Umorea, munduari begiratzeko

Andrei Kurkov, Tatiana Tibuleac eta Iban Zaldua izango dira, besteak beste, Bilboko Ja jaialdian, hilaren 26tik urriaren 6ra arte

Erredakzioa
Bilbo
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Umorea adimenaren, zibilizazioaren, kulturaren, askatasunaren eta bizipozaren adierazpen gisa aldarrikatzea izango du helburu Bilboko Ja jaialdiak hamargarren aldian. Hala, umorearen bitartez, ekonomiaz, feminismoaz, berdintasunaz, mafiaz, Sobietar Batasunaren osteko garaiaz eta diziplina artistikoez ariko dira hainbat sortzaile, hilaren 26an hasi eta urriaren 6an amaituko den topaketan.

Ekitaldi nagusiak hasi baino bi egun lehenago, 24an, Fernando Marias idazleak bakarrizketa bat egingo du BBK aretoan, jaialdiaren aurrerapen gisa. Ofizialki, jaialdia 26an hasiko da, Tatiana Tibuleac idazle moldaviarrarekin izango den solasaldiarekin. Hurrengo egunean, Elisa Victoria eta Sabina Urraca haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean dagoen «amildegiaz» ariko dira lehenik, eta gero, berriz, Juan Bas eta Iñigo Dominguez, mafiari buruz.

Hilaren 28an, Fernando Trias de Besek eta Marta Flichek gogoraraziko dute zenbaitetan umorea erabiltzen dela gai ekonomikoak jorratzeko, eta jarraian Edu Galanek Maruja Torres idazle espainiarra elkarrizketatuko du.

Urriaren 2an, Guillermo Altaresek Andrei Kurkov idazle errusiarra elkarrizketatuko du, Txernobiletik sobietar gainbeherara izenburua jarri dioten solasaldian. Kurkov japoniera itzultzailea izan zen KGBrentzat, baita espetxe zaindaria ere, eta hainbat liburutan islatu du Sobietar Batasunaren garaiko giroa, bai eta haren ondorengoarena ere. 3an, berriz, Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak Iban Zaldua idazlea elkarrizketatuko du —hori izango da jaialdi osoan euskaraz egingo den ekitaldi bakarra—. Egun berean Fernando Marias Manuel Vilas idazle espainiarrekin solastatuko da.

Cristina Morales eta Ivan Repilaren solasaldia gidatuko du Alicia San Juanek urriaren 4an, eta, segidan, Cesar Cocak Antonio Muñoz Molina idazle espainiarra elkarrizketatuko du. Azkenik, 6an, igandearekin, David Trueba zinemagile espainiarrak umorezko bere hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratuko ditu.

Bestalde, Elvira Lindo idazle espainiarrak jaialdiaren saria jasoko du aurreko egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.