Albistea entzun

Klima larrialdia

Bero saparen pean

Txina azken 60 urteetako bero bolada okerrena eta luzeena jasaten ari da, eta zenbait estatutan larrialdi egoera ezarri behar izan dute. Nekazaritza Ministerioak ohartarazi du arriskuan dagoela udazken honetako uzta.
Gizon bat arto sail batetik igarotzen, berotik babesteko aterki bat eskuetan duela, Jiujiangen.
Gizon bat arto sail batetik igarotzen, berotik babesteko aterki bat eskuetan duela, Jiujiangen. ALEX PLAVEVSKI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Urkia -

2022ko abuztuak 30 - Pekin

Txinan azken 60 urteetako bero bolada gogor eta luzeena bizi dute. Hainbat eskualdetan alerta egoera ezarri dute abuztuan, tenperaturek 40 graduren langa igaro dutelako; erdialdeko Chongqing hirian 45 gradura ere iritsi dira. Egoera horrek lehorteak eragin eta suteak ere piztu ditu azken asteotan.

Bero boladak eta prezipitazio baxuek erabat aldatu dute Txinako hainbat eskualdetako paisaia. Yangzi Txinako ibai luzeenaren ertzek, adibidez, bestelako itxura dute: Hubei eskualdean, Poyang lakua lehortu, eta 600 urtez erdi urperatuta egon den monasterio budista bat bistaratu da; eraikinaren azpiko harri eta arroketan oinez dabiltza orain bisitariak. Laku eta ibaien ur maila bat-batean jaitsi da, eta herrialdeko arroz ekoizle nagusiak diren inguruko eskualdeak urik gabe geratu dira. Txinako Nekazaritza Ministerioak berak aitortu du arriskuan dagoela udazken honetako uzta. Hainbat sute ere izan dira, batez ere Chonqingen eta Sichuanen.

Horiek hala, hegoaldean pozik hartu dute azkenean joan den astean iritsi zen Ma tifoia. Bi hilabeteko lehortearen ondoren hark ekarritako euriak egoera zertxobait hobetu du, eta tenperatura jaitsi ditu. Hala ere, garai honetan tifoiak sarritan izaten direla kontuan hartuta, lehen hau ez da nahikoa izan.

Ma Jun izan zen klima larrialdiarekin lotuta lehen alerta deia egin zuen ekintzailea; orain, Txinako Ekologia Departamentuaren zuzendaria da: «Egoera hau ez dugu inoiz ezagutu. Orain arte, mendebaldeko eskualde gutxi batzuetan bakarrik izaten genuen horrelako beroa, Xinjiangen adibidez, baina ez hegoalderago. Gainera, beroa alde batera utzita, ohiko eurite garaia laburtu egin da, eta hezetasuna izugarri jaitsi: Sichuanen, batez besteko prezipitazioen %45 egin du aurten; Chongqingen, %80. Eguraldi patroi arraro hauek frogatzen dute klima larrialdia dela-eta muturreko meteorologia ohiko bilakatuko dela».

Ioduro hodeiak

Egoera honi aurre egiteko hainbat neurri hartu dira; besteak beste, eguraldia aldatzeko programak jarri dituzte martxan. Hubei eskualdean, hodeietara ioduro barratxoak jaurti dituzte, euria sortzeko prozesua azkartzeko. Lainoak ereitea esaten dioten prozesu hori 1940ko hamarkadatik erabiltzen dute; Txina da, hain zuzen, eguraldia aldatzeko teknikak garatuen dituen herrialdea. Hala ere, hori ez dela nahikoa dio Ma Junek: «Horrelako teknikak lagungarriak izan daitezke luze gabe, baina mugatuak dira. Ez badago hezetasunik, ez lainorik, teknika horrek ez du bere kabuz euria sortzeko balio».

Prezipitazioak gutxitu direnez, energia hidraulikoa ere murriztu egin da, eta elektrizitate mozketak izan dituzte harekiko menpekotasun handia duten eskualdeetan. Sichuanen sortzen duten elektrizitatearen %80 energia hidraulikotik dator. Hortaz, etxebizitzei lehentasuna eman, eta industrian elektrizitate mozketak egitea erabaki dute.

Energia berdea

Adituen arabera, bero boladak agerian utzi ditu Txina energia berriztagarrietara ematen ari den jauziaren hutsuneak. Txina da munduan trantsizio ekologikoa azkarren egiten ari den herrialdea —orain gehien kutsatzen duena den arren, Mendebaldea baino askoz geroago hasi da kutsatzen—. Aldiz, azken hamarkadetako hazkunde azkarraren ardatzetako bat izan da ikatzaren kontsumoa, eta orain bat-batean hazkunde eredu hori erabat eraldatu nahi du. Zail da, ordea, jauzia horren azkar egitea.

Energia berriztagarrien garapena bizkorra izan da Txinan: orain, adibidez, eguzki eta haize energian lehen ekoizlea da munduan. Baina beste menpekotasun batzuk agertu dira: Sichuanen, adibidez, energia hidraulikoak kale egin, eta elektrizitaterik gabe geratu dira azken asteotan.

Ma Junek azaldu duenez, bero bolada honek erakutsi du arriskutsua dela energia berriztagarrien artean bakar baten menpeko izatea: «Energia berriztagarrietara egiten ari garen saltoa ikusgarria den arren, oraindik asko dago egiteko, batez ere energia berde moten arteko elkarlanaren arloan. Europan hori garatuago dago: haize energiaren eta eguzki energiaren ekoizpena, adibidez, bi modelo horiek koordinatuz sortzen da. Txinak oraindik europarrengandik ikasi behar du energia berriztagarrien arteko koordinazioaren eta elkarlanaren inguruan. Bestalde, energiaren biltegiratzearen esparruan ere asko dago egiteko: adibidez, energia hidraulikoa sortzeko guneak energia gordailu gisa ere erabili daitezke; erabilpen hori emateko teknologia garatu behar dugu, bero sapa bat badago elektrizitatea moztu behar ez izateko».

Adituak bat datoz denbora behar dela ikatzarekiko menpekotasuna gainditzeko. «Muturreko eguraldi hau isurien ondorio da, eta, modu batera edo bestera, denok egin behar dugu trantsizioa. Txina hori lortzeko bidean dago, oraindik lan asko dago egiteko, hori bai».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.