Albistea entzun

Memoria Demokratikoaren Lege proiektua

Lurra orbain den lekuan

Espainiako Kongresuak ostegunean bozkatuko du Memoria Demokratikorako Legea. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostutako zuzenketei esker, memoria gune bihurtuko dituzte Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre. Urrats nabarmena dela onartuta ere, zehaztasun gehiago galdegin dituzte adituek.
Lasa eta Zabalaren hilketa salatzeko protesta, La Cumbren.
Lasa eta Zabalaren hilketa salatzeko protesta, La Cumbren. ANDER GILLENEA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko uztailak 12

Badira espazio geografiko hutsak baino gehiago diren lekuak; lur azpian edo pareten artean herra eta sufrimendua gordetzen dutenak; hamarkadaz hamarkada isiltasunaren diktadurak ilunpean mantendu dituenak. Orbaindu gabeko zauriak, edo behar bezala sendatu gabe orbaindu direnak.

Euskal Herrian ere asko dira mota horretako guneak. Batzuk identifikatuak daude, eta hango biktimek aitortza jaso dute, era ofizialean edo erakunde memorialistek eginiko lanari esker. Beste askok ez, ordea. Ezkaba mendiko Alfontso XII.aren gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia dira horietako bi. Aurrerantzean, baina, «memoria gune» izaera emanen diete, Espainiako Kongresuak ostegunean bozkatuko duen Memoria Demokratikoaren Lege proiektuaren barruan. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostutako zuzenketetako bat da bi gune horien aitortzarena. Horren arabera, Espainiako Gobernuak hitzarmenak sinatu beharko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta Donostiako Udalarekin urtebeteko epean, oroimen esparru gisa egokitu ahal izateko.

Memoria historikoan aditu direnek txalotu egin dute akordioa, Ezkaba eta La Cumbre, aspaldiko aldarrikapen izateaz gain, «pisu handiko sinboloak» direlako Nafarroan eta Gipuzkoan. Hala ere, uste dute legeak «gabezia handiak» dituela, eta «zehaztasun gehiago» galdegin dute, eraikinen jabetza eskuz aldatuko dela bermatze aldera.

«Urrats bat da, baina lege honekin ez da memoria demokratikoa bermatuko. Ez da behin betiko konponbide bat, inondik inora, elementu positiboak dituen arren», azaldu du Iñaki Egaña historialariak. Ikur eta sinboloen alorrean, hala ere, uste du Ezkaba eta La Cumbre Hego Euskal Herriko erakundeen esku uztea «urrats historikoa» izanen dela.

Elefantea gela barruan

1938ko maiatzean Ezkabako gotorlekuan gertatutakoak oihartzun handia izan zuen mundu osoan, baita New York Times egunkarian ere. Ez da gutxiagorako, Europako ihesaldi handiena izan baitzen: 795 presok ihes egin zuten espetxe frankista bihurtutako gotorlekutik. Horietatik 206 toki berean hil zituzten. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea.

«Auschwitz, Dachau, Katyn... Euskal Herrian, neurri apalagoan bada ere, izan ditugu halako esparruak ere, eta horietako bat izan zen Ezkabako gotorlekua», esan du Egañak. Izan ere, 1938ko ihesaldian tiroz hil eta gerora fusilatu zituztenez gain, ehunka preso hil ziren espetxe horretan, hotzak eta gaixotasunek jota.

Espainia frankistan, ordea, 40 urtez isilarazitako auzia izan zen Ezkabakoa eta, gerora ere, elkarte memorialisten eta Aranzadi zientzia elkartearen ikerketei esker azaleratu da egia, txatalka. «Ezkaba da elefante bat gelaren erdian», azaldu du Fermin Ezkieta idazle, ikerlari eta 1936ko gerran adituak: «Nola da posible halako zerbait gure etxe ondoan gertatu izana eta, urte luzez, iruindar gehienok ezertxo ere ez jakitea?». Ikerlariak uste du erantzuna «isiltasunaren mekanismoetan» dagoela: «Beldurraren agintea inposatu zuten frankistek, eta gizarte osoa isilarazi zuten: batzuk lurpean zeudelako, eta bizirik gelditu zirenek nahiago izan zutelako ahoa itxita eduki. Horregatik, besteak beste, Ezkabatik ihes eginiko presoen gorpuzkiak azaleratzeko lanak 2015ean hasi ziren, ez lehenago».

Aranzadiko kidea da Egaña, eta gogoan ditu lan horietako batzuetan izandako trabak: «Ezkabako ziegetan, presoek eginiko grafiti ugari topatu genituen, eta baimena eskatu genuen horiek ikertzeko. Hasieran ukatu egin ziguten, eta sartzeko baimena lortu genuenerako, ezabatuak ziren denak». Ikerlariak uste du militarrek borratu zituztela: «Historiaren ikuspuntutik, arrastorik ez badago, ez da inoiz gertatu; hori lortu nahi zuten, grafitiak ezabatuta».

Urteetan, bisita gidatuak antolatu ditu Espainiako armadak Alfontso XII.a gotorlekuan, baina oroimen historikoarekin eta 1938ko ihesarekin lotutako informazioa aipatu gabe. Ezkietak ezinbestekotzat jo du halako kontakizun partzialak baztertzea: «Ez du zentzurik halako gune bat militarren esku egoteak. Hori da lehen urratsa: eraikina aginte zibilaren esku uztea; Nafarroako Gobernuaren esku, alegia». Ezkaba «memoriaren interpretazio zentro bat» sortzeko leku aproposa dela uste du adituak: «Ez da beharrezkoa proiektu faraoniko bat planteatzea: gotorlekuaren aurrealdean dagoen eraikin-gorputza zaharberritu liteke, eta bisitarientzako interpretazio gune bat paratu, tokiaren esanahia eta memoria historikoarekin lotutakoak azaltzeko». Horrez gain, ziegetan bisita gidatuak egiteko aukera ere aipatu du Ezkietak, «era seguruan, ongi zehaztutako ibilbide baten bidez».

Horretarako, baina, ezinbestekoa izanen da Espainiako Defentsa Ministerioak eraikinaren jabetza Nafarroako Gobernuaren esku uztea, eta adituak ez datoz bat puntu horretan. «Izendapenak ez du gure esku utziko gotorlekuaren jabetza. Horretan ez da izango aldaketarik: jabetza Madrilena izango da», azaldu du Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak Nafarroako Hitza-n. «Aintzat hartuko dituzte elkarteen iritziak? Nork kudeatuko du zer? Nolakoa izango da gunea? Galdera asko dira erantzun gabe».

La Cumbre, «zulo beltza»

Donostiako La Cumbre jauregiaren kasua bestelakoa da: EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioan zurian beltz jasota dago jabetza Donostiako Udalaren esku geldituko dela urtebeteko epean. Hiriburuan «itzal iluna» duen eraikina dela azaldu du Egañak: «1983an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan atxilotu ostean, La Cumbrera eraman eta han torturatu zituzten». Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen. Juan Carlos Borboikoari ere harrera egin izan zioten behin baino gehiagotan. «Ez da edozein eraikin, arrasto luzea utzi duen jauregia baizik», esan du historialariak.

Lasa eta Zabalaren kasuaz harago, gainera, La Cumbren gertatutako tortura kasu gehiagoren berri izan dituztela azaldu du Egañak. «Badira zenbait testigantza, eta horien arabera, atxilotu gehiago ere izan zituzten jauregian. Horrek frogatuko luke, Argentinan edo Txilen bezalaxe, atxilotze eremu sekretuak izan ditugula Euskal Herrian ere, Black sites deritzon horiek, eta estatuaren krimenak ez direla Francoren diktadurara mugatzen, demokrazia garaian gertatutako tortura kasuak baitira». Horiek guztiak azaleratu ahal izateko, Ezkabarekin eta La Cumbrerekin hasitako bidea urratzen segitzeko eskatu du Egañak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Biktimaren senarraren autoa, istripua izan eta gero, La Vila Joiosan (Herrialde Katalanak). ©Alacanteko suhiltzaileak

Emakume zarauztar baten hilketa matxista ikertzen ari dira Benidormen

Berria

68 urte zituen biktimak. Benidormen zuen etxean topatu du Poliziak, harengana joan denean esatera senarra auto istripu batean hil zaiola. Gorpuak indarkeria zantzuak zituen, eta senarra da susmagarri nagusia.

Adingabeen Sansoheta zentroa. ©Juanan Ruiz / EFE

Hamahiru urte arteko zigorrak onartu dituzte adingabeei sexu abusuak egiteaz akusaturikoek

Edurne Begiristain

Hasi da Sansoheta zentroan Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko ustezko kideen aurkako epaiketa. Hiru dira Fiskaltzarekin akordioa egin duten akusatuak; hamar dira denera.

Frantziako Polizia Angelun (Lapurdi), artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Donibane Lohizunen 24 urteko gazte bat hil da auto istripuz

Berria

23 eta 25 urteko beste bi lagun egoera larrian ospitaleratu behar izan dituzte. 

Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urtean euskaldunduta nahi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa

Julen Aperribai

Bederatzi ekarpen egin dizkiote administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretuari. Derrigortasun indizearen sistema «gainditzea», euskarazko zirkuituak sortzea eta langileen «egonkortasuna» bermatzea daude horien artean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...