Koronabirusa

Haur eskolak. Neurri ugari ume gutxirentzat

Atzo ireki zituzten Hego Euskal Herriko hainbat haur eskola, tartean Haurreskolak Partzuergokoak. Neurri zorrotzak bete behar dituzte, baina elkarren arteko harremanetan eraginik ez izatea nahi dute

Ume batzuk haur eskolan, atzo, Donostian. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Tenperatura hartu, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu, oinetakoak erantzi... Ez dira gutxi haur eskolara sartu aurretik umeek, gurasoek eta hezitzaileek eman behar dituzten pausoak. Barruan ere, ezohiko irudia: haur gutxi, gurasoak eta hezitzaileak maskarekin, eta jostailu gutxiago.

Zaharrenak izan ziren ikastetxeetara itzultzen lehenengoak; txikienen txanda izan zen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo ireki zituzten partzuergoko haur eskolak, eta Nafarroan ere zabalik dira haur eskola publikoak, Hezkuntza Departamentuak finantzatutakoak, baimendutako ikastetxe pribatuetakoak eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren mendeko 0-3 urteko ikastetxeak. Ipar Euskal Herrian ere zabalik daude haur eskolak.

Itzulera, ordea, ez da orain arteko baldintzetan egin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, edukieraren %60an lan egingo dute, hezitzaileek eta familiek astean bitan paper bat bete beharko dute esanez beraien ustez ez dutela COVID-19a eta lantokira joan behar dutenen umeak hartuko dituzte. Nafarroan, gehienez zortzi ume egongo dira urtebeteko geletan, hamabi 1-2 urtekoetan eta hamasei 2-3 urtekoetan.

Donostiako Ategorritxo haur eskolan, 09:00etan prest zeudenhaurrak hartzen hasteko. Guztira55 ume dituzte, baina atzo zortzi inguru ziren joatekoak. Banaka-banaka zihoazen umeak, gurasoei eskutik helduta. Irati izan zen iristen lehenengoa, Oihane Beldarrain ondoan zuela. Lan arrazoiak medio, umea haur eskolara eramatea erabaki dute: «Nire senarra goizez doa eta ni arratsaldez, baina eskatu digute, ahal dugun heinean, normalitatera bueltatzen hasteko». Beldarrainek aitortu zuen «beldur pixka batekin» dagoela, baina dena prest zegoela iruditu zitzaion.

Atarian hezitzaile bat zuten zain, tenperatura hartzeko eta gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzeko. Gelara sartu aurretik, kanpoan utzi behar dituzte termoak, gurasoek oinetakoetan babesgarriak jarri eta zuzenean gelara ematen duen atetik sartu.«Egun on, Irati. Maite naiz, e?», esanez agurtu zuen hezitzaile batek. Maskarak izanda ere, beraiekin «uste baino gehiago» gogoratzen direla zioten hezitzaileek.«Oinez ibiltzen da?», galdetu du beste batek. Hiru hilabete pasatuta, aldaketak nabarmenak dira.

Gelak ere ez daude martxoan utzi zituzten bezala. Erretiratuta daude hainbat jostailu, eta garbiketa zorroztu dute, baina haurrak elkarrekin ari dira jolasean, eta hezitzaileek besoetan hartzen dituzte. «Material askoz gutxiago dago, kontrolatuagoa eta garbiketa zorrotzagoa da; beste guztia ez dugu aldatu», azaldu zuen Leire Garro hezitzaileak. Familiak kezkatuta ikusi ditu lana egiteko moduak eragin ditzakeen ondorioez: «Hurrengo ikasturterako matrikulazioa ekainean egin dugu, eta familia askok galdetu digute 'eta haurrek jolastuko dute elkarrekin?'».

Hasiera gorabeheratsua

Berez, Haurreskolak Partzuergoa irailera arte itxita mantentzeko asmoa zeukaten, baina atzo irekiko zituztela iragarri zuten azkenean. «Prentsaren bidez enteratu gara erabaki guztiez», salatu du Garrok. Horrek eragina izan du familiekin komunikatzerakoan ere: «Ostegun batean agurtu genituen familiak bideokonferentzia bidez, eta ostiral goizean jakin genuen lanera gentozela». Gainera, nabarmendu du ez dietela PCR probarik egin haur eskoletara itzuli aurretik. «Paper bat sinatu behar dugu baieztatzen ez dugula eta ez daukagula kontakturik COVID-19arekin, baina guk ez dakigu».

Irailera begira ere, ez dute ziurtasun gehiegi. «Lan karga gehiago dugu: patronalak eta Hezkuntza Sailak kontuan eduki behar dute hori», azpimarratu du Garrok. Izan ere, denbora gehiago behar dutela dio garbiketarako nahiz bestelako neurriak betetzeko. Horri konponbidea jartzea nahi dute: «Baliabide gehiago behar ditugu, kontratazio gehiago, eta hori, oraingoz, ez dago aurreikusita irailerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.