Jean Rene Etxegarai izanen da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Baionako auzapeza izan da lehendakaritzara aurkeztu den hautagai bakarra. Gobernantza paktu berria onartu du elkargoak. Euskarazko irakaskuntzako esperimentazio proiektuak babestu dituzte

Jean Rene Etxegarai, atzo, Euskal Elkargoko lehendakari hautatua izan berritan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria izanen da Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza beste sei urterako. Atzo goizean egin zuten elkargoaren lehen biltzarra, Ipar Euskal Herriko herriko bozen ondotik herriz herri hautatuak izan diren ordezkariekin. Etxegarai izan zen lehendakaritzarako hautagai bakarra, eta gehiengo zabal batek babestu zuen. Horrez gain, Euskal Elkargoko gobernantza hitzarmen berria ere bozkatu zuten hautetsiek.

Koronabirusaren ondorioz hartu beharreko neurriengatik espresuki horretarako egokitu zuten Lauga kirolgelan, elkargoko 232 hautetsietarik 148k babestu zuten Etxegarai, eta 65ek zuri bozkatu zuten. Hautagai izan gabe botoa jaso zuenik ere izan zen: Claude Lougarot Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) auzapezak, boz bat; Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak, bi boz, eta Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapezak, hamasei boz. Anekdotikoa bezain sinbolikoa, azken asteetan lehendakaritzarako hautagaitzak, mugimendu abertzalean bereziki, eragin duen eztabaidaren erakusgarri.

Txalo zaparra jaso zuen Etxegaraik elkargoaren biltzarrarengandik, eta baita kanpotik ere. «Zorionak» helarazi zizkion Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, baita Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiak ere: «Elkarlanerako beti prest. Erakutsi dezagun Bidasoa zubia dela eta ez muga», idatzi zuen Twitterren.

«Umiltasunez eta determinazioz» aurkezten zela erran zuen Etxegaraik elkargo biltzarraren aitzinean. Azken egunetan, elkargoa osatzen duten hamar lurralde eremuen itzulia egin du bere hautagaitza aurkezteko, eta hori izan zuen hizpide atzo goizean: «Gobernantza paktu berri baten alde egin dugu, oreka gehiago lortzeko lurralde poloen artean». Atzo bozkatu zuten hitzarmen berria, aho batez. Lurralde eremuek indar gehiago izanen dute hemendik aitzina, eta horietako bakoitzak lehendakariorde bat izanen du elkargoko batzorde eragilean.

Parekidetasunaz

Gobernantza paktuari buruzko eztabaidak parekidetasunaren gaia ekarri zuen mahai gainera. Elkargoko biltzarreko 232 hautetsietatik 71 izanen dira emazteak, %30 —orain arte %17 ziren—, eta horietako batek baino gehiagok hartu zuen hitza gobernantza paktuan parekidetasun handiagoa lortzeko neurriak ager zitezen. Hitza hartu zuten gizon gehienek eskaerarekiko adostasuna erakutsi zuten, baina praktikan ezinezkoa dela erran.

Marie Jose Miallocq Arbonako (Lapurdi) auzapezak egin zuen eztabaida handiena sortu zuen proposamena: hautagaitzek ahalbidetzen dutenean, ordezkaritza guzietan parekidetasuna bermatzea. Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapezak eman zuen informazioa: herenegun izan zuten Hego Lapurdiko lurralde eremuko biltzarra. Sei ordezkari izendatu behar dituzte, eta hamar hautagai zeuden; hiru emakume. Bere proposamena aterako balitz, Miallocq izendatua izango litzateke. Baina bada Aramendik aipatu ez zuen beste ertz bat: herriko kontseiluetan hala erabakiko balute, emazte gehiago izaten ahalko liratekeela Euskal Elkargoan hautetsi. Hala egin dute Itsasun (Lapurdi), adibidez: Mikel Hiribarren auzapezak Euskal Elkargotik dimititu, eta Nicole Etxamendi izendatu dute haren ondorengo. Azkenean, parekidetasun handiagora buruz joatea onartu zuten aho batez, eta batek baino gehiagok galdetu baitzuen, aurki beste eztabaida bat antolatuko dute gobernantza paktua berrikusteko.

Pablo Arzelus Aramendia Hendaiako gehiengoko hautetsiak hartu zuen hitza gobernantza paktuan euskararen lekua ere aipatu behar zela errateko. Bere mintzaldia euskaraz eta frantsesez egin zuen bakarra izan zen; itzulpen sistema ezartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzea galdegin zuen. Hautetsiek txalo egin zioten, baina ez zuten kontuan hartu.

Azkenik, euskara hutsezko irakaskuntza esperimentaziorako proiektuak sostengatzeko mozio bat onartu zuen Euskal Elkargoak, aho batez. Bordeleko errektoretzak Hiriburuko eskola publikoan esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu duela salatu dute aste honetan EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek. Derrigorrezko iraskaskuntza frantsesez, «Errepublikako hizkuntza» egin behar dela erran du errektoretzak, eta, ondorioz, ez duela halako esperimentazio proiektu gehiago onartuko. Onartutako mozioan, Frantziako Hezkuntza Nazionalaren jarrera «ulertezina eta onartezina» dela adierazi du Euskal Elkargoko biltzarrak. Halaber, Hiriburuko proiektuari bide egitea eta euskara hutsezko esperimentazioak «garatzea eta indartzea» galdegin du, «euskararen etorkizuna bermatzeko eta irakaskuntzaren bidez euskara molde eraginkorrean transmititzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.