Tarek Kahlaui. Politika Zientzietako irakaslea

«Kais Saied eratzen ari den sistema hibridoa izango da, erdi demokratikoa»

Oposizioa eta Mendebaldea oker daudela uste du Kahlauik, eta Saieden agintaldiak ez duela ekarriko demokraziaren amaiera, nahiz eta presidenteak «izaera autoritario eta populista» eduki.

RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Tunisia
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Tunisiako irrati nagusietako bateko solaskidea eta Tunisiako Mediterranean Business Schooleko Politika Zientzietako irakaslea da Tarek Kahlaui, eta nabari zaio politikaren pasioak bizi duela. Magrebeko herrialde horretan polarizazio politiko handia dago oraintxe, eta Kahlaui da Kais Saied presidentearen inguruarekin eta oposizioarekin harreman onak izaten segitu duten pertsona bakanetako bat. Saieden neurrira egindako konstituzio bat onartu berri dute erreferendum bidez. Baiezkoak irabazi zuen, botoen %94 lortuta, baina parte hartzea txikia izan zen, oposizioaren boikotaren eraginez, eta horrek auzitan jarri du konstituzioaren zilegitasuna. Erreferenduma egin eta egun gutxi batzuetara, Kahlauirekin hitz egin du BERRIAk.

Zer iritzi duzu konstituzioari buruzko erreferendumaz?

Uste dut %30,5eko parte hartzea txikia dela, baina askok espero baino handiagoa; izan ere, are gutxiagok parte hartu zuten etorkizuneko konstituzioaren edukiari buruz aurrez online egindako kontsulta batean. Nik neuk uste nuen 1,5 milioi pertsonak emango zutela botoa, eta, azkenean, 2,8 milioik eman zuten. Jende askok ez zion jaramonik egin erreferendumari, bazekitelako emaitza aurrez erabakita zegoela.

Oposizioak hauteskunde iruzurra salatu du, parte hartze datuak puzteko asmoa izan delakoan. Uste duzu hauteskundeak garbiak izan direla?

Bai, eta Murakibun gobernuz kanpoko erakundearen iritzian oinarritzen naiz, hark ikuskatu baititu 2011z geroztiko hauteskunde guztiak, baita erreferendum hori ere, eta beti oso modu profesionalean aritu izan da. Haren ebaluazioaren arabera, prozesua garbia izan zen, eta haien begiraleek tokian tokian jasotako parte-hartze datuak bat etorri ziren ISIE Hauteskunde Batzordeak emandakoekin.

Erreferenduma egin eta berehalaxe, ordea, ISIEk datu kontrajarriak argitaratu zituen...

Uste dut hutsegiteren batengatik izan zela, batzordekideen abilezia faltagatik, eta ez datuak manipulatzeko ahalegin batengatik. Arazoa ISIEren sinesgarritasunean dago; izan ere, Saiedek nahieran izendatu zituen batzordeko kideak, eta, hortaz, ez da berez erakunde independente bat. Horregatik ez zuen ezer esan arau hauste batzuk gertatu zirenean. Esaterako, presidenteak aldatu egin zuen konstituzioaren zirriborroa hauteskunde kanpaina bete-betean, telebista publikoak ez zituen modu inpartzialean tratatu alde guztiak, eta abar. Baina ez zen hauteskunde iruzurrik izan.

Orduan, %30 hori zeren ispilu da, Saieden onarpenaren ispilu?

Bueno, Tunisiako gizartearen zati bati ez zaio politika interesatzen; esan liteke ia erdia dela, gutxi gorabehera. Uste dut gainerakoen artean gehienek babesa ematen diotela Saiedi orain ere. Nire ustez, oposizioaren hanka sartze bat izan zen ez aurkeztea, baina, aurkeztu izan balitz, ziur nago galdu egingo zuela, eta «baiezkoa» berdin-berdin gailenduko zen. Hain zuzen ere, horren jakitun zeuden, eta horregatik boikotatu zuten. Ohikoa da parte hartzearen ehunekoa aurreko hauteskundeetakoekin konparatzea, eta apalagoa izan da. Baina hori engainagarria da, inskribatuak gehiago baitira [ia bi milioi gehiago]. Boto emaileen guztizkoari erreparatuz gero, ez da oso bestelakoa parlamenturako 2019ko hauteskundeetan izandakoarekin konparatuta.

Norantz doa Tunisia konstituzio berriarekin?

Uste dut sistema hibrido baterantz doala, edo sistema erdi demokratiko baterantz. Konstituzio berriak presidentearen eskuetan biltzen ditu botere guztiak; alegia, bide ematen dio sistema autokratiko bati. Baina ez dut uste hori denik Saieden asmoa. Oposizioa oker dabil Ben Ali II.a izango delakoan; baita nazioartea ere, Tunisiako demokraziaren amaia delakoan. Are gehiago, bestelako lider batzuekin alderatu behar da, izaera autoritario edo populista dutenekin: hauteskundeak badaude halako sistemetan, baina lehia ez da beti erabat justua izaten. Nire ustez, [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganekin parekatzeko moduko lider mota bat da. Biak dira kontserbadoreak, populistak, eta burua teoria konspiratzailez betea dute.

Tunisian zurrumurrua dabil litekeena dela presidenteak legez kanpo uztea alderdiak, edo, gutxienez, alderdi batzuk, hala nola Ennahda islamista. Sinestekoa iruditzen al zaizu?

2021eko uztailaren 25ean botere osoak hartu zituelarik, dei diezaiogun kolpe edo dena delakoaren bidez, ez da izan oposizioaren kontrako errepresio kanpaina masiborik. Oro har, salbuespenen bat salbuespen, errespetatu egin da adierazpen askatasuna. Komunikabide pribatuetan, oposizioa gonbidatzen dute, eta libre esan liteke Saiedek estatu kolpe bat eman zuela. Eta ez dut uste hori aldatuko denik eta alderdi politikoak desegingo dituztenik, ezta Ennahda ere. Nahi izanez gero, abenduaren 17ko hauteskundeetan parte hartu ahalko dute. Eta, nire ustez, parte hartu behar lukete, herritarrekiko loturarik ez galtzeko. Hanka sartze bat da 2011ko uztailaren 25aren aurreko egoerara itzuli nahi izatea. Sistema berrian integratu behar lukete, eta hura barrenetik aldatzen ahalegindu.

Saied gai izango al da bere erregimen berria sendotzeko?

Egoera sozialaren araberakoa izango da dena. Hilabete hauetan, ez da izan asaldura handirik, aurreko urteekin konparatuz gero. Dena dela, datorren urtea gogorra izango da. Tunisiak [Nazioarteko Diru Funtsa] NDFren ekarpen bat behar du iraun ahal izateko, eta horrek berekin ekarriko du egiturazko neurri mingarri batzuk hartzea. Horrez gainera, nazioarteko egoera ez da batere lagungarria: hor dago atzeraldia, eta inflazio handia ere bai, erregaien prezioak direla eta. Beraz, litekeena da leherketa sozial bat egotea, eta sendotze hori eragoztea. Dirudienez, oposizioak horrexen alde egingo du, eta uste du Mendebaldearen presioek eragina izango dutela.

Erreferendumaren ondoren, AEBek gogortu egin zituzten Saieden jarrerari buruzko kritikak.

Bai, baina ez dira harago joango. Tunisia EBren atzealdeko patioaren parte bat da, eta oso kezkatuta dago litekeena delako herrialdean kaosa gailentzea, eta milaka pertsonak pateran alde egitea Mediterraneoa gurutzatzeko asmoz. NDFren kredituek baldintza batzuk ekartzen dituzte: neoliberalak, batetik, baina baita geopolitikoak ere, bestetik. Eta bai EBk eta bai AEBek eragotzi egin nahi dute Txina eta Errusia indarrez sar daitezen Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Horrexegatik babesten dituzte indarrean dauden erregimenak.

Tentsio sozialik piztuz gero, nola erantzungo du UGTT sindikatu ahaltsuak?

Duela bi hilabeteko greba hark porrot egin zuen nagusiki, eta uste dut ahul daudela. Beldur dira Kais Saiedek ez ote dituen epaileak erabiliko beraien kontra egiteko. Bestalde, estatuaren mende daude, finantzaketari dagokionez. Uste dut Saiedekin itunen bat egiten ahaleginduko direla. Ez dute onartuko, ordea, estatuaren beste erakunde bat gehiago izatea, Ben Aliren agintaldian bezala. UGTTk ez dio kalean aurre egingo Saiedi. Nolanahi ere, leherketa sozialik izango balitz, bat egingo lukete mugimendu horrekin, eta orduan aurre egingo liokete Saiedi.

Panorama horretan guztian, zer egiteko dute armadak eta Barne Ministerioak?

Haizeak nora, haiek hara jo dute. Barne Ministerioa hainbat ataletan zatituta dago, ez dago ekintza batasunik. Armada, berriz, deseroso sentitu da, Saiedek erabili egin duelako. Neurri garrantzitsuagoak iragarri dituzte, militarren aurrean iragarri ere, bat datozela aditzera emanez. Tunisian, armadak ez du politikan sartu nahi. Oposizioa presidentearen kontra matxinatzen bada, orduan bai, orduan esku hartuko du, alde batera baztertu dadin, 2011n gertatu zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.