Koronabirusa. Indarkeria matxista itxialdian zehar

Etxea abaro ez denean

Etxean tratu txarrak jasaten dituzten andreak erasotzaileekin itxita geratu izanak kezka eragin du eragileetan eta instituzioetan. Arrisku egoerak areagotu daitezkeela eta, bizilagunak adi egotera deitu dituzte eragileek

Balkoietan bandera edo oihal moreak jartzera deitu dute, andreek jakin dezaten nori eskatu laguntza. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun

«'Etxean geratuko naiz' esaten dugunean, uste dugu denok egongo garela ondo etxean, espazio seguruak direlakoan; arazoa da emakume askorentzat etxea gune arriskutsua dela». Ianire Estebanez psikologoaren hitzek laburtu dute konfinamendu egoeran agertu diren egonezinetako bat: indarkeria matxista jasaten duten andre asko tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin itxita daude, eta zaildu egin zaizkie laguntza eskatzeko moduak eta abaguneak. Ez da alferrikako kezka: Soraluzen (Gipuzkoa), 74 urteko emakume bat hil zuen semeak itxialdiaren lehen astean. «Badakigu emakumeen aurkako indarkeria areagotu egiten dela bizikidetza egonkortzean edo handitzean; adibidez, opor garaietan», ohartarazi du Maitena Monroy autodefentsa feministako irakasleak; «baina lortu behar da beldurra ez bihurtzea izu».

Ez da erraza izango itxialdia kudeatzea, Monroyren hitzetan: «Tratu txarrik ez dagoen kasuetan ere, bizikidetza gogorra izango da: tentsioak agertuko dira, askotariko emozioak azaleratuko direlako. Baina horrek ez du esan nahi tentsioa indarkeria bihurtuko denik: gatazka adierazteko edo konpontzeko ez da zertan bortizkeria erabili». Hala ere, indarkeria psikologikoarekin adi egon behar dela nabarmendu du: «Emakume batzuk konturatuko dira beren bikotekideek txikiagotu egiten dituztela pertsona gisa. Hainbat seinale daude, ia normalizatuta dauzkagunak: bikotekideak beldurra eragitea, andrea bihurtzea bere emozioen eta arazoen erantzule, emakumeari bere buruarekiko konfiantza kentzea... Oso inportantea da lehen adierazle horiek identifikatzea, oharkabean pasatzen baitira bizikidetza egonkorrik ez dagoenean».

Bat dator Amaia Niso abokatua. Goizargi elkartean egiten du lan, bortizkeriatik bizirik irtendako andreekin. «Lehen zaplaztekoaren aurretik, tratu txar psikologiko asko dago, emakumeak guztiz birrinduta egon daitezen eta normaltzat har ditzaten kolpe fisikoak. Oraingo tentsio egoeran, zenbatek egingo dute jauzi indarkeria psikologikotik fisikora?».

Bortizkeriaren bilakaera

Estebanezen ustez, indarkeriaren bilakaerak bi norabide har ditzake. Batetik, bortxa fisikoa murriztea: «Gerta daiteke erasotzaileek kontuz jokatzea, jakinik bizilagun guztiak etxean daudela eta erasoak entzun ditzaketela; horrek eragin dezake bortizkeria psikologikoa gogortzea, baina, aldi berean, lehenago tratu txarra argi ikusten ez zuten andreak ohartzea, haien tolerantzia maila murriztea». Bestetik, bortxa fisikora jauzi egitea edo areagotzea: «Erasotzailearen lasaigarri sozialak ere desagertu dira: atsekabeak eta frustrazioak harekin bizi direnek jasoko dituzte». Monroyk erantsi du jauzi hori ez dela bat-batekoa: «Matxismoa oso barneratua dute andreekiko harremanetan, eta konfinamenduak indartu egingo ditu jarrera horiek».

Konplexuak dira berez halako bortxa egoerak, baina are konplexuago bihurtu ditu itxialdiak. Gizarte zerbitzuak telematikoki martxan dauden arren, andre guztientzat ez da erraza tresna batzuk erabiltzea. Estebanezek berak nabaritu du bere jardunean: «Sarri ezin ditugu kontsultak online egin, emakume askok ez daukatelako espazio seguru bat etxean komunikazio hori bideratu ahal izateko». Nisoren abokatu lana ere zaildu egin da: «Emakumeentzat oso zaila da Poliziara edo erakunde batera joatea eta onartzea indarkeria pairatzen dutela; denbora asko igaro daiteke niri bulegoan esaten didatenetik pauso hori ematen duten arte, baina, bitartean, aurretiazko lan bat egiten dugu: aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa ematen diegu, epaiketan gauzak ondo atera daitezen eta prozesura indartsu hel daitezen. Orain oso zaila da lan hori egitea». Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideetan aurrez atzemandako gabeziak areagotu egin ditu osasun larrialdiak: «Gasteizen lan asko egiten dugu Udaltzaingoarekin, biktimen arretarako zerbitzuak oso ondo funtzionatzen baitu, baina krisi honetan baliabideak gutxitu dizkiote, polizia asko kalera bideratu dituztelako. Gainera, arreta zerbitzu askok bulego ordutegiak dituzte».

Autodefentsa, giltzarri

Hutsune horien aurrean, autodefentsa feministaren garrantzia azpimarratu du Monroyk: «Emakumeei estrategiak ematean datza». Beren burua arriskuan ikusten duten andreen aukerez, gordin mintzatu da: «Emakume batek identifikatzen badu beldur dela eta ezin duela gizonaren indarkeria kontrolatu, aurrez pentsatu behar du: zein den egon daitekeen egoera okerrena eta, hori gertatuz gero, zer egin dezakeen; nola erabili sakelakoa, zer bizilagunen etxetara joan, edo noiz oihukatu 'sua', aprobetxatuta bizilagun guztiak etxean daudela... Oso garrantzitsua da erasotzaileari aurrez ez adieraztea bere asmoen berri, eta gizonari aurre ez egitea, ez bada etxetik ateratzeko; izan ere, aurre egin eta gero etxean geratzen badira, arriskutsuagoa izan daiteke haientzat».

Inguruak ere badu zer egin, Monroyren arabera: «Tratu txarrak ematen dituztenek andreei esan ohi diete bakarrik daudela, eta oraintxe bakardade sentsazio hori handiagoa izan daiteke. Ingurukoek, senideek, lagunek demostratu behar dute hor daudela: emakumearekin harremanetan jarri, deituz edo mezu bat bidaliz. Sentiarazi behar diegu alboan gaudela edozertarako: ez da epaitzeko une bat, baizik eta babestekoa». Inguru hori ez da mugatzen ezagunetara; auzokideek har dezaketen rola nabarmendu du Estebanezek: «Bizilagunekin ere seinaleak ezar daitezke: kartelak leihoetan, oihal moreak balkoietan... Andreek jakin dezaten nori eska diezaioketen laguntza. Halako egoeretan, erantzuna ez da soilik instituzioetatik helduko, kolektiboa ere izan behar da. Ez zaude bakarrik leloa egia bihur dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.