Albistea entzun

Jaiotza baino heriotza gehiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Urte hasierako jaiotzei eta heriotzei buruzko datuak argitaratu ditu Eustatek. COVID-19aren ondoriozko heriotzak %90,5 gutxitu dira
Haur jaioberri bat, artxiboko irudi batean.
Haur jaioberri bat, artxiboko irudi batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo -

2023ko irailak 19

Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2023ko lehen hiruhilekoan jaiotzak gutxitu egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Joan den urteko garai berarekin alderatuta, %5,6 egin dute behera; hain zuzen ere, 3.113 haur jaio dira. Era berean, heriotzek ere behera egin dute: 2023ko urtarrilean, otsailean eta martxoan, 6.207 pertsona hil ziren, aurreko urteko aldi berean baino %3,6 gutxiago. Hortaz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkunde begetatiboa negatiboa izan da. Izan ere, hiru lurraldeetan galdu da populazioa: Bizkaian 1.701 pertsona, Gipuzkoan 1.084, eta Araban 309.

Nabarmen apaldu da COVID-19aren ondoriozko heriotzen kopurua: zehazki, %90,5 egin du behera. Urtearen hasieran, 74 heriotza eragin ditu gaitzak: Bizkaian 47, Gipuzkoan 23, eta Araban 4. Beste 24 hildakok COVID-19a zuten arren, ez da hori izan haien heriotzaren funtsezko kausa.

Emakumeen eta gizonen arteko heriotza kopuruak ez du alde esanguratsurik izan. Emakumeei dagokienez, heriotzak %3,4 gutxitu dira; eta gizonenak, %3,9. Emakumeen heriotzen kausa nagusia zirkulazio sistemaren gaixotasunak izan dira. Gizonena, berriz, tumoreak. Hain zuzen, bi arrazoi horiek eragin dute heriotza gehien: erdiak baino gehiago. Hirugarren kausa nagusia arnas sistemako arazoak izan dira; haien ondorioz 543 pertsona hil dira. Eta hildako gutxiago eragin dituzte nerbio sistemako eta digestio sistemako gaitzek.

Lehenengo haurrak

Jaiotzek heriotzek baino gehiago egin dute behera. Zehazki, jaiotzek Araban izan dute jaitsierarik nabarmenena, %9,7. Bizkaian %6,9 apaldu dira, eta Gipuzkoan %1,3. Jaiotzen ia erdiak lehenengo haurrak izan dira: 1.525. Hamar umetik ia lau, berriz, aurretik beste haur bat zuten familiek izan dituzte. Eta gainerakoak (%13,2) hirugarren edo ondorengo haurrak izan dira.

Adinari erreparatuta, 35-39 urteko amen taldea da nagusi: umeen %34,9 izan dituzte. 30-34 urte bitarteko amek haurren %33,1 izan dituzte. Eta, Eustatek azpimarratu duenez, 25-29 urte bitarteko amek 40 urte edo gehiago dituzten amek baino haur gehiago izan dituzte: %13,1 eta %12, hurrenez hurren. Izan ere, iaz alderantziz izan zen: 40 urte edo gehiagoko ama gehiago izan zen 25 eta 29 urte bitartekoak baino.

Atzerriko amen ehunekoak gora egin du: aurtengo lehen hiruhilekoan ama izandakoen %31,1ek Espainiakoa ez den nazionalitatea dute. Aurreko urtearekin alderatuta, ehunekoa 2,6 puntu areagotu da. Araban, hamar ametik lau atzerritarrak izan dira; Bizkaian eta Gipuzkoan, proportzioa pixka bat txikiagoa da: hamarretik hiru.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©Bob Edme

Mixel Oronoz euskaltzalea zendu da

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen urteetan. 88 urte zituen.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratze bat Iruñean ©Jagoba Manterola/ Foku

22 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Berria

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, biktimek jasandako sexu eraso jarraituan larderia egon zen, etxean jasandako «zapalkuntzagatik». Aurrez epaitegiek ezarritako zigorra urtebete eta hiru hilabete handitu dio.

ELAk eta LABek gaur goizean egindako agerraldia, Gasteizen. ©Endika Portillo/FOKU

Zortzi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan

Maixa Utrera Puelles

ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuzteetara: urrian, azaroan eta abenduan izango dira. Araban «hitzarmen duin» bat ezartzea dute helburu, langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen.

Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalea. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek

Ion Orzaiz

Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...