Nahia Alkorta. Biktima

«Nire gorputzaren kontrola erabat galdua nuela sentitu nuen»

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Indarkeria obstetrikoaren biktima da Nahia Alkorta. Hiru haur ditu, eta seme zaharrenaren erditzean jasandakoaren ondorioz trauma osteko estres larria diagnostikatu zioten. Ez du oroitzapenik umearen lehen hiru hilez. 2012an erditu zen aurrenekoz. Esperientzia kontatu du: «Poltsa hautsi nuen, eta oheak beteta zeuden. Esan ziguten 24 ordu nituela erditzea aktibo jartzeko. Handik hamabi ordura, baina, esan zidaten erditzea eragin behar zela, beste aukerarik eman gabe». Erditze gelan, Hamiltonen maniobra egin zioten, «baimenik eskatu gabe». Indukzioa hasieratik «kimikoa» izan zen.

Ondoren, hiru ginekologok jakinarazi zioten zesarea bat egingo ziotela, nahiz eta emaginak ziurtatua zion dena ondo zihoala. «Esan zidan medikuek jada erabakia zutela». Ebakuntza gelako egoera ez zen arinagoa izan. «Beso zabalik jarri ninduten, jendea sartu eta atera ari zela. Haien artean hitz egiten ari ziren; jende pila bat zegoen. Gero konturatu nintzen zergatik: irakasten ari ziren».

Aitortu du «dardarka» zegoela. «Nire gorputzaren kontrola erabat galdua nuela sentitu nuen; txerri bat hiltegiko mahaian balego bezalaxe. Han ez nintzen inor». Haurra jaio zen unea ere ez zuten errespetatu: ez zioten umea berehala eman. Gero, esnatze gelan ere ordu luzez egon zen.

Jazotakoa salatzea erabaki zuen Alkortak. Egun, NBEn dago auzia, epaiaren zain. Epaiketa prozesua ere «oso gogorra» dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.