DARWIN ETA GU

Euskal jatorriko espainiar bati

Pastor
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Madrilen 60ko hamarkadaren hasieran tesia egiten ari zen garaietan gertatua azaldu berri du Xose Manuel Beiras politikari galiziar historikoak elkarrizketa batean. Jesus Aguirre apaizaren oso laguna zen Beiras —Albako duke ezkontidea izango zen Aguirre—. Madrilen elkarrekin joaten ziren batzuetan. Beirasi nongoa zen galdetu eta «galiziarra» esaten zuenean erantzun hau jasotzen zuen: «A, espainiarra, noski!». Politikariak joera, ohitura hori arbuiatu du: «Prest nago Estatu espainiarreko eta Europako herritarra izateko, baldin eta galiziarra naizela esaten dudanean inork ezetz, espainiarra naizela erantzuten ez badu. Ez. Orduan, joan zaitez pikutara, geratu zaitez zeure Espainiarekin».

Espainiar nahi gaituzte. Derrigorrean. Batzuek, argazki zuri-beltzetan; besteek, collage koloretsuetan. Funtsean espainiarrak, baina. Denak berdinak. Asimilatuak. Beste galiziar batek, Suso de Toro idazleak, espainiartasun horren oinarriak astindu ditu pasadizo baten bidez. Lagun baten aitak —galiziarra eta, baliteke, PPren boto-emailea— telebistan andaluziar talde bat ikusi eta hauxe esan zuen: «Edo haiek ez dira espainiarrak, edo gu ez gara espainiarrak». De Torok adierazpen horren arrazoia aipatu du: «Hain da handia bi herrien arteko diferentzia, antropologia eta kultura arloetan!». Euskaldunon eta andaluziarren arteko diferentziak ere ez dira txikiak. Lehen, behintzat. Izan ere, Euskal Herri penintsularrean oso baldintzaturik gaude: baldintza ta subjuntibo, joder, baldintza badakigu.

Zer uste duzu horri guztiari buruz zuk, euskal jatorriko espainiar horrek? Zer deritzezu biharko hauteskundeei? 2015eko bozetan Pablo Iglesiasek kanpaina egin zuen Katalunian. Podemoseko buruak «andaluziarren eta extremadurarren bilobei» egin zien dei Junts pel Sí koalizio independentista geldiarazteko. Mezua ez zien katalan guztiei zuzendu, 60 edo 50 urte lehenago Kataluniara joan ziren langileen ondorengoei baizik. Ateraldi itsusia. Internazionalista izan nahi eta nazionalista jokatu. Zer pentsatuko zenuke euskal politikari batek zeure sorterrira joan eta botoa nori eman behar ez diozun iradokiko balizu?

Zure aitona-amonak edo gurasoak euskaldunak ziren. Batzuek Mixel Labegerie, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Oskorri, Estitxu, Errobi eta beste maite zituzten. Zu haien ondorengoa zara: Aguirre, Zavala, Arozarena, Jáuregui edo Lazcano duzu abizena, baina espainiar peto-petoa zara. Nor naiz ni zuri zer hautatu behar duzun esateko?

Arbasoak iparraldekoak dituzula esaten duzu. «Del norte», ez Iparraldekoak. País Vasco edo Euskadi deituko diozu gure herriari. Baliteke Vascongadas esatea —Euskal Herria ere bai, baina ale bitxia izango zara orduan, Prado museoan erakusteko modukoa—. Birramona edo birraitona nafarra izanez gero, ez duzu euskal herritartzat joko, Baztan aldeko Goyeneche eta euskaldun elebakarra bazen ere. PPkoa bazara, are gutxiago.

Bada, begira: espainiar eskuindarren artean politikari bakarra izan zen, nafarrak baskotzat jo zituena: Manuel Fraga Iribarne, oraingo PPren enbrioia sortu zuen demokrata txit faxista. Ama vasca zuela esaten zuen Fragak. Euskal frantsesa. Eta euskaraz egiten zuela. Euskalduna zela, alegia. Alta, Nafarroa Beherekoa zela ez zuen azaltzen. Izura-Azme herriko neskatxa bat XX. mendearen hasieran Galiziaraino zertara joan zen ere ez. Gero jakin genuen, Francoren ministroaren biografia ez baimenduetan.

Libre zara espainiarra izan eta espainiarra sentitzeko, euskal jatorriko espainiar hori. Libre zara gura duzuna bozkatzeko. Libre zara sahararren, palestinarren edo ukrainarren eskubideen aldekoa izateko. Horrekin beteak dituzu elkartasun kuotak. Ez duzu zertan zeure arbasoen herriaren alde egin. Gauza bakarra galdegin nahi dizut, Aguirre jauna, Aguirre andrea: inoiz Madril, Lima, Kampala, Anchorage edo Kyoton topo egiten badugu eta euskalduna naizela esaten badizut, «a, espainiarra, noski!» ez erantzutea. Asko eskatzea da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.