urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Pragatik Bartzelonara, Noumea

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Europako agintariak Pragan ziren atzo, duela mende bat Txekoslovakia jaio zela gogorarazten. Chicagoko diasporak, Londreskoak, eta Estrasburgon bizi diren txekiar eta eslovakiarrek ere gogora ekarri dute Austria-Hungariako inperioa desegin eta euren nazioek askatasuna lortu zuteneko mendeurrena.

Batzuentzat, paradoxikoa da gaur egun ez den estatu horren sorrera omentzea. Zazpi hamarkada iraun zuen alemanen, poloniarren eta hungariarren artean bizi ziren eslaviarrak bildu zituen estatuak. Magyarrengandik hegoaldera zegoen inperioko zatia (Eslovenia, Kroazia, Voivodina eta Bosnia-Herzegovina), Montenegro bereganatu berri zuen Serbiako estatuarekin batu zen abenduan, Jugoslaviako erresuma izango zena sortzeko.

XX. mendean antzeko ibilbidea izan zutenek antzera amaitu zuten duela mende laurden. Baina sezesioa gehiegitan Balkanetako gerrekin alderatu ohi den arren, gutxik dute mintzagai zelan bereizi ziren Txekia eta Eslovakia. Bikotekide batek, Txekiak, integrazio handiagoaren alde egiten zuen («federazio bideragarri bat» eskatzen zuen Vaclav Havelek), baina besteak justu kontrakoa nahi zuen, Pragarekiko deszentralizazio handiagoa. Eta hala gertatu zen belusezko dibortzioa, 1992ko uztailean Eslovakiak independentzia aldarrikatu eta egun gutxira txekiarrak bat etorri ziren bereizketarekin. Dibortzioa negoziatu eta sei hil geroago gauzatu zen, 1993ko urtarrilaren 1ean, inkestetan txekiarren %36 eta eslovakiarren %37 baino ez egon arren bereizketaren alde.

Bikote askori gertatu zitzaiena gertatu zitzaien: batek harremanean estuago joan gura, besteak espazio propio handiagoa behar duela, eta elkar maite arren, kito harremana azkenean. Ez da kasualitatea sezesioa eta dibortzioa hainbestetan alderatu izana azken urteotan. Bikotea era baketsuan bereizi, ala batek erabateko kontrola eta indarkeria erabiltzea bestearen erabakia ukatu eta eragozteko, horixe aldea. Eta horixe, atzo gogorarazi zuten beste urteurrena: Kataluniako independentzia efimerotik urtea bete zen atzo. Hamabi hilabeteoi begiratuta, berehala ulertzen da hainbat lagun kataluniarrengan sumatzen dugun shock egoera. Behin baino gehiagotan gogora ekarri dut Alberto Pradillak duela bederatzi urte idatzitakoa: Euskal Herrian ilegalizazioen eta herri borondatearen usurpazioaren giro ezin itogarrian bizi arren, burlaizez begiratzen ziren Kataluniatik zetozen ahalduntze-ahaleginak, Arenys de Munteko galdeketa, eskuarki. Kataluniarekiko begirunea eskatzen zigun euskaldunoi, baina haiei ere gaztigatzen zien: serio bazoazte, Espainian Euskal Herrian egindako izugarrikeriei egin beharko diete aurre.

1918ko inperioen erorketatik sortutako estatuak lehen independentzia-oldetzat jotzen da akademian (batzuek ehun urte lehenagoko Latinoamerikako independentziak ere aipatzen dituzte). Bloke sozialistaren desagerpenekoak dira hirugarrena;Bigarren Mundu Gerra osteko deskolonizazioek osatzen dute bigarrena. Laugarren oldea erabakitzeko eskubidearekin lotuta egon liteke, baina Eskozian ez zen gauzatu, Katalunian indarrez eragotzi dute oraingoz, eta datorren astean Kaledonia Berrian -deskolonizazioarekin ere lotuta dagoen galdeketan - zail du baietzak. Lehen saiakera da han; horratik, ez behin betikoa. Eta erabakiaren inguruan dabiltza beste hainbat: Feroe, Groenlandia, Eskozia berriz ere, Bougainville Ozeanian, eta Espainiaren menpe bizi garenak, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.