Albistea entzun

Euskarari ekina, aukera ez dadin mehatxu izan

Iribarrenek eta Amonarrizek nahi dute Korrika eta Euskaraldia izan daitezen euskararen biziberritze prozesuari bultzada emateko palanka. Nork bere eremutik konpromisoa hartzeko deia egin dute, prozesu horretan atzerapausorik eman ez dadin. Erakunde publikoei «jauziak» eskatu dizkiete hizkuntza politikan.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusia eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.
Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusia eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko abenduak 2 - Andoain

Mezu bertsua zabaldu dute euskararen aldeko bi egitasmo sozialik handienek, Korrikak eta Euskaraldiak: berraktibatzeko garaia dela; euskararen alde ekitekoa. Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak uste dute aurrekaririk gabeko baldintzak daudela euskararen biziberritzearen aldeko urrats esanguratsuak egiteko, baina, abagunea aprobetxatu ezean, atzera nabarmen egiteko aukera ere ikusten dute; pandemiak euskarari eta euskalgintzari emandako kolpean sakontzekoa.

Egoeraren garrantziarekiko erantzukizunez, nork bere alorretik ekiteko deiak bi bozgorailu garrantzitsu izango ditu 2022an: martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean egingo dute 22. Korrika, Amurriotik Donostiara; eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute hirugarren Euskaraldia. Osasun egoerak egitera behar ditzakeen moldaketak gorabehera, Iribarrenek eta Amonarrizek espero dute biak egingo dituztela. «Ezagutzen dugun Korrika berreskuratzea eta kaleak euskaltzalez betetzea»izango da Korrikaren erronka, Iribarrenen arabera. Horrekin batera, oroitarazi du egitasmoaren helburua ere badela euskaltegiak finantzatzea, eta aitortu pandemiak «hutsune nahiko nabarmena» utzi duela erakundearen aurrekontuetan. «Hasieran, banku zorpetze bidez egin genuen aurrera. Bestalde, joan den martxoan jarri genuen abian Bultza euskaltegiak, bultza euskara kanpaina, eta herritarrek oso ongi erantzun zuten».

Euskaraldiarentzat, berriz, Amonarrizek adierazi du 2022a «ariketa sozial gisa indartzeko»urtea izan dadin nahi duela. Aitortu du iazko aldiaren arrakasta nagusia «egitea bera» izan zela, eta hurrengo urtekoarekin, berriz, nabarmendu du ahobizi, belarriprest eta arigune gehiagotara iristea izango dutela erronka.Euskaltzaleen Topagunean kolpea, ekonomikoa bainoago, soziala izan dela azaldu du: «Lehen Euskaraldiak ekarri zuen energia sozial hori egonkortzeko eta egituratzeko asmo eta plangintza bat bageneukan, baina COVIDa etorri, eta dena bertan behera utzi behar izan genuen». Korrikaren eta Euskaraldiaren bultzada baliatu nahi dute orain prozesu hori berrartzeko.

Nork bere kabuz egin badu ere, ondorio bera atera dute: hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Hortik dator leloa aukeratzean izan duten sinkronizazioa: Hitzekin izango du goiburu Korrikak, eta Hitzez ekiteko garaia Euskaraldiak. Gizarteko sektore guztiak interpelatu nahi dituzte, uste baitute denei dagokiela euskararen aldeko konpromisoak hartzea. Iribarren: «Ez ditugu guztiak maila berean interpelatzen, bakoitzak bere funtzioak dituelako eta bakoitzak ekin beharko lukeelako modu edo intentsitate batean. Baina uste dut orain dela garaia; orain eman behar diogu bultzada euskarari, eta guztiok dugu emateko modua».

Bat dator Amonarriz. Uste du euskararekiko konpromisoak «norbanakoetatik erakunderik gorenetaraino»iritsi behar lukeela. Duela bi asteko Euskaraldiaren aurkezpenean ateratako argazkia jarri du adibidetzat: «Euskal Herri osoko ordezkariak geunden, sozialak eta administrazioari dagozkionak. Argazki horrek gizarte osoari erakutsi nahi dio hizkuntza biziberritzeko prozesua guztion ardura dela, eta prozesu horretan guztiok dugula tokia eta ardura». Erakunde publikoena «euskararen erabilera eta ikasketa posible izan daitezen baldintza egokiak sortzea» dela gaineratu du, ondoren herritarrek «konpromiso indibidualen bidez» hizkuntza erabil dezaten.

Urte gutxi atzera eginda, ezinezkoa zatekeen sintonia sumatzen dute biek herri ekimeneko euskalgintzaren eta instituzioen artean. «Oso garai zail eta gatazkatsuetatik gatoz. Elkarlan bideak beti egon dira, baina uste dut gaur egun, bai eragile sozial eta administratiboen artean, baina baita euskalgintzaren barruan ere, badagoela giro egoki bat gauzak egiteko», dio Amonarrizek. Horren kontzientzia hartu beharraz mintzatu da, «kapital garrantzitsu hori» zaintzeaz eta jakiteaz «zer daukagun lortzeke eta zer daukagun arriskuan».

Nola eman, ordea, aurrerapausoak kontsentsua apurtu gabe? «Jauziak» aipatu ditu Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, eta nabarmendu administrazioak egin behar dituela batez ere jauzi horiek: «Aukera hau aprobetxatzeaz ari garenean, esan nahi dugu aurrerapauso sendoak eman behar direla, eta oraindik ere bide luzea daukagu esparru askotan. Hezkuntzan, komunikabideetan eta alor sozioekonomikoan jauzi handiak egin beharra dago».

Bada akuilu zorrotzik urratsak eraginkor bihur daitezen bultzatzeko. Izan ere, Iribarrenek nabarmendu du euskalgintzako eragileak bat datozela «hizkuntza politika berri bat»eskatzean. Horren erakusle da, haren arabera, hizkuntza politiketan eragiteko Batuz aldatu adostasun soziala, Euskalgintzaren Kontseiluak sustatu eta Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek izenpetutakoa. «Hizkuntza politika eraginkorrago bat behar dugu. Erabileran atzera egitea ez da gure gustukoa, baina jendeari ez badiozu euskaraz aritzeko gunerik ematen, hein batean, normala ere bada. Euskararentzako gune seguru eta eroso horiek ezin dira berez sortu; hori ere bada hizkuntza politika».

Giro hotza kanpoan

Urratsak geroratu gabe, lehenbailehen, egiteko beharra ere nabarmendu dute Amonarrizek eta Iribarrenek. Herritarren bizitzak nola, euskararen alde azken urteetan egindako urratsak zaurgarri egin ditu pandemiak, Amonarrizek ohartarazi duenez: «Erakutsi digu sendotzat eta egonkortzat geneuzkan aurrerapen batzuk zaurgarriak ere badirela, eta atzera egiteko arriskua erreala dela».

Hizkuntza gutxituen kontrako diskurtsoak areagotzen ari ote diren ere bada kezka iturri aspaldian. Amonarrizek uste du «berritik gutxi» dutela. Dioenez, Nafarroan ez gainerako lurraldeetan «ez dago herritarren aldetik kontrako diskurtso esanguratsurik». Aldiz, ohar egin du hizkuntza minorizatuen normalizazioaren kontrako estrategiak Espainian epaileen bidez bideratzen ari direla: «Euskararen aurkako estrategiaren judizializazio bat dago, Espainiako Estatuan politikaren judizializazioa dagoen neurri bertsuan. Horrek ikaragarri zailtzen digu hemengo biziberritze prozesua».

Iribarrenek euskararen aldekotasunaren kontrako erreakziotzat ikusten ditu halako mugimenduak. «Aldeko uholde bat izanik, beste modu batean garatu behar dituzte kontrako diskurtsoa eta estrategia. Orain epaileen eskutik etorri da, eta etorriko delakoan nago»,azaldu du. Uste du halakoei «elkarlanean» egin beharko zaiela aurre. Baita Amonarrizek ere. Are, kontuan izanik arazo hori areagotu litekeela; «esaterako, Espainiako Estatuan gobernu aldaketa egongo balitz».

Iribarreren irudiko, sozialki, halakoei buelta emateko balio behar lukete Euskaraldiak eta Korrikak: «Herritarrei tresnak eman behar dizkiegu aktiba daitezen eta emozioak kalera atera ditzaten». Bi egitasmoen zain egon gabe, gaurdanik horretan hasteko gonbitea egin du Amonarrizek: Korrika eta Euskaraldi batzordeetan parte hartuz, besteak beste. «Sekulako aukera daukagu 2022an hizkuntza biziberritzeari bultzada sendo bat emateko. Guzti-guztien beharra izango dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anbulantzia bat, Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Gaitza pasatu dutenei hirugarren dosia bost hilabeteren buruan jartzeko gomendatu die orain Espainiako Osasun Batzordeak

Berria

Espainiako Osasun Ministerioak irizpidea aldatu du: urtarrilaren hasieran, lau aste nahikoa zirela esan zuen.

Barakaldon atzo indarkeria matxistaren aurka eginiko protesta bat. ©Marisol Ramirez / Foku

71 urteko gizon bat atxilotu dute Sopelan, etxeko langile bati sexu erasoa egitea leporatuta

Berria

Gizonezkoak duela gutxi kontratatua zuen langilea; aske utzi dute, karguekin, eta emakumearengandik urruntzeko agindua ezarri diote.

Carmen Maeztu, erdian, aurreko agerraldi batean. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maeztuk tutoretzapeko gazteen inguruko «polemika» bideratu nahi du

Iosu Alberdi

Enrique Maia Iruñeko alkatearekin bildu da Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilaria. «Existitu beharko ez litzatekeen polemika hori» bideratzeko beharra nabarmendu du.

Haur batzuk futbolean, artxiboko irudian ©monika del valle / foku

Eusko Jaurlaritzak eskola kirola baimendu du

Irati Urdalleta Lete

Asteburu honetan, umeek eskola kiroleko lehiaketak egiteko aukera izango dute berriz ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.