Koronabirusa

Maskaren erabilera. Paisaiaren parte, era orokortuan ez bada ere

Birusak hedatzen segitzen duela erakutsi dute azken egunotako datuek; izurriari euste aldera, beraz, maskararen erabileraren aldeko ahotsak ozentzen ari dira. Ez da uniformea erabilera.

JON URBE / FOKU.
Arantxa Iraola - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Edurne Begiristain -Olatz Silva
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Itxialdia gaindituta, lehen hesitutako eremu publikoak berreskuratze aldera, aparteko garrantzia hartu dute maskarek. Haiek biztanleria osoarentzako eskuratzea kimera bat zen izurriaren hasieran, eta instituzioetatik ere auzitan jarri zen horien erabileraren egokitasuna. Orain bete da merkatua, bete nahi dira berriz kaleak eta plazak, eta irmo ozentzen ari dira osasun publikoko arduradunen maskarak erabiltzearen aldeko mezuak. Asteon, esaterako, Ordizian (Gipuzkoa) izurriak izan duen oldarraldiari aurre egiteko hartu diren neurrietako bat maskaren erabilerarekin lotuta dago: maskara erabiltzeko betebeharra ezarri diete herritar guztiei, kalean eta espazio publiko itxi guztietan erabili behar dute, pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzeko aukera badago ere. Gainerakoan, irizpidea da espazio publikoetan erabiltzea; itxiak direnean, eta irekiak direnean ere bai, baldin eta ezin bada distantzia egokirik mantendu ingurukuoekin. Ordiziakoaren gisako neurriak hartu dituzten eremu geografiko zabalagoak ere badira: Katalunian ere derrigortu egin dute erabilera.

Asteon ezagutu diren datuen arabera, Euskal Herrian oraindik maskara erabiltzearen aurreko uzkurtasunak handiak dira. Karlos III.a Institutua birusaren prebalentzia neurtze aldera egiten ari den azterlanaren barruan, maskararen erabilerari buruzko hainbat datu jakinarazi ditu, eta apalak dira Euskal Herrian. Autonomia erkidego guztietako egoera erakusteko egin duten mapan gorri-gorri ageri da Euskal Herria; datu bereziki deigarria da Gipuzkoakoa: herritarren %45 maskara gabe irteten dira kalera. %16 dira Nafarroan; %20 Araban; %23,5 Bizkaian. Jaurlaritzak adierazi du kanpaina bat egingo duela gaiaren inguruan kontzientzia hobetzeko. Euskal Herriko hainbat toki bisitatu ditu BERRIAk maskarenerabilera zelakoa den ikusteko:

1. ERRENTERIA

Erdigunean eguerdian: erdiek baino gehiagok daramate

Biteri kalea Biteri txikia deitzen hasten den kantoi horretan —herriaren bihotzean— jarri eguerdian, koaderno bat esku artean hartu, eta maskara soinean daramatela doazenekin eta hura gabe dabiltzanekin zerrendak egiten hasi, eta bi zerrendak oso antzekoak dira. Kalearen beste muturrean, handik ordu erdira berriz ariketa egin, eta paretsukoa izan da berriz emaitza: erdiek baino gehiagok daramatzate maskara. Dendetara begiratu, eta guztietan bezeroak maskara jantzita; dendari gehienak ere bai. Ukaezina da: paisaiaren parte dira.

Gamon Zumardian, Xenpelar kultur dendan, hura gobernatzen, Eneko Arruabarrena, maskara soinean duela. «Mundu guztia sartzen da dendan maskara soinean duela: ehuneko ehun ia». Erabilera aski errotuta dagoela esan du. Handik metro batzuetara, tabernen gunea. Terraza zabalak dituzte. Terrazetan, oro har, bakanak dira maskara soinean daramaten pertsonak; gabe daude gehienak. Kokospean dituzte hainbatek. Tabernetan sartzeko, birusari aurre egiteko ohartarazpen kartel handiak daude jarrita, hainbat neurri gogorarazteko. Arkaitza tabernaren barruan, Jone Arruti Peña, barraren atzean, maskara soinean duela. «Hara zer gertatu zaion horri». Bezero bati begira dago: ahantzi egin zaio maskara jantzi behar zuela tabernara sartzeko; berehala jabetu da, ordea, eta konpontzen saiatu da: ate ertzetik esan die tabernariei zer nahi duen. «Halakoak izaten dira», onartu du Arrutik. Oro har, taberna barruan jendeak eskatzerakoan, komunerako bidean eta halakoetan ere maskara erabili behar duela gogorarazi beharrean sarri ibili behar izaten dutela esan du: «Jendearen gainean egon behar da». Oro har, hala ere, jarrera ona dela adierazi du.

2. HENDAIA-URRUÑA

«Beharrezkoa» ez dela usu gogorarazten dute

Irun atzean utzi, Santiago zubia igaro, eta Hendaia (Lapurdi). Ageri dira eguerdian han-hemenka maskarak: bakanak. Eskuan daramatza jende askok, edo hurbilean. SNCF tren konpainiaren geltokian sartzeko, adibidez, denek janzten dute. Dendetan, urriagoa da erabilera. Hantxe parean okindegi batean sartu, esaterako, eta maskararik gabe dago saltzailea; halaxe daude bezeroak. Handik kilometro batzuetara, supermerkatu bat: jende dezente dabil han maskararekin; gabekoak bakanagoak dira. Urruña da hurrengo herria. Hango okindegi batean, dendaria maskararekin dago, denda hutsik badago ere. «Ez da beharrezkoa soinean eramatea», nabarmendu du. Tabernetan bestelakoa da joera; barraren atzean dauden langile gehienak maskararekin doaz.

Urruñako erdigunean, turismo bulegoan harrera egiten duen langilea, emakume gazte bat, maskara jantzia duela. «Turisten galdera ohikoena horixe izaten da: maskara erabiltzea derrigorra den. Ezetz esplikatzen diegu; garraio publikoan, tabernetan eta halakoetan bakarrik dela beharrezkoa. Dendetan, hautazkoa da». Eta zer ikusten da turismo bulegoko talaiatik? Zer erabilera du maskarak? «Erdiek badarabilte; beste erdiek, berriz, ez».

3. GASTEIZ

Hiriko txokoen arabera, ezberdin

Eguerdiko hamabi eta erdiak dira, eta jende gehiena maskara jantzita dago Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Batik bat, pertsona helduek eta zaharrek daramate jantzita, baina bada haurrik ere kolore biziko maskarekin. Inguruko terrazetan, ordea, bestelakoa da egoera. Eguzkiaz babestu asmoz itzalpean ezarrita dauden terrazetako pertsonek ez dute maskararik, baina taberna barrura sartzeko poltsikotik edo poltsatik atera eta jarri egiten dute. Plaza Berrian ere antzekoa da egoera. Bertako taberna bateko zerbitzaria da Miriam, eta terrazetan daudenei zerbitzatzen dabil, hura jantzita, eta gel desinfektatzailea eta trapua eskuetan. Kexu da bezero batzuek duten jarrerarekin. «Jada ez dute itxaroten mahaiak desinfektatzeko ere, zuzenean esertzen dira; kezkatuta gaude, arazoren bat egonez gero, gure ardura izan baitaiteke». Hala ere, erantsi du taberna barruan sartu ohi diren bezeroek «errespetuz» jokatzen dutela kasurik gehienetan.

Gasteizko auzoen artean bada aldea. Adineko bizilagun gehiago biltzen dituzten auzoetan, Zaramagan eta Lakuan, esaterako, ohikoagoa da bizilagunak maskara jantzita ikustea, baina auzo gazteagoetan auzokide gehienek ez daramate. Seme-alaba txikiak dituzte guraso gazte asko bizi da Zabalgana auzoan. Parkeak beteta daude, baina nekez ikus daiteke maskara jantzia duen gurasorik. Alarma egoera indargabetu zenetik, parkeetan edukiera mugatuta dagoela diote kartelek jolas guneetan, baina inor gutxik betetzen du araua: baimendutakoa baino jende gehiago dago, eta segurtasun tarteak ez dira betetzen. Maskararik gabe daude hainbat guraso parkean, ume txikiekin jolasten. «Poltsikoan gordeta daukat, baina oso deserosoa zait eta ez dut uste hemen arrisku handirik dagoenik», esan du guraso batek. Jolastoki horren parean du taberna Mikelek. Erabilera zorrotz betetzen saiatzen dira tabernan: langile guztiek daramate eta bezeroei janzteko eskatzen dien kartela dute sarreran. «Oro har, araua errespetatzen dute, baina bada maskara jartzeari uko egin dionik eta tabernatik haserre alde egin duenik».

4. BARAKALDO

Soinean, baina bakoitzak bere erara

95 kilometro egin behar dira Ordiziatik (Gipuzkoa) Barakaldora (Bizkaia) heltzeko. Herri batean kasuak gora doaz, bestean kaleak beteta daude. Herriko plazara begiratuta hara egoera: maskara bakoitzak bere erara darama. Askok jantzita daramate, ahoa eta sudurra estalita. Beste batzuek nahiago dute sudurra kanpoan eramatea. Jende ugarik besoan darama zintzilik, derrigorra denean eskura izateko; azken batzuek poltsikoan daramate. Plazan dago jesarrita Carmen Castelo, bi semeekin. «Ordiziako egoera oso urrun gelditzen zaigu. Ez duguna ikusten, ez dugu sinesten», azaldu du semeei eskuak garbitzeko xaboia banatzen dien bitartean. Ez dago kezka zantzurik Barakaldon. Foru pasealekua ere jendez gainezka dago. Jon Jagoba Santiagok eta Txema Felipek denda dute han. Nahiz eta haien dendara jendea beti maskararekin sartu, uste dute Ordiziako kasuek ez dutela eraginik izan: «Ez dugu aldaketarik ikusi. Jendea lasai dago; ez diote behar duen garrantzirik ematen egoerari». Kale amaieran metro geltokia dago. Metrotik ateratzean bidaiari askoren mugimendua bera da: eskua aurpegira eraman eta maskara kendu. Andrea Bednarczyk metroaren ondoan dago jendeari inkestak egiten. Zortzi ordu ematen ditu maskara jarrita, eta lana amaitu bezain pronto kendu egiten du. Hala ere, badaki zein garrantzi duen maskarak: «Derrigorrezkoa denean soilik erabiltzen dute askok, baina derrigorrezkoa beti izan beharko litzateke. Geure buruak babesteko era bakarra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.