Felipe Galvez zuzendari txiletarraren (Santiago, Txile, 1983) Los colonos filma proiektatuko dute egunotan Donostiako Zinemaldian. Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztu zuen lana, eta Fipresci saria irabazi zuen. Bere lehen film luzea da, baina badu esperientzia zinemagintzan; hala nola film labur hauek zuzendu ditu: Silencio en la sala (2009), Yo de aquí te estoy mirando (2011), eta Rapaz (2018).
XX. mende hasieran Patagonian izandako herri indigenen genozidioa du hizpide lanak. Zer kontatu nahi zenuen?
Suaren Lurraldean selknam herriari egindako genozidioari heltzen dio pelikulak. Ez da Txileko historia ofizialaren parte den istorio bat; ezkutuan dagoen gai bat da. Beraz, sarraskia kontatu, eta hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi nituen. Txiletarrak kolonoak diren kolonizazioaz ere hitz egiten da. Ez da espainiarrak Latinoamerikara iristen direneko film bat; herrialdeek independentzia lortu eta nazioak eraikitzen hasten direneko film bat da, eta kontatu nahi du zeintzuk izan ziren herri indigenekin egin genituen kolonizazio prozesuak. Interesgarria iruditzen zitzaidan western bat egitea. Genero hori nazio berrien propaganda moduan egin zen, zibilizazioa eta hazkundea erakusteko. Eta, modu batean, kolonoek borratutako eszenekin osatuta daude western horiek. Film horiek kontatu ez zituzten gauzak daude hemen. Ezkutatu egiten den bertsio bat kontatu nahi izan dut.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?
Konplexua. Ez dut asko sinesten existitzen den dokumentazioan, dauden argazkietan, irudi zinematografikoetan eta garaiko idazleetan. Historia nork sortzen duen hausnartzen da pelikulan, eta historia garaileek idatzitakoa da. Gakoa den informazioa ezkutatuz idatzi da, eta ditugun argazki asko indarkeria handiarekin ateratakoak dira. Ikerketan nenbilela, liburu bat aurkitu nuen, krimenak ikertzeko Suaren Lurraldea bisitatu zuen epaile batena. Epaile hori Jose Menendezen etxean geratu zen lotan, eta ehun urtez kaxoi batean gordeta geratu zen ikerketa hori. Orain dela hogei urte inguru aurkitu zuten. Ikerketa judizial horretan badaude hainbat kontu interesgarri, eta filma, batez ere, liburu horretan oinarritu da: Vejamenes de Tierra del Fuego du izena.
Filmeko istorioak zenbat du errealitatetik, eta zenbat fikziotik?
Benetako gertaeretan dago oinarrituta, baina zinemak ematen duen askatasun guztia hartzen du istorioa kontatzeko. Filma ere bada gogoetatzeko zein den zinemaren tokia historia ofizialen aurrean. Zinema ere izan da Ameriketako XX. mendeko kolonizazioaren historia idaztearen parte. Eta manipulatzen saiatu da, cowboy baten irudi heroikoa sortzen eta krimenak ezkutatzen. Tentsioa duen western zinemak krimenak ezkutatu ditu; abenturazkoa da, baina ez dira erakusten krimenak, ez dira erakusten bortxaketak. Film honek besteek ezabatzen dutena erakusten du.
Kritika sozial eta politikoa egiten du?
Bai. Eta nire herriari egindako kritika ere bada, haren isiltasunari; haren historiarekiko duen mespretxuari.
Memoria ere egin nahi izan duzu?
Memoria egin bai, baina baita memoria kolektiboa auzitan jarri ere. Egun, Txilen, existitzen da selknamen irudia, eta oroigarri moduan existitzen da; erosi ahal duzun panpina bat da.
Jakina da selknam herria existitzen dela, baita ia desagertuta dagoela ere, baina ez da gogoratzen sarraski baten bidez gertatu dela hori. Ez zaie barkamena eskatzen. Pelikulak gogoratu nahi ez dugun horren memoria egiten du. Gogorra da, eta filmak, hain justu, indarkeria mota ezberdinak lantzen ditu. Niri beti interesatzen zait galdetzea zer den pelikulako biolentoena. Lehen zatia edo bigarrena. Konturatu naiz askorentzat eszena biolentoenak ez direla indarkeria fisikoa dutenak.
Hain zuzen, bi zatitan banatzen da filma. Lehen zatian, indarkeria fisikoa dago, eta bigarrengoan, indarkeria burokratikoa.
Burokratikoa, hitzezkoa, instituzionala...
Mina eta sufrimendua adierazten duten lehen plano asko ere badaude. Eta begiradak ere nabarmendu dituzu.
Badu zerikusia pelikulan azalaren koloreak duen garrantziarekin. Lehen plano horiek azalez ere hitz egiten dute. Bestalde, niretzat, zinema begiratzea da. Eta asko gustatzen zait begiratzen duten pertsonaiak egotea filmetan. Txiletar mestizoak duen begirada eta maneiatzen duen informazioa ikusleak duenaren tankerakoa da. Pertsonaia hori ikuslearen momentu berean doa gauzak deskubritzen. Eta, alde horretatik, oso zaila da enpatia sentitzea beste pertsonaiekin. Horrek ematen digu modua bidaia txiletar mestizoarekin batera egiteko, hari akonpainatzeko. Ikusleak ikusi beharko du nola sentitzen den esperientzia hori bizitzen ari den bitartean.
Nola definituko zenuke zure filma?
Borratutako istorio bat kontatzen duen film gogor bat da, baina beharrezkoa. Bidaia moduko bat da. Genero askotatik pasatzen da, mutatuz doa, transformatuz, eta emozio ezberdinetatik pasarazten gaitu. Badago lantzea interesatu zitzaidan beste zerbait ere: indigenen hilketekin batera, pertsona zuriarekiko beldurra dago. Film sentsorial bat da.
Donostiako 71. Zinemaldia. Horizontes Latinos. Felipe Galvez. Zinemagilea
«Ezkutatu egiten den bertsio bat kontatu nahi izan dut»
Patagoniako selknam herriari egindako sarraskia kontatzen du Galvezek 'Los colonos' lanean. Filmaren bidez hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi izan dituela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu