz eta oroitarazi nahi izan zuen Auzitegi Konstituzionalak baliotu zituela Generalitatearen «nazioarteko ordezkaritzak».

Laburpen gisa, Van den Eyndek adierazi zuen estatu kolpeaz hitz egiteak «oso argi» erakusten duela zer gertatu den Gorenean azken hilabeteetan; akusazioek ezin izan dutela ustezko biolentzia frogatu, alegia.

Operatiboaren «porrota»

Forn Barne kontseilari espetxeratuaren abokatuak, Melerok, hartu zuen hitza, ondoren —saioa hasi baino lehenago herri akusazioko, Vox alderdi ultrako, Pedro Fernandezekin ari zen modu adiskidetsuan hizketan—. Fiskaltzaren tesien arabera, Mossos d'Esquadra zen Generalitatearen «adar armatua». Melerok hori gezurtatu zuen: « Kontu operatiboez haratago, ez zegoen inongo akordiorik mossoen eta Generalitatearen artean».

Erreferendumaren egunera joz, Melerorentzat gorputz polizial bakar batek ere ez zuen bete galdeketa eragozteko Kataluniako Auzitegi Nagusiak emandako agindua. «Ikuspuntu polizialetik, agindu judizialak porrot egin zuen». Iruditzen zaio Diego Perez de los Cobosek, U-1eko operatiboa koordinatu behar zuen guardia zibilak, gezurra esan zuela epaiketan lekuko gisa deklaratu zuenean. Adierazi zuen mossoek Espainiako polizien lana oztopatu nahi izan zutela. «Gezurra zen guardia zibilak eta Espainiako poliziak mossoekin koordinatu nahi zirenik», azaldu zuen Barne Kontseilari zenaren legelariak. Bide batez, U-27ko aldarrikapenari balioa kendu zion —«gobernuak ez zuen inongo independentzia aldarrikapenik egin»—, eta akusazioei eskatu zien biolentzia ez banalizatzeko.

Pinari dagokionez, Jordi Sanchez izan zuen hizpide: «Nire sentipena da fiskaltzak lider sozialak zentzatu nahi izan dituela bereziki». ANC Biltzar Nazional Katalanaren presidentea zen Sanchez 2017an. Legelariaren ustez, frogarik gabeko matxinada delituaren marrazkia osatu nahi izan zuen fiskaltzak. Eta areago joan zen: «Kontua ez da esan duen guztia ezin izan duela frogatu, baizik eta kontrakoa egiaztatu ahal izan dela».

[youtube]https://youtu.be/qPWF8cdv15g[/youtube]

[youtube]https://youtu.be/S9pRm2bWwPk[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.