Xamar.
Euskaraldia. ANALISIA

Plastikozko ofizialtasuna

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako bortuen aldeko eskoletan D eredua finkaturik dago; beraz, dauden haur gutxi guztiek Euskaraz ikasten dute eta, kasik erranen nuke, legeak Euskara ofizialtzat daukan eskualdean egoteak ekarri zuen onura bakarrenetarikoa dela, ez baita gutxi. Hala ere, ezagutza galdegitea lanpostu batendako gehiegizkoa bide da bertan, aski da meritu gisa baloratzea, kasurik hoberenean. Beraz, plastikozko ofizialtasuna da, biguin, moldagarri, hauskor, epaileek oldartua, ez Espainolaren heinekoa, orokor, beharrezko, legeek eta epaileek babesturik.

Erran bezala, haur gutxi guztiek Euskaraz ikasten dute, baina zinez gutxi dira. Aezkoak, adibidez, zortziehun biztanle inguru ditu, horietarik berrogei bat haur, bederatzi herritan sakabanaturik, atera kontuak. Egoera berdintsua da Zaraitzun, Erronkarin, Erroibarren, Auritzen... Eta despopulazioak ez du etenik.

Udatik landa, gure herrietan pasa dezakegu eguna inor ikusi gabe, karrikak hutsik, pandemian bezala. Saltzaileren baten etorrerak (arrainena, okina...) aitzakia labur eskaintzen du xarduki merkean minutu zenbait emateko, astegunetan norbaitekin mintzatzea zernahi hizkuntzatan zail bilakatu baita.

Giro honetan heldu da Euskaraldia, eta ongi etorri bedi. Euskaraldiak erabilpena du helburu, hots, hiztunak behar ditu, pertsonak. Honek komunitatearen normalizazioan gainerako alorretan gertatzen denak nabarmentzen du berriz ere, gizarte arazoak (pobrezia, langabezia, ingurumenekoak...) alde batetik daudela eta, bertzetik, Euskararen hiztunenak, bertze problematika bat bailitzan, berezia. Azken honetan hizkuntza kontutan gabiltza korapilaturik: ezagutza txikia, erabilera eskasa, mintzaera informala, toka-noka, euskalki goxoak, batua hotza, euskaldun berri, euskaldun zahar, zonifikazioa, aho bizi, belarri prest, sorioneku, nor-nori-nork, baldintza eta subjuntibo... baina atzendurik utziz mintzaira arazoak gizarteak dituen ber-berak direla, hizkuntza soziala baita.

Funtsean, Euskara salbatuta dago, bildua eta babestua da hiztegi eta gramatika ugaritan. Konpondu beharreko arazoa euskaldunena da, hiztungoarena, erran nahi baita, gure Herriarena.

Despopulazio latza pairatzen ari diren gure ibarretan, urteko ahalegin guziak Euskaraldian bageunde bezalakoak dira, egunerokoak, txapa eraman ala ez eta, bidenabar erranik, Bilbon, adibidez, bertze arrazoinengatik gertatzen denaren parekoa, han jende kopurua gakoa ez bada ere. Ez, plastikozko ofizialtasunak ez du inon balio, Uemako herriak barne.

Bitartean, nolaz ez, oraingoan ere eramanen dugu txapa begi bistan, Euskaraldiak ez du gutxiago merezi, baina noizko Euskara zinez ofiziala, ofiziala omen den tokietan bederen? Eta Herri osoan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.