Noiz sortua: 2020-04-28 00:30:00

Mendia

Esperantzara kondenatuta

Mendira joateko baimena noiz emango duten zain, haren inguruan lan egiten duten enpresek argi dute talde txikiagotan aritu beharko dutela ezinbestean; eta, jardueraren arabera, egoera berrira egokituta.

<b>Gorka Karapeto. </b>Argi du lehenago jasoko dutela mendian eskalatzeko baimena, rokodromoan baino.
Gorka Karapeto. Argi du lehenago jasoko dutela mendian eskalatzeko baimena, rokodromoan baino. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2020ko apirilak 28

Hilabete eta erdi da konfinamendua hasi zenetik, eta mendiaren inguruan negozioa duten hainbat eta hainbat aktibitatek ez dute argirik ikusten tunelaren amaieran. Mendietako aterpetxeak, mendi gidak edo federazioek lanean jarraitzen duten arren, haien egunerokoa kolpe gogorra jasaten ari da. Udaberriak zerbait argituko duen esperantzarekin jarraitzen dute, galdera nagusiek erantzunik ez baitute oraindik: noiz itzuli ahal izango den mendira, eta zein baldintzatan.

1. GORKA KARAPETO BiHatz rokodromoko nagusia

«Iruditzen zait magnesio likidoarekin ibili beharko dugula»

Iruñeko bere etxean konfinatuta jarraitzen du Gorka Karapeto eskalatzaileak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) martxoaren 14tik. 2017tik BiHatz eskalada hormako nagusia da, beste bi lagunekin batera, Nafarroako hiriburuan. «Orain arte geldirik egon gara, baina, hemendik gutxira, mantentze lanak areagotuz joango gara. Beti dago zer egina bertan: aldagelak garbi mantendu, garbiketa orokorrak egin, hormak zaindu, biltegia txukundu...». Koronabirusagatik, gaur egun, bakarrik mantentze lanak egitera joan daiteke. Jendearekin eguneroko harremana sumatzen du faltan gehien. «Ireki genuenetik, jende kopurua goraka joan da gaur arte, eta, azkenaldian, bazkideak, bonua hartzen zutenak, eguneko sarrera erosten zutenak eta asteburuetan ibiltzen zirenak zenbatuta, 400 edo 500 pertsona inguru pasatzen ziren hilean rokodromotik».

Astialdira lotutako negozio askoren antzera, Karapetok argi dauka COVID-19ak aldaketak ekarriko dizkiela. «Iruditzen zait gauzak asko aldatuko direla. Uste dut arau zorrotzak jarriko dizkigutela. Orain arte ez digute ezer esan, baina pentsatzen dut higiene aldetik etor daitekeela berrikuntza handienetakoa. Gaur egun, adibidez, aldageletan zortzi dutxa ditugu, eta baliteke etorkizunean batetik bestera panelak jarri behar izatea». Eskaladak berez dituen arriskuez gain, kutsatzeko aukerak ere handiak dira kirol horretan. Eskalatzaile gehienek ibilbide antzekoak egiten dituzte, helduleku berak erabilita... Alde horretatik, beste herrialde batzuetan aldaketak egiten hasiak direla ere azaldu du: «Alemanian jada magnesio hautsa debekatu egingo dutela dirudi, eta iruditzen zait, epe motzean, magnesio likidoarekin ibili beharko dugula. Magnesio mota horrek alkohola dauka, eta, era berean, eskuak garbituz joaten da».

Aitortu du enpresa moduan oraindik ere ez dutela ezer pentsatu. «Agintariek zerbait esan arte alferrikakoa ikusten dut ezertan hastea». Baina aurreikuspen bat egin du: «Iruditzen zait jende kopurua asko mugatuko dutela. Talde txikitan ibiltzea tokatuko zaigu, eta ordutegiak ere mugatu egingo dituzte. Ezinbestekoa izango da denon artean errespetuz jokatzea. Egia da eskalada nahiko kirol bakartia dela berez, eta orain arte ere tarteak asko mantentzen ziren. Orain, agian, tarteak handitu beharko ditugu». Hainbeste jende mugitzen duen eremua izanik, oraindik ere ez du eperik buruan rokodromoa zabaltzeko. Halere, argi dauka: «Mendian eskalatzeko baimena lehenago emango digute, rokodromoan ibiltzeko baino. Horretan ez dut zalantzarik».

Gorbeiako aterpetxean duten itxaropena da jendeak oporrak aurten hemen egitea. BERRIA

2. JOSEBA ELORRIETA Gorbeiako aterpetxeko zaindaria

«Mendi taldeak animatzen badira, dena errazagoa izango da»

2014az geroztik, Joseba Elorrieta (Urduña, Bizkaia, 1964) da Gorbeiako Anjel Sopeña aterpetxeko zaindaria, Yolanda Martin emaztearekin batera. Koronabirusaren krisiak ere ez ditu handik mugitu. «Martxoaren 14an ostalaritzako leku guztiak ixteko agindua jaso genuenetik geldirik gaude, beste guztiak bezala», hasi du hizketaldia Elorrietak. Konfinamendua aterpetxean egitearen arrazoiaz galdetuta, berehala erantzun du: «Hau ezin da denbora luzean inolako mantentze lanik egin gabe utzi. Zerbait gertatuz gero, hemen ez dago bizilagunik edo laguntzailerik».

Mendian isiltasuna nabari dute: «Inor ez dabil. Noizean behin Ertzaintza pasatzen da. Baina bestelakoan ez dugu inor ikusi. Apirilaren 15etik aurrera, behorrak igotzeko baimena eman zuten Gorbeian, eta, geroztik, ganaduzaleren bat ikusi dugu haiek ikuskatzen. Maiatzaren hasieran behiak ere igoko dituzte askok, eta orduan ziur jende gehiago ibiliko dela».

Maiatzeko eta ekaineko asteburu guztietako erreserbak bertan behera gelditu zaizkie. «Udako hilabeteetarako ere bagenituen erreserba batzuk, baina horiek ere bertan behera gelditu zaizkigu». Hala, «hondamendia» izango dela onartu du. «Gure diru iturri nagusia maiatzetik urrira izaten da, neguan irautea zaila da. Urte sasoi horretan behartuta gaudelako irekitzen dugu, ez dirua egiten dugulako».

Ostalaritzarekin zer gertatuko den zain daude, eta ez dakite noiz emango dieten irekitzeko baimena. «Kezka eta zalantza» dira haien egunerokoaren parte. Baina ezinbestean hasi dira etorkizunean pentsatzen. «Ahal den neurrian, umeentzako egonaldiak antolatu nahiko genituzke». Itxaropenerako beste izpi bat badute: bidaiatzea zaila izango denez, jendeak etxe inguruan pasatuko dituela oporrak, eta, mendira joateko aukera egonez gero, askok baliatu egingo dutela. «Horiei ere zerbitzua eman beharra izango da. Talde txikiak izan dira. Mendi taldeak animatzen badira, dena errazagoa izango da. Gorbeia beti hor izango da zain, eta edozeini arrautza pare bat zerbitzatzeko gu ere hor aurkituko gaituzte». Baina dena egongo da mendira joateko baimena noiz emango duten menpe.

Alpinistak espero du uztailerako mendira joateko aukera egongo dela. Idoia Zabaleta / Foku

3. FELIPE URIARTE Mendiak eta Herriak-eko arduraduna

«Talde txikietan joan beharko dugu mendira»

1974an sortu zuen Felipe Uriartek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944) Mendiak eta Herriak agentzia, Euskal Herriko mendizaleak Pirinioetara, Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara eramateko. Ez dute gaur egungo egoeraren antzekorik ezagutu. «New Yorken Dorre Bikien aurkako erasoa izan zenean, geldialdi moduko bat sumatu genuen, eta Iranen errebolta hasi zen garaian ere izan genuen bidaiaren batekin arazoren bat. Baina gaur egungo egoerarekin ez dauka zer ikusirik». Enpresa «hankaz gora» daukate. «Berez oso itxura polita zuen aurtengoak. Udaberrian, Pirinioetara eta Alpeetara joateko taldeak genituen mendiko eskia egitera, baita Nepalera joateko ere, Everest ingurura [8.848 metro]».

Baina espediziorik gertukoena denboran maiatzaren 29rako zuten aurreikusia. «Denali [Alaska, 6.190 metro] mendira talde bat eramatekoak ginen, baina espedizioa bertan behera gelditu da, bertako parke nazionalak mendia ixtea erabaki duelako. Dirua itzuli digute, baina hegaldien dirua itzultzeko arazo handiak izaten ari gara. Ez du itxura onik azken itzulketa horrek».

Udari begira Aste Santu ostean hasi ohi da mugimendua. Beraz, gauza gutxi zituzten lotuak. Aurreikuspenak egitea zaila dela dio, baina enpresa moduan hasi dira aukera eta eskaintza desberdinetan pentsatzen.

Baina dena epeen eta herrialdeen arteko mugen irekieraren arabera egongo da. Epeei dagokienez, Uriartek espero du uztailerako mendira joan ahal izatea. «Baina argi dago ez dela orain arte bezala izango, baizik eta talde txikitan. Guk, behintzat, lanketa, horren arabera egingo dugu». Bestalde, ez dakite zenbateraino egin ahal izango dituzten bidaiak atzerrira. Adibidez, udarako Lenin Peakera (7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan) eta Khan Tengrira (7.010 metro, Tian Shan mendikatea, Kazakhastan) espedizioak dituzte prest. Oraindik ez dute itxaropena galdu: «Baina zail ikusten dugu, oraintxe bertan bi herrialdeetako mugak itxita baitaude».

Gipuzkoako Mendi Federazioak lanean segitzen du itzulerari begira. BERRIA

4. KOLDO SANSINENEA Gipuzkoako Mendi Federazioko presidentea

«Jarrera solidarioa izan beharko dugu aurrera ateratzeko»

Gipuzkoako Mendi Federazioa ere kinka larrian jarri du koronabirusak. Beste kirol federazio askoren antzera, etorkizun laburrean antolatzeko lan etengabean dihardu azken asteetan. «Aldundiarekin harremanetan gaude. Duela hamar egun, bideo bilera batean parte hartu genuen aldundiko eta beste federazio batzuetako kiroletako ordezkariekin, eskola kirolaren eta kirol federatuaren egoera orokorra baloratzeko», adierazi du Koldo Sansinenea presidenteak (Donostia, 1958). Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi die dagoeneko hitzartuta dauden diru laguntzak errespetatzeko eta izapideak errazteko asmoa duela, federazio, klub edo kirolari bakar batek ere ondoriorik izan ez dezan. Berrogeialdiak, beste enpresa eta erakunderen antzera, federazioaren egoera aldatzera eraman du.

Bien bitartean, federazioa kudeatzen dutenek lanean jarraitzen dute administrazioan, telelanarekin. Besteak beste, eskaladako ekipatzaileek eta bidezidorretako baliza jartzaileek. Jaurlaritzaren jarraibideen arabera, eta dagozkien prebentzio eta segurtasun neurriekin ari dira lanean mendian. Aisialdirako murrizketak kentzen direnean, berriro ere hornitutako bide gehiago edukitzeko, eta ondo balizatutako eta homologatutako bidezidorrak izan ditzan jendeak.

Gaur egungo egoeraz galdetuta, azaldu du apirilaren 8an izan zela tramitatu zuten azken lizentzia.Azken hilabete hau gogorra izan da Gipuzkoako Mendi Federazioarentzat. Aste Santu bezpera arte ikastetxeekin txanden likidazioak kudeatzen aritzea tokatu zitzaien. Ikastetxeen kudeaketak, aldiz, apirilaren 20an hasi zituzten. Berrantolaketarako lanak ere ez dituzte baztertu, eta Sansineneak ez du esperantzarik galtzen. «Bertan behera utzitako eskola jarduerak udazkenean antolatzen saiatuko gara: ibilaldi neurtuak eta orientazio probak. Zaila izango da, baina aztertzen ari gara». Aldi berean, 2020-2021 ikasturteko Eskola Mendiko egitaraua eguneratzen ari dira, besteak beste, «eskatutako epean entregatzeko». Oraingoz, aurreratu du federatutako mendizaleentzako Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako ikastaroak geldirik daudela. Dena dago osasun agintarien agindu eta jarraibideen zain, jarduera guztiak horren arabera egokitu beharko baitituzte. Baina oraingoz ez dakite ezer.

Krisi garaietan gertatzen den modura, honetan ere talde txikiek jasango dituzte kalte handienak. Eskuzabal, eta laguntzeko asmoarekin azaldu da Sansinenea presidentea. «Jakitun gara talde asko, batez ere txikiak, pasatzen ari diren zailtasunez. Une zail hauetan zalantzarik, kezkarik, proposamenik edo arazorik izanez gero, guri jakinarazteko eskatzen diegu. Guretzat funtsezkoak dira talde horiek».

Ahal den neurrian, horiek konpontzen ahaleginduko dira, edo beste erakunde batzuetara bideratzen: hala nola aldundira edo Euskal Federaziora. Esperantza eta animoak eman nahi izan dizkie mendizale guztiei. «Mendizaleek beti izan dugu gure izaera solidarioa eta kolaboratzailea. Orain, inoiz baino elkartuago egon behar dugu. Gipuzkoako mendizaleek talde indartsua osatzen dugu. Denok taldean, espero ditugun zailtasunak gainditu eta aurrera egingo dugu, ez izan zalantzarik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Goierriko lau udaletako ordezkariak Osasun Sailarekin eta Segurtasun Sailarekin bilduta, atzo arratsaldean, Zumarragan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Konfinamendurik ez Ordizian, 35 kutsatu dauden arren

Jon Ordoñez Garmendia - Aloña Beraza Peña - Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburuak baztertu egin du konfinamendua ezartzea eta joan-etorriak mugatzea. Ordiziako alkateak «transmisio komunitario bat» dela ziurtatu du, eta etxean geratzeko eskatu du.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Hainbat ikusle eta apostu artekari maskararekin, Masterseko partida batean, Iruñean. ©Idoia Zabaleta / FOKU

OMEk dio ezin dela baztertu koronabirusa airetik kutsatzea

Edu Lartzanguren

Baieztatuz gero, Osasunaren Mundu Erakundeak aldatu egingo lituzke leku itxietan ez kutsatzeko jarraibideak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna