Koronabirusa

Osasuna eta, gero, elikadura

Laborariek, abeltzainek eta elikagai industriak euren lanaren aitortza aldarrikatu dute. Arazorik ez zaie falta. Batetik, salmenta zuzeneko ekoizleek eta ostalaritzari saltzen dietenek nabaritu dute kolpea. Bestetik, udaberri hasiera honetako kanpainetan, langile faltaren arriskuaz ohartarazi dute.

Nafarroan, zainzuriaren kanpaina hasi berri den honetan, laborariek ohartarazi dute haiek biltzeko langile faltaren arriskuaz. Nekazari bat zainzuria bat eskuan duela, Legardan. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bat-batean, dena gelditu da. Munduan abiadura betean hazten ari zen ekonomiak estropezu egin du, eta erorketa horrek ekarriko dituen sakoneko ondorioak ikusteko zain, betidaniko egia arruntak eta biribilak etorri dira denen gogora. Lehenik eta behin, osasuna, eta, gero, elikadura. Ospitaleetan COVID-19 eritasunari aurre egiten diharduten mediku, erizain eta osasun arloko langileen ezinbesteko lana txalotu dute herritarrek egunotan, merezimendu osoz; apika, oharkabeago pasatu da elikagai sektorearen garrantzia, bai laborariena eta abeltzainena, bai lehengaiok eraldatzen dituen industriarena. Haiek ziurtatzen diete herritarrei jana. Ez da gutxi. Azken batean, edonork imajina dezake sor zitekeen anabasa, konfinamenduan ahora zer eraman ez balego. Errealitate horrek agerian utzi du elikadura denon bizimoduaren erdigunean dagoela eta zegoela: «Koronabirusa guztiontzat zaplazteko handi bat izan da esnatu gaitezen», laburbildu du Felix Bariain UAGN sindikatuko idazkari nagusiak.

Alarma egoeran, elikagaiak hornitzen dituen sektorea funtsezko jarduera da, eta adierazpenak berak nolabaiteko aitortza eman dio. Haiek ere hala ikusi dute. «Supermerkatuen garrantziaz hitz egin da egunotan, baina industriak ez baditu elikagaiak eraldatzen, produktua ez da saltokietarako apaletara iritsiko», azpimarratudu Cristina Lekunberri Alinar Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko elikagai industriaren elkarteko zuzendariak. «Langileak eta enpresak eurak ere jabetu dira zenbateraino diren inportante, eta honek guztiak zerbait ona utziko du».

Kaltetutako sektoreak

Iduri luke, hortaz, ezinbesteko jarduera diren heinean, lehen sektorea eta industria erritmo betean ari direla lanean. Alta, orotariko errealitatea bizi dute, eta, egoeraren argazki orokorra lehen eskutik ezagutu eta hartu beharreko neurriak aztertzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak hainbat bilera egin ditu bideokonferentzia bidez sektoreko eragileekin. Izan ere, bada osasun krisiak gogor jo duenik.

Imanol Ibero Nafarroako EHNE sindikatuko koordinatzailearen arabera, adibidez, konfinamenduak gogor eragin die salmenta zuzeneko ekoizleei, baita euren produktuak ostalaritzari edo eskolei saltzen dieten produktoreei ere. Arkumearen alorra, berriz, «bertan behera geratu da», Iberoren arabera. «Egoera latzena pairatzen ari da, arkumeen %85 ukuiluetan geratzen ari baita. Artzain ugari diru sarrera gabe geratu dira, esnea saldu gabe, eta arkumeak loditzen dabiltza, jakin gabe saltzeko aukerarik izango duten».

Ikastetxeetako eta enpresetako jangelak eta ostalaritza ixteak kalte egin dio industriari ere. Euren produktuak alor horiei saltzen dieten enpresek gogotik nabaritu dute kolpea, Lekunberriren arabera: «Enpresa batzuk bi sektoreetan aritzen dira, etxebizitzen elikagai arloan eta ostalaritzan. Beste batzuek, aldiz, %80 edo %100 ostalaritzan dute, eta saiatzen ari dira produkzioa alor batetik bestera mugitzen».

Asteon, Nafarroako Gobernuak hiru milioi euroren laguntzak onartu ditu: egoerak kalte nabarmena egin dion neurrian, ardi sektoreak guztira 1,2 milioi euroren kalte-ordainak jaso ditu; Europako Batasunaren landa garapeneko laguntzak aurreratu, eta berehala banatuko ditu; salmenta zuzeneko ereduak indartuko ditu; tokiko elikagaiak kontsumitzeko kanpainak sustatuko dira...

Hala ere, neurriok hartu aurretik, egoeraren beraren ziurgabetasunak jada kalte egin die hainbat laborariri. Iberoren arabera, zainzuriak hazteko behar den plastikoa altxatzea erabaki dute hainbatek uzta galdutzat emanda: «Ez zekiten langile kuadrilla ordaindu behar duten, ez zekiten zainzuriak saltzerik izango zuten... eta, ikusirik enpresa batzuk ez direla modu zuzen baten jokatzen ari, nahiago izan dute landareari jaiotzen utzi, zainzuririk jaso gabe». Izan ere, udaberria hasi berri, langile behar handia dago landa eremuan. Nafarroan, orburuen uzta bilketari aste gutxi batzuk falta zaizkio amaitzeko, zainzuriena hasi berri da, eta udarako laboreak ereiteko garaia da.

Horregatik, sektoreak kezka du kutsatzeak orokortuz gero zer gertatuko den kanpainekin. Mugak itxi direnez, ezin dira atzerritik etorri. «Kezkarik handiena da hori», onartu du Cristina Lekunberrik. Uzta bilketan, langile faltaren arazoari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak asteon baimendu du diru sari bat jaso daitekeela eta aldi berean behin-behineko lan bat izan. Ikusteko dago neurria eraginkorra ote den.

Felix Bariainek ohartarazi du landa eremuan, gizarte osoan bezala, kutsatzeak badirela. «Logikoki, honek guztiak jarraitzen badu, gerta liteke langile gabe geratzea». Horri guztiari aurrera begirako ziurgabetasuna erantsi dio. Laborariek udarako zer labore jarri erabaki behar dute, «industrian edo kooperatibetan nahikoa eskari egongo den, eta biltzeko langilerik izango den jakin gabe». Horregatik, gobernuari dei egin dio neurriak har ditzan: «Guretzat erraza da bestela. Artoa erein, abeltzaintzaren kontsumoa ziurtatua baitugu, baina badakigu gizarteak beste behar bat duela. Laborariek hasiera-hasieratik sindikatura deitu digute esanez behar den guztia ekoizteko prest daudela, industria eta kooperatibak hornitzeko».

Zalantza horiek aldentzeko eta etorkizun hurbilari ziurtasun handiagoz erantzuteko, ezinbesteko ikusten du Lekunberrik laborariekin komunikazioa estutzea. Haren hitzetan, oraintxe bertan arrisku nagusia langile falta da, bai landa eremuan, bai enpresetan. Nafarroako Gobernuak bi eremuetako langileentzako segurtasun neurri batzuk ezarri ditu, baina hainbat arazo daude. Enpresak ohituta daude segurtasun neurriak hartzera, baina material ugari eman diete ospitaleei, eta orain «askok arazoak dituzte oinarrizko materiala lortzeko (betaurreko, maskara, eskularruak, termometroak...)».

Zailtasunen gainetik, Lekunberrik esan du aurrera jarraitzen dutela. Segurtasuna bermatzeko, enpresek antolamendu osoa malgutu behar izan dute: «Txandak, produkzio lerroak, logistika eta etiketa jartzeko sistema... Enpresak osorik berrantolatzen ari dira, eta dituzten baliabideen arabera jokatzen. Langileen batzordeei «arduraz» jokatzera dei egin die: «Behin neurriak hartuta, lanean jarraitzera animatu behar ditugu langileak, absentismoak gorantz jarraitzen badu,ez dugu lan ahalmenik izango eta».

Krisia piztu aurretik, laborariak eta abeltzainak kalera irten ziren urtarrilaren 30eko greba orokorrean —EHNE— eta otsailaren 19ko manifestazioan —UAGN—, bidezko prezioak aldarrikatzera. Espainiako Gobernuak hornidura katean jatorrizko prezioak bermatzeko legea onartu bazuen ere, hori kontrolatzeko baliabiderik ez du. Iberoren hitzetan, Nafarroako Gobernuari helarazi diote kontsumitzailearengana iritsi arteko katean «espekulazioa» dagoela.

Aurrera begira, Iberoren ustez, zilegitasuna irabazi dute. «Txikitasunetik, gertutasunetik eta ingurumenari atxikirik lan egiten duen eta baliabideak modu iraunkorrean erabiltzen dituen ereduak bermatuko du erresilienteagoa, autonomoago eta ahaldunduagoa izatea etorkizunean». Haren ustez, elikadura eta zaintza jarri behar lirateke erdigunean, eta «ez egon diruaren eta globalizazioaren menpe».

Bariainek gogora ekarri dumugak itxiz gero, nekazaririk gabe, ez legokeela egungo egoeran hornidura bermatua: «Hemengoari balioa eman behar diogu. Kontsumitzaileak bertako produktuak kontsumitu behar ditu. Gizarteak ez badu horren alde egiten, beste koronabirus bat merezi dugu orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.