Pastor
DARWIN ETA GU

Glotofobiak

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zenbat azpieuskalki, zenbat ahoskera eta azentu ditu euskarak? Desberdintasun eta ñabardura horiek arrazoiak dira euskaldun bat baztertzeko edo barregarri agertzeko?

Xenofobia linguistikoa adierazteko erabiltzen da glotofobia kontzeptua. Norbait bere ahoskera, doinu edo azentuagatik baztertzea. Hitz hori Philippe Blanchet soziolinguistak sortu zuen, duela hogei urte. La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, irakasleak glotofobia kasuak salatu ditu liburu batean. Horietako bat: matematika irakaslea izateko lehian hautagai bat baztertu zuten, azentu bretoi oso nabarmena zuelako. Liburuan ageri denez, Frantzia hegoaldeko doinuak Bretainiakoak baino irudi positiboagoak sortzen ditu. Eguzkia eta oporrak gogorarazten ditu. Hala ere, azentu hori duten pertsonak ere baztertzen dituzte Parisen: ez omen dira oso serioak, fidagarriak lanerako.

Glotofobiaren auzia berriro piztu da egunotan. Jean-Luc Melenchon-ek, Frantzia Intsumisoa talde politiko ezkertiarreko buruak, errotik moztu du Okzitaniako Tolosako kazetari baten hizketa, hark galdera zorrotza egin ostean. «Ez dizut ulertzen». Eta «frantsesez» hitz egiteko eskatu dio.

Euskaldunok euskaldunak baztertzen ditugu ahoskera edo azentuagatik? Barne diskriminazioa bultzatuko genuke geure hizkuntzaren esparru txikian? Esaterako: pertsona bat kontratatzeko lan elkarrizketa enpresa batean. Aukeraketa prozesuari ekin diote epaimahaiko kideek. Lekeitiar bat baztertu dute haren doinu bereziagatik eta esan nau bat entzun diotelako. Donostiar bat kanpoan utzi dute. Beldur dira «koxkero kaskarina» ez ote den Kontxan gora eta behera ibiliko udan. Urdiaingo herritar bat ere zulora joan da — «fonetika irakatsi nahi digu bere kantuaz? Gainera, nafar hauek botata utziko gaituzte sanferminetan»-. Getxoko neska gazte bat ere lehiatik at geratu da. Ez omen ditu ts, tx eta tz hotsak oso ondo bereizten. Beasaingo emakume bat zerrendatik kendu dute, dare esateagatik. Mauleko bulegariak ez du proba gainditu —«ü, ü eta ü. Txistuka ari dela dirudi»—. Horrela ibiliko ginateke? Okerrena: zenbaitetan, epaimahaiko kide zorrotzek erdaraz hitz egingo lukete euskaldun horien euskara baztertzeko bileran, hautagaiak gelatik irten eta gero. Halakoxea da Euskal Herria.

Inor ez genuke baztertu behar doinuagatik. Benetako xenofobia linguistikoa euskaldunok pairatzen dugu. Ez dezagun halakorik pitz geure artean. Ez dezagun hesi bat eraiki. Beste kontu bat da tokian tokiko euskararen apologia itsua egitea. Euskal Herri osoko ikasleak biltzen dituen gela batean, nola hitz egin beharko luke irakasleak? Batuaz. Eta ikasleek? Berdin. Horrek ez du esan nahi eskualde eta herrietako hizkera eta erregistroak zokoratu behar direnik, pentsatu ere ez, baina hizkuntza baten lehen funtzioa komunikazioa da. Zer gertatuko litzateke 100 laguneko gela batean ikasle bakoitza bere herriko euskaraz hitz egiten hasiko balitz? Larraineko ikasle batek bere baserriko euskaraz hitz egingo balu 100 ikaskide horien aurrean, nola erreakzionatuko lukete Hegoaldeko euskaldunek? Xalbadorri Donostiako bertso-saio hartan gertatua datorkit gogora.

Denok ez gara filologoak. Ez dugu adimena edo arreta hieroglifikoak argitzeko. Errazera jotzen dugu: erdara zuzen eta batura. Bikote baten kasua ezagutzen dut. Kostaldekoak dira biak, oso inguru euskaldunetakoak. Neska Gipuzkoako herri batekoa da; mutila, Bizkaikoa. Erlazioaren hasieran nork bere euskarari eutsi zion, batua «artifiziala» baita. Azkenean, erdaraz egiten hasi ziren hobeto ulertzeko elkar.

Denok dugu glotofobia pairatzeko arriskua. Euskaraz edo beste hizkuntza batez. Uda amaierako ostiral batean Sarako festetan izan ginen, zoroarena egiten. Biharamunean hiriburura joan ginen. Baiona Ttipian bazkaldu, eta lagunarte ederrean segitu genuen. Gauean, Kaietenea ostatura joan ginen zerbait hartzera. «Badakizu? Frantsesez afrikarren gisan mintzatzen zara. Beltzen azentua duzu», esan zidan Yvettek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.