KRITIKA. Opera

Arteta boteretsua

2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun

'La Bohème'

Abeslariak: Ainhoa Arteta, Teodor Ilincai, Artur Rucinski, Jessica Nuccio, David MenEndez, Kriyztof Baczyk. Musika zuzendaria: Pedro Halffter. Eszena zuzendaria: Mario Pontiggia. Orkestra: EOS. Abesbatzak: Bilboko Opera Koroa eta Bilboko Koraleko umeak.Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Urriaren 23an.

Operan antzeztueneritakoa den Giacomo Pucciniren La Bohème obrarekin hasi du 67. denboraldia OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, modu onean hasi ere. Gure izar kontsakratua den Ainhoa Artetak maistraki antzeztu eta abestu du Mimi pertsonaiaren egoera dramatikoa, batez ere hilurreneko erian. Horregatik, ez dugu ulertzen hasierako Mi chiamano Mimi arian zergatik atera duen bere gorputz zabaleko ahotsa, goi tesituran uhin zabaleko vibratoekin, eta ondoren zergatik geldiarazi duen erritmoa. Suposatzen da pertsonaia delikatu eta makala dela Mimi, eta haren rola interpretatzeko egokiagoa zela ahots argalagoa, bigarren zatian egin duen moduan. Baina aitortu behar da horrelakoak hasierako ekitaldian izan direla, ez guztietan. Esaterako, Rodolfo maitalearekin izandako duoetan, Artetak oso ondo kontrolatu du bolumena, eta berdindu egin du igorpena Ilincai tenorrarekin.

Azken horrek, nahiz eta beheko tesituran eta ahots-erdian une ilunak izan, ahots dirdiratsua erakutsi du goi tesituran, bularreko do argian. Orokorrean, interpretazio ausarta izan du, baina hotzegia agian maitale apurtuarena gorpuzteko. Berak eta beste hiru pertsonaiek osatu dute bohemio intelektualen laukotea, oso ondo osatu ere, hasierako elkarrizketan kaleko mintzabidera hurbilduz orkestraren laguntzarekin. Horien artean, Artur Rucinski baritonoak kantu gustagarria eman du, eta Krzysztof Baczyk baxuak Vecchia zimarra aria polita eskaini du azken unean. David Menendezek eta Fernando Latorrek ziurtasuna erakutsi dute. Eta harritu egin gaitu, onerako, Jessica Nucciok, Musetta kaskarinaren rolean, tinbre ederreko ahots atseginarekin.

Abesbatzei dagokienez, Bilboko Operako korukideek kantaldi ederra eman dute, batez ere bigarren ekitaldiko esparru laburrean. Baita Bilboko Umeen Koroak ere: profesionalen moduan abestu dute eta mugitu dira agertokian. Asko gustatu zaigu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren joaldi koloretsua, eta hunkigarria iruditu zaigu Pucciniren musika zoragarria birsortzeko Pedro Halffterrek erakutsitako trebetasuna.

Eszenari dagokionez, Mario Pontiggiak, bide tradizionaletik, esparru handiko grisak erabili ditu bohemioen etxerako, eta askotariko koloreko esparru eskasak kaleko eszenarako, taberna eta kiosko txundigarriekin. Argiztatzea eta arropa egokiak izan dira. Horren haritik, espazio zabalagoak eska litezke hainbeste jendek mugitu behar duen eszena horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.