jakes goikoetxea
Zientzia. ANALISIA

Zientzi(ar)en garaia

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

COVID-19ak protagonista bihurtu ditu zientzialariak eta ikertzaileak. Zientzialari eta ikertzaile batzuk, zehaztu beharko genuke: mikrobiologoak, epidemiologoak, gaixotasun infekziosoetan adituak, eredu matematikoetan zailduak... Zientzialariek eta ikertzaileek —baita zientzia dibulgatzaileek eta kazetariek ere— SARS-CoV-2 birusa etxeko bihurtu dute, eta jende askok du haren ezaugarrien berri, beste edozein birusi buruz baino gehiago.

Zientzialariak gobernuen aholkulari bihurtu dira —bozeramaile ere bai, Fernando Simon espainiarraren kasuan—. Haien irizpideetan oinarrituta hartzen dituzte erabakiak, bateko eta besteko gobernuek esaten dutenez behintzat. Batzuek besteek baino kasu gehiago egiten diete gertuko eta urruneko zientzialariei, nonbait. Ez da ahaztu behar izurritearen kontrako neurri murriztaileenak Madrildik eta Paristik iritsi direla Euskal Herrira. Horrelako egoeretan zientzialariak zuribide ere bihurtzen baitira. Beti geratzen da ondo zientzialarien iritzia aintzat hartzen dela esatea, gero politikariek nahi dutena eginda ere. Eta ez, ez da Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea bakarrik.

Zientzia egunerokoan, zientzia erabakietan, zientzia politikan. Hala ere, zientziaren gorazarre orokor horretan, merezi du zientziaren bi jarduera edo adar nabarmentzea, orain ere bai eta lehen zer esanik, ezkutuan edo itzalean geratzen direnak: alde batetik, oinarrizko ikerketa; bestetik, giza zientziak.

Oinarrizko ikerketak gizakia eta bere ingurua hobeto ezagutzen laguntzen du. Sarritan, helburu zehatzik, helmuga definiturik edo momentuko erabilera praktikorik gabea da. Denbora eta dirua galtzea askorentzat, guztia orain, zerbait zehatzetarako eta etekin ekonomikoa sortzeko nahi duen gizarte batean. Hala ere, aintzat hartu behar da oinarrizko ikerketa dela zientziaren oinarria, eta gero ikusgarri, neurgarri eta jendearentzat ezagun bihurtzen diren zientziaren emaitza guztiak oinarrizko ikerketak sortutako zimenduen gainean eraikitzen direla. «Ez dago zientzia aplikaturik, aplikatu ahal den zientziarik gabe», esan zuen Bernardo Houssay Nobel saridun argentinarrak.

COVID-19 pandemiaren kasuan, zehazki, erantzuna askoz ere motelagoa izango litzateke aurretik urte askotan genetikan, mikrobiologian, antibiraletan... ikerketarik egin ez balitz. Eta beste koronabirus batzuk ikertu izan ez balira, koronabirusak arazo global eta pandemia ez ziren urteetan.

Zientzien barruan, maiz ez dira aintzat hartzen eta bistaratzen giza zientziak. Zientziaren ikuspegi teknologikoa eta ikusgarria gailendu da, nolabait. Zer esanik ez, COVID-19aren kasuan. Baina pandemiaren lehen uholde hau igarotzen denean, itsasbehera iristen denean —2008ko krisi finantzario-ekonomikoaren irudi sinbolikoa baliatuz—, nork ikertu beharko ditu hondartzan geratuko diren hondakinak? Nork pandemiak agerian utzi dituen sistemaren hutsuneak, ezinak eta arrakalak? Nork itxialdiak eta itxialdiaren osteko panoramak eragingo dituen krisi pertsonalak eta kolektiboak? Nork politikarien jokabidea eta erabakiak? Nork egingo du —jarraituko du egiten— sistemaren azterketa kritiko bat? Nork jarriko du pertsona pertsona erdigunean? Nork irudikatuko du etorkizun berri bat? Antropologiaren, soziologiaren, psikologiaren, zientzia politikoen... txanda izango da. Filosofia ez da giza zientzien barruan sartzen, baina filosofoen azterketak eta gogoetak ere beharko dira.

Orduan ere, orain bezainbeste aintzat hartu beharko da zientzia. Zientziak, hobeto esateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.