Katalunia. Joan Puigcercos. ERCko presidente ohia

«Prestatu egin behar dugu abagune bat sortzen denerako»

Autodeterminazioa helburu izanik ere, Esquerra Republicanako agintari izandakoak uste du oraintxe bertan lehentasuna jendearen zerbitzura aritzea dela, eta modu horretan independentziarako bidea eginez joatea.

DANI CODINA.
Carme Porta.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Joan Puigcercos (Ripoll, Herrialde Katalanak, 1966) ERC Esquerra Republikanoko idazkari nagusia eta presidentea izan zen, baita Kataluniako eta Espainiako parlamentuetako diputatua eta Generalitateko Gobernazio kontseilaria ere. Independentismoaren harrobian «harri pikatzaile» aritutako buruzagi independentistetariko bat ere izan zen, mugimendua hain jendetsua ez zen garaietan. Liburu bat argitaratu berri du, Josep Huguet eta Francesc Codinarekin batean: Picar pedra. 50 reflexions republicanes sense jugades mestres (Harria pikatzea. Maisu jokaldirik gabeko 50 gogoeta errepublikano).

Liburua modu bat da politikaren lehenbiziko lerrora itzultzeko?

Ez, inondik ere; alderantziz! Preseski, lehenbiziko lerroan ez nagoelako eman diot neure buruari liburua idazteko baimena. Liburua zera baino ez da, nire lagun Francesc Codina eta Josep Huguetekin —itxialdi bete-betean eta bideo dei bidez— izandako elkarrizketen bilduma bat.

Procés-ari buruzko zenbait mito eta aurreiritzi deseraiki nahi genituen, frogatu baita aurreiritzi horietako batzuk ez zirela egia, eta bertze batzuk, berriz, funtzionatu ez duten mantrak direla. Irizpide batzuk ematen ere saiatu gara, apaltasunez, hemendik aitzinera lan egiteko moduari buruz.

Liburuan gogoeta egiten duzue, eta proposamenak ere bai. Procés delakoak zer izan behar zuen pentsatzeko saio bat da?

Procés-a hainbat faktorek bat egin zutelako abiatu zen: gobernu konprometitu bat zegoen, alderdi konprometituak, eta bai gizarte zibila bai jendearen gehiengoa bulkaka aritu ziren akabailara arte. Hanka sartzeak ez ziren arazoa. Izan ere, erreferenduma hamaika trabarekin egin zen: zinez zaila zen estatuaren aurka erreferendum bat egitea, hots, estatua kontra edukita; gainera, Ibex-eko sektore ekonomikoek gobernua eta alderdiak estutu zituzten.

Ondorioz, bitarteko izan behar zena helburu bilakatu zen, eta horrek eragotzi egiten zuen biharamunean erreferendumaz haratago deus ikustea. Nire aburuz,procés-a ez zen hanka sartzea izan, urriaren 1a helburutzat zeukan prozesu bat baizik. Anitz ikasi dugu ordutik, eta, orain, egindako lana bideratu beharra dago, fedez eta itxaropenez. Hala ere, honetan denbora anitz daramagunok bagenekien urriaren 1a beheko kanpamentua zela, eta biharamunean mendi kaskora igotzen hasi beharra zegoela; hori da zailena.

Nolabaiteko kritika ere badago liburuan.

Maisu jokaldiak kritikatzen dira. Zenbaitek independentismo magikoaren ikuspegitik kontatu zituzten gauzak. Uste zuten urriaren 1etik aitzinera dena automatikoki abiatuko zela. Lekuz kanpo zeuden gauzak erran ziren, kontuan hartu gabe Espainia ere jokoan sartua zegoela. Liburuan, azaltzen saiatzen gara urriaren 1a Kataluniaren naziotasuna berresteko modua izan zela: herritar andana batek —ia gehiengoak— independentzia eta hari buruz demokratikoki erabakitzeko eskubidea nahi zituen; hain zuzen, urriaren 1ean desira hori gauzatu zen, estatu zapaltzaile bati aurre eginez. Eta dena dago egiteko oraindik.

Batzuek, fede onez, uste izan zuten jadaneko dena egina zegoela, eta, preseski, horixe da egungo frustrazioaren eragileetariko bat: procés-aren zenbait bultzatzaileren errealitate zentzu eskasa.

Ikuspegi horrek ez zuen kontuan hartu estatuaren estrategia?

Uste dut ez zuela kontuan hartu Espainia zer den eta ezarritako ereduak zer pribilegio dakartzan; hain zuzen, adostasun zabala dago eredu horren inguruan, eta, bertzeak bertze, estatu aparatuen babesa du: funtzionarioena, poliziarena, Ibex-ari edo administrazioari loturiko enpresa handi gehienena, hedabideena, eta Espainiako klase politikoaren zati handi batena.

Aparatuok sare bat osatzen dute: kide guztiak ez dira Madrilgoak, baina handik zuzentzen dute sarea, eta kideen interesak defendatzea da haren helburua. Ohartu behar genuen sare horrek bortizkeria baliatuko zuela erreferendumaren aurka; izan ere, hala gertatu zen.

Independentismoa ildo sinbolikoan dago oraindik ere? Berriki, tirabira politikoak izan dira balio deklaratiboa duten ebazpenen harira.

Ikusiko dugu sektore bakoitza zenbateraino desobeditzeko prest dagoen. Arrunt naifa da pentsatzea desobedientzia sinbolikoak egiazko eragina izanen duela. Berriki, Junts Per Catalunya alderdiko diputatu Jaume Alonso Cuevillasek hagitz modu egokian planteatu du gai jakin bat, eta JxCk orain arte defendaturiko diskurtsoa deseraiki du neurri batean, baina Kataluniako Parlamentuko mahaitik kendu dute horregatik.

Eta Esquerraren planteamendua, hots, elkarrizketa mahaiarena ere ez ote da pixka bat naifa?

Ez, herritarren %95 elkarrizketaren alde daude, eta arazoa da Madrilgo aldeak nola planteatzen duen auzia, elkarrizketa amore ematearekin parekatzen baitu. Espainiar nazionalismoaren kultura politikoaren parte da hori, hots, elkarrizketa amore ematetzat jotzea; Katalunian, berriz, desberdina da: egoera okerragoan gaudenentzat, elkarrizketa aukera bat da, eta azkenak gara mahaitik altxatzen.

Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka ez da baldintza berberetan jokatzen duten bi boxeolariren arteko borrokaldi bat; independentismoaren sektore batek, ordea, baietz uste du, eta, beraz, kolpeei erantzun egin behar zaiela pentsatzen du, eta, bertzea baino egoera okerragoan zaudelarik, aurrekontuen kontra bozkatuz erantzun behar dela, edo elkarrizketa mahaitik altxatuz bertzela, edo PSOEren gobernua eroraraziz eta azken hitza PP eta Voxen esku utziz. Nire iritziz, inteligentzia handiagoz jokatu behar da, eta, irabaztekorik ez duzunean, buruz buruko borroketan ez sartu.

Diskurtso naifaren epika surrealista da: gatazka piztea, baina alferrik. [Quim] Torraren afixaren logika da: erraustu egin zuten, azkenean kendu zuen pankarta batengatik; ez du inongo zentzurik.

Prozesu honetan guzian, konfiantza handiegia izan du independentismoak Europarengan?

Bai, independentismoak hanka sartu zuen horretan; xaloegi jokatu zuen. Katalunia errotik europar sentitzen da, Espainia eta Madrilen sortzen den kultura baino anitzez gehiago; beraz, mitoa irentsi genuen: sinetsi genuen Europa, demokraziaren sorlekua izanik, merkatu eta diru batasuna baino zerbait gehiago zela. Baina ikusi dugu hori ez dela horrela. Europako Batasuna osatzen duten estatuek beren interesei begiratzen diete, eta ez diote erreparatu nahi gainerako estatuetan gertatzen denari, talkarik izan ez dadin. Kataluniako procés-ari dagokionez, Europak monarkiaren aldeko Aliantza Santuaren pare jokatu du, askatasunaren sorleku gisa jokatu beharrean.

Nolanahi ere, Europan badira Espainiaren jokoan sartu ez diren herritarrak eta mugimenduak, bai eta zenbait erakunde judizial ere. Europa ez da gaitz guzien konponbidea, baina, aldi berean, gure ingurune naturala da, eta ezin diogu utzi politika egiteari.

Masa independentismoaz mintzo zarete lehenbiziko aldiz, eta mugimenduaren jatorri ezkertiarraz. Jarraitu beharreko ildo bat da hori?

Joera historiko bat da, baina diskurtso espainolistak erraten du independentismoa Kataluniako eskuinaren tresna bat dela, gobernuan segitzeko eta aginteari eusteko baliatzen duena. Bada, Kataluniako eskuinak estatuaren alde egin izan du beti, eta, azkenean, sektore batek independentismorantz jo du, baina independentismoak herrian du jatorria. Bistan denez, independentzia lortzeko prozesuak klaseartekoa izan behar du, gizarte guziari eragiten baitio. Guk zera proposatzen dugu, estatuak sorturiko mito bat, hau da, independentismoa Kataluniako eskuinaren tresna dela dioen mitoa deseraikitzea. Independentismoak ezkerreko diskurtsoan du jatorria, eta, hemendik aitzinera ere, ildo horri jarraitu behar diogu.

Beraz, ez da komeni gobernua osatzeko ituna eskuinarekin egitea?

Ez da bertze aterabiderik. Programa errealista bat behar da egungo egoerari aurre egiteko. Esquerrak, hats hartu behar dela dionean, erran nahi du lehentasunak daudela; bistan denez, herrialderik gabe ezin da prozesu independentistan aitzinera egin, eta herrialdea kolokan dago oraintxe: ekonomiari, gizarteari eta osasunari eragiten dion krisialdi bat piztu da, eta haustura soziala hasi bertzerik ez da egin. Lehentasunak daude, eta jendeari zerbitzu eginez aitzinera egiten dugu independentziarako bidean. Ezin gara independentistentzat bakarrik mintzatu. Jendea bildu behar dugu, ez baztertu. Antolakundeek beren agenda izan behar dute, baina gobernuak herritar guziei eman behar dizkie azalpenak, eta bere ekintzen bidez erakutsi behar du independente bagina hobeki egonen ginatekeela.

Zer egin behar da independentismoa berriz ere bideratzeko?

Independentismoak errealismorantz jo behar du. Herritarrei azaldu behar die bitartekoa ezin dela helburu izan. Beharrezkoa da alderdiak, gizarte eragileak eta, oro har, gizartea aktibatuta egotea. Gobernuaren kudeaketa bertze kontu bat da, baina bide paraleloa egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.