Siriako gerra. Idlibeko desplazatuak

Gizatasunari eusteko borroka

Siriako gatazkak okerrera egin zuenetik, milaka lagunek ihes egin dute Idlibetik. Iheslariek salatu dute Turkiak lagundutako mertzenarioek ez dietela eskualdetik irteten uzten, baldin eta Ankararen kontrolpeko eremuren batera joateko ez bada, eta eremu horiek oso egoera txarrean daude.

Idlibetik ihes egindakoetako askok kurduen kontrolpeko eremuetara jo dute babes bila. K24.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Azken asteetan agerian geratu da atzerriko potentzien arteko interes gatazka dagoela Siriako gerraren oinarrian, eta han dauden militarrek garesti ordaintzen dituztela potentzia horien erabakiak. Aldi berean, Damaskoko erregimenak, zeina bere aliatuen txotxongilo bilakatu den, atzera bota ditu barne gatazka konpontzeko orain arteko irtenbideak, kurduek proposatutako konfederalismo demokratikotik hasita.

Dena den, politikako denborak ez datoz bat pertsonen denborekin, eta are gutxiago larrialdietan. Manbijeko Kontseilu Militarreko komandanteak etsipenik gabe hitz egin du, adabaki bat behar duen errealitate batez ariko balitz bezala. Siria Ekialdeko eta Iparraldeko Federazioko Administrazio Autonomoa ez da besoak gurutzatuta geratu Idliben etxetik alde egin behar izan duten ehunka mila lagunen tragediaren inguruan; Siria iparraldeko eta ekialdeko kurduek handik hartu dituzte oinarriak, hain zuzen, 2012tik eraso eta zailtasun guztiak gaindituz bultzatzen ari diren gobernatzeko filosofia berrirako: politika izan behar lukeena bilakatu nahi dute, hau da, herritarren zerbitzura dagoen tresna bat.

Qamisloko (Kurdistan) Administrazio Autonomoko kide Mohammad Hassanek dio Idlibeko herritarrenganako betebehar humanitarioak beteko dituztela: «Herritarrei jakinarazten ari gatzaizkie gure baliabideeen araberako laguntza eskainiko diegula, nahiz eta gure eskualdean dagoen desplazatu kopuruak zailtasunak sortu». Hassanen arabera, haien lanak oztopo handiak gainditu behar ditu: besteak beste, Turkiak okupatutako eremuetatik ihes eginiko ehunka desplazatuengana heldu beharra; NBEren aginduz Irak eta Siria arteko Til Kocherko pasabidea (Al-Yaarubiyah) itxi izana; eta NBEk Damaskoren bitartekaritzarekin bidalitako laguntza eskasa. «Hala ere, kanpadenda jartzeko lanak kudeatzen ari gara», gaineratu du Hassanek.

Administrazio Autonomoak eskatu die Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko beste instituzio batzuei eurekin harremanetan jarri eta koordinatzeko. «Egin ditzatela proposamenak egoera zail honi nola aurre egin eta nola gainditu erabakitzeko. Adibidez, garrantzitsua litzateke berrikustea Til Kocherko pasabidea ixteko erabakia, eta giza laguntzari igarotzen uztea».

Etsaiari laguntzen

Mila familia baino gehiago iritsi dira Administrazio Autonomoaren kontrolpeko eremuetara, eta kopurua handitu egin da azken egunetan, otsailaren 27ko erasoaldiaren ondorioz: 33 soldadu turkiar hil zituzten Siria eta Errusiako indarrek Idliben.

Desplazatu gehienak emakumeak eta haurrak dira, baina gizon gazteak eta adinekoak ere badaude tartean. Guztiak dira arabiarrak, eta, Administrazio Autonomoko errefuxiatuentzako batzordearekin lan egiten dutenek inoiz esaten ez duten arren, haien artean egon daitezke Turkiari Afrin okupatzen lagundu diotenetako batzuk.

Muradek lan egiten du errefuxiatuei laguntzeko batzordearekin, eta hala dio: «Nik batzuetan pentsatzen dut lagundu eta sendatu berri dudan gizon hori bera dela, agian, nire aita torturatu eta nire bi lehengusuak hil zituena. Afringo gure etxea uztera behartu gintuena. Baina berehala adingabeei begiratzen diet, eta esaten diot neure buruari ez dugula inoiz gizatasuna ahaztu behar. Azken finean, agian horrek bereizten gaitu haiengandik».

Gauza bera berretsi du Salilh Muslimek, Tev-Demeko buruak (Gizarte Demokratiko Baterako Mugimendua). «Siriako krisia hasi zenetik, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan desplazatuak baliatzen aritu da Europari xantaia egiteko. Jihadistei eta mertzenarioei laguntza bidaltzen jarraitzeko estalki gisara ere erabili ditu. Desberdintasun bakarra da orain ez duela zertan ezkutuka ibili. Guk ere jasaten dugu gure herriek jasaten dutena, eta beti gaude prest ogia haiekin partekatzeko».

Idliben harrapatuta

Muraden laguntzarekin hitz egin ahal izan du kazetariak desplazatuetako batzuekin. Malikek dio bera eta bost kideko bere familiak Al-Rami herrixkatik ihes egin zutela. «Gure herriak gerra eremu bilakatu dira. Potentzia handien arteko interes gatazkak eragin du gerra hau, baina ordaindu guk ordaintzen dugu. Turkiak mugak itxi ditu, eta orain jende asko ezkutuan igarotzen ahalegintzen ari da, mertzenario jihadistei, Turkiak berak Idliben babesten dituen horiei, 250.000 lira ordainduz kontrol postuak tirokatuak izan gabe igaro ahal izateko. Turkiarrek tirokatu egiten dute mugan mugitzen ikusten duen edonor».

Malikek bezala, Ehmedek ere etxetik ihes egin behar izan du dena bertan utzita. «Turkiak babestutako mertzenarioek Azazen geldiarazi gintuzten hiru egunez [Turkiak okupatutako eremuetako bat]. Ez ziguten pasatzen utzi nahi dirurik ez genuelako ordaintzeko. Ihes egitea lortu dugu, eta Manbij inguruan babestu gara, Siriako Indar Demokratikoen kontrolpean dagoen eremuan». Bi gizonezkoek diote mertzenarioek ez dutela nahi jendeak Idlibetik ihes egitea, eta ateratzen uzten badiete, Turkiaren kontrolpeko eremuetara joateko baldintzarekin uzte dietela, alegia, Azazera, Afrinera eta Al-Babera joateko.

Muraden telefonoa eskuz esku igarotzen ari da. Denek kontatu nahi dituzte euren esperientziak: sufritzen ari diren eta zer sufrituduten. Gaztea da Hamide, baina asko ikusi du dagoeneko: «Denek eraso digute: Turkiak, haren mertzenarioek, eta Damaskoko erregimenak. Bi haur txiki ditut, eta ezin nuen nire herri Al-Ramin bizitzen jarraitu, su-etena adostu arren ez dutelako inoiz bete». Sochiko akordioaz ari da Hamide, 2018ko irailean Errusiak, Turkiak eta Damaskok sinatutakoaz.

Fatmak bizilaguna zuen Hamide, Al-Rami herrian, eta orain kanpadenda bat partekatzen dute Al-Rasm al-Akhdhar kanpalekuan, Manbijen. «Turkiak traturako tresna gisa erabiltzen gaitu, ez pertsona gisa. Ustez errefuxiatuentzako laguntzak jasotzen ditu, baina Turkiaren kanpalekuetan bizi direnak baldintza ankerretan daude», salatu du.

Fatmaren esanetan, berak, bere hiru seme-alabek eta bi lehengusuek etxetik ihes egin zutenean hiru gau egin behar izan zituzten aire zabalean lo eginez. «Haurrak gose ziren, eta hotzez hilko zirela uste nuen. Soinean zuten arropa eta bi manta soilik hartu ahal izan genituen. Beldur handiena ematen zidatenak, hala ere, Turkiako soldaduak ziren, mugitzen den edonor tirokatzen dutelako».

«Orain aterpea eta janaria ditugu, eta Administrazio Autonomoak ahal duen guztian laguntzen gaitu. Nire bi ahizpak Turkiako errefuxiatu gune batean daude, ustez. Baina orain beldur naiz ez ote dituzten indarrez lekualdatu, Erdoganen gobernuaren aginduz. Kudeatzaileek esan digute Greziako Poliziak tirokatu egin dituela Erdoganek Europako mugan utzitako milaka errefuxiatuak».

«Ahizpa ere Turkian dago, baina ezin izan dut hitz egin harekin», gaineratu du Hamidek. «Hemen dauden beste senide batzuek esan didate Turkiako herritarrak Siriako errefuxiatuei erasotzen ari zaizkiela».

SDFren laguntza

Abendutik 300.000 lagunek baino gehiagok ihes egin dute Idlibetik iparraldera babes bila; batez ere Arihara eta Saraqebera joan dira, edo gainezka eginda dauden Turkiako mugako kanpalekuetara. Egoerak okerrera egin du neguko tenperatura hotzen ondorioz, gehienek ezin izan dutelako etxetik ezer eraman. Manbijeko Administrazio Autonomoak aterpea eman die SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizio kurduaren laguntzarekin iritsitako 300 familiari baino gehiagori.

Abenduaren amaieran SDFko buruzagiak, Mazlum Kobanik, iragarri zuen Administrazio Autonomoak kudeatutako eremuetako ateak zabalik zeudela Idlibeko iheslarientzat. Hala berretsi du Haythamek: «SDFko kideengatik izan ez balitz, hilda egongo ginateke. Eurek erreskatatu gintuzten, janaria eman ziguten eta onik ekarri gintuzten honaino».

Kobani komandantearen adierazpenen ostean, milaka pertsonak ihes egin zuten Raqqara, gehiengo arabiarra duen eremura. Han zabaldu dute lehen kanpalekua, Abu Qibe, 1.500 desplazaturentzako tokia duena.

Otsailaren 12an Kurdistango Ilargi Erdi Gorriak bidalitako 300 kanpadenda jaso berri dituzte. Ordura arte, 250 familia kokatu zituzten Al-Rasm al-Akhdhar kanpalekuan, eta 116 Al-Kawakli, Al-Arima eta Al-Haymiri herrietan. Egun, Administrazio Autonomoak kudeatzen ditu 300.000 desplazatuak eta atzemandako milaka jihadistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.