Commonwealtharen etorkizuna jomugan

Erresuma Batuko Elizabeth II.aren heriotzak Commonwealtha aldatu du. Charles III.a hamabost herrialdetako erregea da, eta horietako lauk errepublika bihurtzeko prozesua abiatu dute. Jamaikak, Antigua eta Barbudak, Saint Vincent eta Grenadinek eta Belizek«independentzia osoa» lortu nahi dute.

Commonwealtharen etorkizuna jomugan.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun

Kanadako, Papua Ginea Berriko eta Belizeko biztanleek, begiratu batean, ez dute zerikusi handirik. Munduko hiru puntatan daudelako, besteak beste. Bigarren begiratuan, ordea, ikus daiteke hirurak izan zirela Britaniar Inperioaren menpeko koloniak, hirurek dutela ingelesa hizkuntza ofizial, eta hirurak direla Commonwealth erakundeko kide. Are, hiru herrialdeetako txanponei erreparatuz gero, aurpegi beraren erliebea izan dute azken 70 urteetan. Aurrerantzean, beste aurpegi bat izango dute hiru estatuetako txanponek. Elizabeth II.aren ordez Charles III.a dute orain, baina estatuburu bera: Erresuma Batuko koroa.

 

Hamabost herrialde dira guztira Charles III.a estatuburu dutenak: Antigua eta Barbuda, Australia, Bahamak, Belize, Kanada, Grenada, Jamaika, Zeelanda Berria, Papua Ginea Berria, Saint Kitts eta Nevis, Santa Luzia, Saint Vincent eta Grenadinak, Salomon Uharteak, Tuvalu, eta, nola ez, Erresuma Batua.

Hamabost herrialde horiek Commonwealth erakundeko kide dira. Britainiar inperialismoaren azken arrastoa da erakunde hori: duela mende bat sortu zuen Erresuma Batuak, independentzia eskuratzen ari ziren britainiar koloniekin lotura instituzionala eta ekonomikoa mantendu zezan.

56 herrialdek osatzen dute egun. Horietako batzuk errepublikak dira —India, esaterako—; beste batzuek tokiko errege-erreginak dituzte —Lesothon, besteak beste—, eta gainerako hamabost herrialdeetako estatuburua Erresuma Batuko erregea da.

Ikusi gehiago:«Jamaikan arrasto handia utzi du iragan kolonialak»

«Nazioarteko elkarte moderno bat da», Sue Onslow Londresko Unibertsitateko Commonwealth Ikasketetako Institutuko zuzendariaren arabera: «Plataforma bat eskaintzen die Erresuma Batuari, Kanadari eta Australiari garapen bidean diren herrialde txikiak babesteko eta haiei ahotsa emateko nazioartean. Erakundeak bide ematen dio kideen arteko lankidetza politiko eta ekonomikoari, baita hezkuntza arlokoari ere».

Charles III.a estatuburu duten herrialdeak, ordea, errepublika bihur litezke berandu baino lehen. Horretarako abagunea Erresuma Batuko Elizabeth II.a erreginaren heriotzak sortu du. Charles III.a tronura igo bezain pronto, Karibeko lau erresumatako gobernuburuek erreferendum bana iragarri dute, errepublika bihurtzeko. Barbados dute eredu, iazko azaroan Elizabeth II.aren estatuburutza alde batera utzi eta errepublika bihurtu baitzen.

Hamabost herrialde horietan estatuburuaren rola «sinbolikoa» baino ez da, baina errepublika bihurtzeak «independentzia osoa» eskuratzea esan nahi du haientzat, Onslowren arabera.

Jamaika, barkamen bila

Jamaika da errepublika bihurtu nahi duen estatuetako bat. Agintean dagoen Alderdi Laboristak dagoeneko esan du estatuburutzaren inguruko erreferendum bat antolatuko dutela. Ez dute datarik zehaztu oraindik, baina Jamaikako Gobernua eta oposizioa errepublika bihurtzearen alde daude.

Gainera, kolonialismoarengatik barkamena eskatzeko exijitu diote Erresuma Batuari, baita konpentsazio ekonomiko bat eskatu ere, 600.000 afrikar indarrez eraman izanagatik bertako azukre eta banana landetan esklabo izateko. Onslowk, ordea, uste du Charles III.ak ez duela barkamenik eskatuko: «Errege familiak ez du barkamenik eskatu nahi britainiar inperialismoak egindakoagatik, eta uste dut ez duela inoiz eskatuko, Erresuma Batuko Gobernuari ondorio legalak eragingo lizkioke eta».

Erreferenduma «datozen hilabeteetan» egingo dute Saint Vincent eta Grenadinetan, Ralph Gonsalves lehen ministroak uztailean iragarri zuenez. Antigua eta Barbudan ere egiteko asmoa dute. Elizabeth II.a hil bezain pronto iragarri zuen Gaston Browne lehen ministroak hiru urteko epean herritarrei galdetuko dietela errepublika bihurtu edo monarkia izaten jarraitu nahi duten. Errepublika bihurtzearen aldekoa da gobernua.

Galdeketa bat iragarri duen laugarren herrialdea Belize da, baina ez dute datarik zehaztu. Monarkia britainiarrarekiko urruntasuna nabaria izan da aurten. William printzea —Charles III.aren semea eta hurrengo erregea— Belizen izan zen martxoan Catherine printzesarekin, bisita ofizial bat egiten. Zenbait ekintzailek protesta egin zuten haien aurka, eta ez zieten euren lurretan sartzen utzi, garai kolonialeko eskubide urraketak salatzeko.

Kanadan eta beste zenbait erresumatan ez dute eztabaidatu, oraingoz, errepublika bihurtzeko aukera. Ozeaniako egoera desberdina da, ordea. Zeelanda Berrian, Jacinda Ardern lehen ministroak esana du «argi» duela hil aurretik ikusiko duela Zeelanda Berria errepublika bihurtuta, baina ez du luze gabeko neurri moduan ikusten. Australian, berriz, egin zuten erreferendum bat 1999an, baina gehienek monarkia izaten jarraitzea erabaki zuten. Elizabeth II.aren heriotzak, ordea, errepublikaren eztabaida berpiztu du. Ez dute erreferendum bat aurreikusi oraindik, baina Adam Bandt, berdeen liderra, errepublika bihurtzeko trantsizioa berrikusteko ministro izendatu dute. Lehenago ez dute izan horrelako ministeriorik.

Charles III.a, ordea, «ez du kezkatzen» kolonia ohiren bat errepublika bihurtzeak, Onswolk azaldu duenez: «Erresuma Batuaren batasunak sortzen dio kezka. Eskoziak independentzia eskuratuko balu, erregeari eskatuko lioke bere estatuburu izateko, edo errepublika bilakatuko litzateke?». 2014an Eskozian egin zuten erreferendumean, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak adierazi zuen Eskozia independente bateko estatuburua Elizabeth II.a izango zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.