Pastor
DARWIN ETA GU

Edinburgo

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Edinburgotik kanpo daude lau gazteak, mendi aldean. Tommyk galdera bota dio Mark lagunari: «Ez zaude harro eskoziarra izateaz?». Markek amorruz erantzun dio: «Eskoziarra izatea kaka da. Okerrena gara. Planeta puta honetako zaborra gara, zibilizazioak sortu duen zabor triste eta ziztrinena. Batzuek ingelesak gorrotatzen dituzte. Nik ez. Ergelak besterik ez dira. Ergel batzuek kolonizatu gintuzten. Herri zintzo baten kolonia izatera ere ez gara iristen».

Mark Renton-ek, Trainspotting filmeko pertsonaia nagusiak, hala pentsatzen segituko luke gaur, 25 urte geroago? Heroinatik askatu eta nihilismoa gaindituz gero, harro egongo litzateke eskoziarra izateaz? Herenegun botoa emango zien independentistei, ergelen kolonia izateari uzteko?

Bi hauteskunde izan ditugu asteon: autonomia erkidegoa izan nahi ez zuen autonomia erkidego batean eta Erresuma Batutik bereizi nahi duen herri batean. Hala ere, Madrilera begira egon gara Euskal Herri penintsularreko herritarrok. Geografikoki ez ezik, politikoki eta emozionalki ere penintsulako zatia garelako, seguruenik. Hedabideek harantz bideratu gaituztelako. Eta gure geroa argiago agertuko balitz Edinburgotik Madrildik baino? Eta Ayuso eta Casadoren arteko erlazioak baino gehiago eragingo baligute, epe luzera, Sturgeon eta Salmonden arteko tirabiren ondorioek?

«Aukeratu zure etorkizuna, aukeratu bizitza», dio Mark Rentonek pelikulan. Eskoziako independentistek erabilitako leloa izan zitekeen, askatasunaren alde. Madrilen, berriz, askatasunaren esentzia gesaldu du Ayusoren terrazismo-ak. Madrilgo alkateak ez du lotsarik izan bere burua faxistatzat jotzeko, txantxetan-edo: «Faxistak izango gara, baina ondo gobernatzen dugu». Ezetz asmatu zenbat iraungo zuen Herr Almeidak Alemaniako politikan «naziak gara, baina ondo gobernatzen dugu» esan balu.

Faxismoaren itzala gero eta handiagoa da Espainian. Gaur, maiatzak 8, Garaipenaren Eguna ospatzen du Frantziak. Galdetu espainiar xume bati zer gogorarazten dion egun horrek. Ideiarik ez. Galdetu 50 urtez gorako herritarrei Apirilaren Lehena zer zen. Garaipenaren Eguna esango dizute, baina beste garaipen bat. Faxisten garaipenaren eguna, 1939an. Faxismoa ez da joan geroztik. Lozorroan egon da. Denok dakigu. Errepublika suntsitu zuten faxistek ipinitako monarkia babesten dute sozialista errepublikazale folklorikoek. Horiek ere badakite.

Ziklo politiko baten bukaera hasi da Espainian? Sozialistek hiru urte izan dituzte hemengo eta Kataluniako egoera konpontzeko. Funtsean ez dute deus egin. Sufrimendua apur bat leundu, besterik ez. Akaso uste dugu orain, eskuinaren hatsa sentitzen dutela, gehiago egingo dutela? «PPk presoak Burgos edo Logroñotik berriz Puertora eramatea nahi duzue?», entzuten dugu. Gaitz erdi! Horretaz aprobetxatzen dira. Eta etorkizunean? «Ehun urte barru ez da mutilik edo neskarik egongo. Denak ergelak izango gara», dio Rentonek.

Jokoa hasi baino ez da egin Edinburgon. Madrilgo bataila, aldiz, amaitua dugu. 36ko gerraren garaietara eraman gaitu kanpainak. No pasarán. Baina azkenean beti pasatzen dira. Gure betiko epika, galtzaileen epika. No pasarán. Munduko beste leku batzuetan beharbada ez. Espainian, bai. Espainian beti pasatzen dira. Guri dagokigunez, behintzat. Akabo fandango, hemen eta Durangon.

Ergelek kolonizatu zituzten eskoziarrak. Ergelak ziren gure kolonizatzaileak ala geu gara ergelak? Bene-benetan gura dugu eskatzen ari garena ala itxurakeria da guztia? Noraino da benetako nahia, noraino planta? Zenbaterainokoak dira gure kontraesanak? Egin beharreko galdera da politikan, bizitzan legez.

Spud-i sei asteko abstinentzia jarri dio Gail neska-lagunak. Maitasun froga dela eta barrabilak «bi sandia» balira bezala dituela kontatu dio mutilak Tommyri. Spuden neskak bere jokaerak zer kontraesan duen azaldu dio diskotekako komunean lagun bati: «Irrikan nago harekin larrua jotzeko, baina hain dibertigarria da bera sufritzen ikustea!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.