Rodrigo Londoño 'Timochenko'. FARC-EPko buruzagia

«Esandakoa ez betetzeak gobernuaren sinesgarritasuna ahultzen du»

Armak entregatu ostean, borrokan segitzeko konpromisoa berretsi du Timochenkok, bide baketsuak erabiliz; herri justuagoa egiteak luze joko duela onartu arren, prest daudela dio.

ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
Habana
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Herenegun hitz egin zuen BERRIAk Rodrigo Londoño Timochenko-rekin, desarmatzearen azken txanpa hasi bezperan. Egun itxaropentsuak bizi dituztela aitortu du, baina ez direla geldirik egongo, gobernuak hitzartutakoa bete arte. Euren partea bete dutela nabarmendu du; gobernua, aldiz, espero baino mantsoago doala.

Zer balorazio egiten duzue joan den larunbatean Bogotan gertatutako atentatuaz?

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen Idazkaritza Nazionalak horren harira kaleratutako oharrarekin erantzungo diot galderari. Hala dio: «FARC-EPk sakonki deitoratzen du, eta arbuiatzen, Bogotako Andino merkataritza gunean gertatutako erasoa, zeinak pertsona errugabeak hil eta zauritu zituen. Gertaera hori irmoki gaitzesten dugu, eta Kolonbiako Estatuari exijitzen diogu sakonki iker dezala, laster justizia egin diezaion gure herria doluz janzten duen tragedia mingarriari. Gure adorea adierazi nahi diegu biktimen familiako kideei eta herrialde guztiari, bakearen eraikuntzan amore eman ez dezaten. Aurrez pentsatutako ekintza honen eragin praktikoak on egin diezaioke, soilik, gehiegi sufritu eta gure historiako pasarte triste hauek errepikatu nahi ez dituen herriaren adiskidetzea eta bakea oztopatzeko interesa daukatenei. Kolonbiari eta munduari esaten diogu FARCek jarraituko duela bakean dagoen herrialde bat eraikitzen. Bakearen etsaiei esaten diegu ez dugula amore emango, harik eta Kolonbian elkarrekin bizi ahal gaitezen, bakean, justizia sozialarekin, adiskidetutako herri bat edukitzeko esperantza daukagunok. Gora bakea eta kolonbiarren arteko adiskidetzea».

FARC-EPri armak entregatzeko jarritako epea baino egun batzuk lehenago gertatu da erasoa. Nola baloratzen duzue, egun arte, akordioen gauzatzea?

Bi aldeak aintzat hartuta egin behar da balorazioa: batetik, ikusi behar da guk betetzen ditugun hitzartutakoak, eta, bestetik, gobernuak betetzen dituen. Aurrenekoari dagokionez, ziurta dezakegu FARC-EPko kideok erabat serioak izan garela. Zorrotz bete dugu gure konpromisoetako bakoitza. Gure konpromisoei ohore egiteko sinatu genuen, eta beste aldearen partetik jokabide bera espero dugu.

Horri dagokionez, badaude alde batzuk. Kolonbiak eta nazioarteak berretsi ditzakete gobernuaren atzerapenak adostutako zenbait alderditan; adibide gisa balio dezake trantsizio eremuetako azpiegiturak. Aipa genezake amnistiaren aplikazioa: legea egin eta sei hilabetera, gure presoen herenak soilik daude aske —kopurua oso goitik jota—. Segurtasun juridikoari eta fisikoari buruzko bermeak, eta gizarteratzeari dagozkionak ere, hobetzeko modukoak dira. Estatuaren aldetik prestasun eta erantzukizun handiagoa espero dugu. Esandakoa ez betetzeak gobernuaren sinesgarritasuna ahultzen duela uste dugu, eta horregatik dei egin nahi diogu herri kolonbiarrari eta nazioarteari presioa egin diezaioten gobernuari, hitzartutakoa bete dezan.

Egoerak, aurrerago, hobera egingo duela uste dugu, badugu konfiantzarik, baina ez gara zain egongo besoak gurutzatuta. Gure eskubideak exijituko ditugu, akordioak Auzitegi Konstituzionalak ezartzen dituen terminoetan berretsi dituelako Kongresuak. Ahalegin horretan jende asko alboan dugula sentitzen dugu.

Egun horretan kontzentrazio eremuetako batean egongo zara. Zer sentitzen da halako egun esanguratsu batean?

FARCek lortu du gatazka amaitzeko akordio garrantzitsu bat, eta horrek esan nahi du ateak irekitzen dizkiola era guztietako bermez inguratutako parte hartze politiko zabalari; eta ez soilik guri, baizik eta konforme egon ez eta jazarrita dauden kolonbiar guztiei. Akordioak, gainera, neurri baliagarri batzuk dauzka barneratuta landa eremuetako esparru zapalduak lehengoratzeko eta nekazariei bizimodu hobea bermatzeko. Era berean, historikoki ukatu zaizkien eskubidez babesten ditu biktimak: egia, justizia, erreparazioa, eta ez errepikapena jasotzen dituen sistema integral baten bidez. FARCek armak utziko ditu, eta legezko erakunde politiko bat bihurtuko gara, eskubide politikoen alorrean nozitu dugun diskriminazioa orekatuko duen berme jakin batzuez.

Hau ez da sei urteko elkarrizketen ondorioa, baizik eta jende askoren desesperazioa, sufrimendua, kartzelatzea eta heriotza eragin dituen mende erdi baino gehiagoko borrokena baizik. Bukaerako Akordioak biltzen du herrialde demokratiko batean bizitzeko helburuen eta bizitza nazionaleko eremu guztietan eraldaketa sakonagoak lantzeko oinarria. Hori dena guztiz baloratzen dugu. Oraindik ere definitzeke dago nolakoa izango den, aurreikusitako egunean, armen entregatzearen azken ekintza. Beharbada ekintza handi bat izango da, eta pentsatzen dugu dagokigun protagonismoa edukiko dugula. Horregatik ezin diezazuket esan zein eremutan egongo naizen egun horretan. Egia esan, den lekuan dela, munduari berriro erakutsiko diogu gure erantzukizuna eta seriotasuna.

Zein lan dagozkio orain zure erakundeari?

Borrokan jarraitzea bide baketsuak eta legezkoak erabiliz, armarik gabe: adostutakoa guztiz ezar dadin; gure herriaren, gure demokraziaren, nazio gisa gure independentziaren eta gure garapen ekonomiko bidezkoaren onerako diren eraldaketa sakonen alde. Zeregin luzea da, zaila, baina prest gaude baikortasunez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.