Ane Insausti Altuna. Mubileko zuzendari nagusia

«Garapen jasangarri horri begira, toki onean egongo gara»

Orain gauzak beltz ikusten diren arren etorkizuna iritsiko dela nabarmendu nahi du Insaustik. Mubil Europaren estrategiarekin ehuneko ehunean lerrokatuta egotea abantaila handia dela uste du.

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Aldundiarenproiektu estrategikoetako bat da Mubil elektromugikortasun zentroa. Fundazioa lehendik ari da lanean, baina laster egoitza fisiko bat ere izango du Mubilek Tolosan, gero behin betiko egoitza Zubietan izateko. Ane Insausti Altunak (Donostia, 1984) ekainean hartu zuen Mubilen lema, zuzendari nagusi gisa. Maskararen eta krisiaren gainetik, begi erneekin grinaz begiratzen dio etorkizunari, aukera berriei. Hain zuzen, haren lanetako bat izango da adi egotea mugikortasun berriak euskal enpresentzat eta ekonomiarentzat dakartzan aukerei.

Nola dago orain Mubil, zein fasetan zaudete?

Une oso interesgarrian dago. Mubilen behin-behineko eraikina urte hasieran jarriko da martxan, Tolosan, Usabal poligonoan. Urrats garrantzitsua izango da, gauzatu egingo delako aurretik datorren estrategia. Usabalek jada egingo ditu pauso garrantzitsu batzuk. Bertan izango dugu, adibidez, energia biltegiratzeko laborategia. Cidetecek kudeatuko du laborategia, eta, han, enpresek garatzen dituzten baterien kontzeptu probak egin ahal izango dituzte. Ekipamendua punta-puntakoa izango da Europa mailan. Urrats hori guretzat oso garrantzitsua da, azpiegitura teknologiko bat izango dugulako. Bilera gelak eta formazio gela ere egongo dira. Eta horrekin aukera izango dugu ekintzailetzaren eta ezagutzaren kudeaketaren inguruan dagoeneko egiten ari garena sendotzeko.

Fase polita diot pandemiaren erdian elektromugikortasunaren eta mugikortasun berriaren inguruan albiste positibo asko daudelako. Mubil bideratzaile gisa gure lurraldean egoteak oso posizio politean jartzen gaitu, aurrera egiteko eta etorkizunerako. Badakit orain gauzak beltz ikusten direla, baina etorkizun hori iritsiko da, eta garapen jasangarrira begira toki onean egongo gara.

Pandemiak gauzak hamar urte aurreratu dituela esaten da.

Ehuneko ehunean ados nago horrekin. Azeleratu egin ditu erabat; ikusten ari gara. Mugikortasun berriaren arloan lau faktore daude neurtzeko azelerazio horretan gauden edo ez gauden, eta egongo garen. Faktore bat teknologia da. Teknologian, gure enpresa askok urteak daramatzate lanean, eta harro egon gaitezke, baina gainerako lurraldeetan ere ari dira teknologia horretan.

Teknologiaren aurrerapenak eragin handia du beste faktore batean: prezioan. Auto elektrikoen prezioak pixkanaka jaisten ari dira, batez ere teknologiaren garapenaren ondorioz. Beste faktore garrantzitsu bat da jendearen sentsibilizazioa. Garapen jasangarria hitzak jende askoren ahotan entzungo dituzu, baina galdera da ea benetan barneratuta zeuden ala ez. Pandemiak ekarri du jendeak hitz horiek benetan sinestea, ekonomiaren jasangarritasuna izatea helburu.

Laugarren faktorea lurralde politika izan da, lehendik bazetorrena. Europak argi utzi du 2050.urterako CO2 isuriak %90 murriztu behar direla garraioan. Eta hori lortzeko mugikortasun berriaren arloan gauzatzen ari diren egitasmo, teknologia garapen, ekintzailetasun guztiak izango dira beharrezko, nahi eta nahi ez.

Hain zuzen, Europarentzat trantsizio energetikoa da krisi sakon honetatik irteteko bide nagusietako bat. Europako funtsak ere horretara bideratuta daude. Zer espero duzue Europatik Mubilen?

Galdera ez da zer eskatu behar dion, baizik eta zer eskaini diezaiokeen Mubilek Europari. Ni berria naiz, baina Mubil 2018an jarri zen abian; 2019an sortu zen fundazioa, eta Mubilen estrategia ehuneko ehunean dago lerrokatua Europaren estrategiarekin. Horrekin abantaila handia dugu. Europako funtsez ari zara, jakina. Guretzat laguntza handia da jada hor lerrokatuak egotea. Baina hori iristen bada, egiaz izango da guk eskaini dezakeguna hor dagoelako. Mubilen proiektuak, bideratzaile gisa, baina baita inguruan ditugun osagaiek ere: enpresa traktoreek, enpresa txikiek, zentro teknologikoek... Denek batera benetan asko dugu eskaintzeko Europaren estrategia horretan. Etxeko lanak egin behar dira, baina lasai esan dezaket posizio onean gaudela.

Elektromugikortasunaren arloan agente asko daude, ez soilik Gipuzkoan, baita beste euskal lurraldeetan ere. Enpresak, erakundeak, zentro teknologikoak... Zenbateraino ez dago atomizatuegia arlo hori? Nola ikusten duzu sektorea elkarlanerako eta lehiakortasunerako masa kritiko bat lortzeko?

Nik uste dut osagai onak ditugula: enpresa asko ari dira lanean, eta ez orain bakarrik, lehendik ere buru-belarri ari ziren. Eta Mubilen helburuetako bat hori da, hain zuzen; bideratzaile izatea elkarrekintza horretan, ekosistema horretan laguntzea. Egia da zentro teknologikoen artean, enpresen artean, kolaborazio horiek gertatzen ari direla Europan eta egin behar direla. Adibidez, Volvo eta Daimler, lehiakideak izanda ere, elkarlanean ari dira. Lehiakideak dira auto erabilgarrietan, baina hidrogenozko autobusentzako teknologien garapenerako aliantza egin dute, gauzak azkarrago egin ahal izateko, eta produktua besteek baino lehenago jarri ahal izateko merkatuan. Ikusten dutelako benetako lehia kanpotik etorriko dela; Tesla, Europan hidrogenozko autobusa eskaini nahi duen Hyzon AEBetako enpresa, eta Asiatik etor daitezkeenak.

Uste dut denek argi dugula kolaborazioa beharrezkoa dela, eta Mubilen eginbehar bat da hori laguntzea. Pixkanaka ari gara ikusten. Jendearen artean argi dago hori beharrezkoa dela.

Kontu horretan bi gauza ikusten ditut nik. Batetik, zaila da jada lehiakideak diren zerbaitetan elkarlanean hastea jada produktua merkatuan izanda; baina, aukera berriekin merkatu berriak irekitzen direnean, hor errazagoa izan daiteke kolaborazioa, abantailak ikusi egiten direlako.

Erakundeen arteko elkarlana nola ikusten duzu? Boroan ibilgailu elektrikoen inguruko beste zentro bat sortuko da, Gestampekin.

Horiek txasisean egingo dute lan. Bateria elektrikoekin, autoak pisu handia hartzen du, eta zentro horretan aztertuko dute nola aurreztu pisua autoen txasisetan, aerodinamika galdu gabe, segurtasuna mantenduz... Guretzat oso albiste ona da, osagarritasun hori ematen digulako eta herrialde gisa indartsuago egiten gaituelako. Azken finean, bakarrik joanda ez daukazu indar hori, baina, herrialde gisa, gure gaitasunak elkarrekin jartzen baditugu,zerbait askoz ere ahaltsuagoa egin dezakegu.

Eskuzaitzetako (Zubieta, Donostia) egoitza noiz iritsiko da?

Hor gabiltza. Abuztuan atera zen obraren lizitazioa, eta esleipena egitear gaude. Usabalek lanean hasteko aukera ematen digu, baina Mubilen helburua polo ekosistema bat sortzea da, eta horretarako beste tamaina bat behar dugu. Paraleloan hori ere egiten ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.