Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Haurren pobrezia gora, jaiotze tasa behera

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi jakin genuenaren arabera, jaiotze tasa %27 jaitsi da azken hamarkadan Euskadin. Haurren pobrezia tasak —edo, hobeto esanda, haurrak dituzten familien pobrezia tasak— bikoiztu egiten du haurrik ez duten familiei dagokiona. Txanpon beraren bi aldeak dira: haurrak edukitzea gero eta zailago bihurtu da gure artean, eta, erabakia hartu denean, pobrezian erortzeko arriskua areagotu egiten du guraso izateak. Zalantzarik gabe, datorren krisialdia kontuan hartuta, arazo horrek ez du onera egingo, alderantziz.

Egoera horren arrazoiak askotarikoak dira: alde batetik, gazteek jatorrizko etxea utzi eta beren kabuz bizitzeko dituzten zailtasunak, lan eta etxebizitza merkatuen baldintzak direla eta; bestetik, gurasotasuna eta enplegua uztartzeko zailtasunak, batez ere emakumeengan, gizonezkoek zaintza lanen ardura gureganatu ez dugun neurrian. Izan ere, gizon eta emakumeen arteko berdintasun maila handiena duten herrialdeetan, zaintzak gizon eta emakumeen artean gehien partekatzen diren herrialdeetan, daude Europan jaiotze tasa altuenak.

Politika publikoek ere badute erantzukizuna egoera horretan: bai Espainiako Estatuan eta baita Euskal Herrian ere —Iparraldean izan ezik— familia eta haurtzaroari zuzendutako laguntza eta babes politikak oso urrun daude Europako beste herrialdeetan indarrean daudenetatik. Frantzian, esaterako, erakundeek familia eta haurtzaroari zuzendutako diru laguntzetan 470 euro gastatzen dituzte urtean biztanleko. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 127. Gizarte babesean beste eremu askotan aldea ez da horren handia: pentsioei dagokienez, adibidez, eta Frantziarekin berriro ere alderatuz, Euskadin 3.308 euro gastatzen dira biztanleko, eta Frantzian, berriz, 4.034.

Askotan esan da —eta egia da maila handi batean— haurren pobrezia tasa handi edota jaiotze tasa txiki horiek gizarte eta politika aukera jakin batzuen ondorio direla, gizarte laguntzak banatzeko aukera jakin batzuen emaitza. Ez da aukera zuzena, ordea, ezta zentzuzkoa ere: haurrak dituzten familiei bideraturiko laguntzek ugalkortasuna handitzen dute, haurren pobrezia jaitsi eta berebiziko hobekuntza eragiten dute, epe labur nahiz epe luzera, haurren eta gurasoen bizi-baldintzetan. Familia guziei bideratutako laguntza unibertsalek, adituen arabera, haurren pobrezia gutxitzen dute eta, era berean, posible egiten dute haurren hazkuntzaren kostua haurrak dituzten eta ez dituzten pertsonen artean partekatzea. Hau da, berdintasun bertikala eta horizontala eragiten dute, adituen hitzetan.

Bai Euskadin eta bai Nafarroan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azken urteetan gabezia horiei aurre egiteko. Beste herrialde askotan bezala, Gizarte Segurantzari dagokio, gainera, amatasun eta aitatasun baimenak luzatzea. Pauso luzeagoak eman beharko dira edozein kasutan gure artean familia, haurtzaro eta gaztaro politikei behar bezalako lekua emateko, EAEko erakunde guziek sinaturiko Familia eta Haurtzaroaren Aldeko Euskal Itunak zioen bezala. Eusko Jaurlaritzarekin batera, foru aldundiek eta udalek ere badute ardura familia eta haurrei bideratutako politikak bultzatzeko, haiei dagokielako kultura, aisialdi edo zergei buruzko neurriak hartzea. Horiekin batera, ordea, ezinbestekoa da enpresen eta beste eragile pribatuen erantzukizuna: ez badira gizarte ordutegiak edota enpresa askoren praktikak haurrak dituzten pertsonen beharretara egokitzen, nekez lortuko da Euskal Herria haurren herria bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.