Presoen auzia askatu eta elkarbizitzan sakontzeko «bide» izan nahi du Sarek

Egoera politiko «berriak» sorturiko aukerez baliatu eta ziklo berri bat hasteko beharra azpimarratu du

Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gizarteak azken bi urteetan erakutsi duen konpromisoa goraipatu du Sare dinamika herritarrak, eta baikortzat jo du «kontsentsu anitz» lortu izana. Halere, Frantziako eta Espainiako gobernuek eman dituzten pauso «xumeak» indartzeko eta sendotzeko beharra ikusten du oraindik, eta panorama politiko berriak sortu dituen aukerak baliatzea izanen du ardatz ondoko ikasturteetan. Izan Bidea dinamika jarri du horretarako Sarek martxan, presoen auzia askatzeko eta elkarbizitzan sakontzeko.

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko «bide izan» nahi du Sarek. «30 urte dira euskal presoei eta haien senideei urrunketa politika ezarri zitzaienetik, eta, egun, tamalez, martxan jarraitzen du». Egoerari aurre egiteko egin dituzten urratsei esker, «kontsentsu zabala» lortu dute eremu anitzetan. Maila politikoan, oroitarazi dute alderdien gehiengoak salbuespenezko politika amaiarazi nahi duela, eta bide horretan hainbat tokitan onartu diren mozioak goraipatu ditu. Eremu sindikaleko gehiengoaren babesa ere lortu dutela azaldu du. Sareren hitzetan, Orain Presoak dinamikak gizartea «bere aniztasunean» bildu du. Bestalde, gogora ekarri du bakearen eta elkarbizitzaren alde «politika munduan aritu diren kideek edota biktima anitzek» eraman duten aldarria.

Aro berri bat

Espetxe politika arruntari bide emateko, salbuespenezko espetxe politika amaitu behar dela azpimarratu dute. «Euskal presoei dagokienez, salbuespen legediak dakarren zigor bikoitza hirukoitz bilakatu da alarma egoeran». Adierazi dutenez, deskonfinamenduan ere, urruntze politika dela eta, bisitak berrezartzeko eskubiderik gabe gelditu dira.

Sarek jakinarazi duenez, egoera horrek eragina izan du dinamika berrian, eta lanketaren beharra areagotu du. Beraz, dinamikarekin batera «gizarte aktibazioa» handitu nahi dute, eta oraindik irtenbide beharrean dauden auziak konpondu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.