LIBURU AURRERAPENA

Bizitzea ez al da oso arriskutsua?

«Bizitzea ez al da oso arriskutsua?». Esaldi horrekin hasi eta bukatu du Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958) bere eguneroko hau. Testu laburrez osatua dago, kartzelan idatzitako 'Ni ez naiz hemengoa' haren moduan, baina egilea Kubatik ari da orain.

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun

ANATOMIA LEZIOA



Koldo Izagirreren liburua irakurri ahala koadro ezagun bat gogoratzen zait, Rembrandt Harmenszoonen Nicolaes Tulp doktorearen anatomia lezioa. Euskaraz egitea normaltasuna moztea da, biziek hildakoa aztertzea bezala.

Nicolaes Tulp mediku katedratikoaren bisturiaren autoritatearen parean, ikasleak, Amsterdamgo zirujauen kofradiakoak; haietako batek eskuan daukan zerrendan agertzen omen dira: Jacob Blok, Hartman Hartmanszoon, Adraen Slabran, Jacob de Witt, Mathijs Kalkoen, Jacob Koolvelt eta Frans van Loenen. Zirujauen kofradiak disekzio edo anatomia ikuskizun bat antolatzen zuen urtero, neguko egun batean eta, sarrera kobratzen zen arren, jendez beterik egon ohi zen.

Pazientea, koadroko subjektu pairatzailea, hilda dago ja. Gorpua Aris Kindt kriminalarena zen, atrakuagatik auziperatua berrogeita bat urterekin, heriotzara kondenatua eta 1632ko egun horretan bertan urkatua.

(Urtarrilak 19)

HIZKUNTZA BIZILEKU LEGEZ



Ludwig Wittgensteinek lengoaia hiri handi bat bezala imajinatzen zuen: parte zaharra, ensantxe modernoa, bazter auzoak, zubiak, etorbideak, kale estuak, kale itxiak...

«Gure lengoaia hiri zahar bat balitz bezala hartu ahal da: kale ugari eta plazak, etxe zahar eta berriekin, eta etxeak aldi diferenteetako eranskinekin; periferian, berriz, auzo berriak, kale zuzen txukunago eta uniformeagoekin.»

Hiztunak hiriko biztanleak gara, hirian bizi eta alde batetik bestera gabiltza, eta kontestuak eragiten digu. Hiriaren analogia tresnaren analogiaren kontra bezala sortzen da. Lengoaia ez da behar dugunean eta nahieran erabiltzen dugun instrumentu edo baliabidea bakarrik. Lengoaiaren barruan, hiri handi batean bezala bizi gara, leku eta situazio desberdinetan. Tresneriaren analogiak hitz eta esaeren erabilera argi dezake, hizkuntza erreminta kutxa bat da. Baina hiriaren analogiak askozaz hobeto irudikatzen du jendeak lengoaiarekin duen erlazioa.

Lengoaia espazio irekia da, norabide askotan mugitzea ametitzen duena. Gure bizilekua da.

(Urtarrilak 27)

JOSÉ ETA VIRGILIO ARTEKO KONTRAPUNTUA



50eko hamarkadako Habana Zaharrean, José Lezamak eta Virgilio Piñerak katedralaren alboko prostituzio homosexualeko egoitzan topo egin zutenekoa. Hamaika bider eta beti zehaztasun eta ñabardura desberdinez entzundako anekdota.

Barra alboko kulunkaulkian, handia, lodia, José Lezama izerditan, purua eskuan kea dariola. Jende artetik heltzen, txikia, apokatua, Virgilio Piñera, betaurrekoekin, daikiri bat eskuan altxatuz. Kubako literaturako bi izarrak, homosexualak biak, eta bata bestearekin oso haserretuak.

—Hara hemen nire letrakide Virgilio, Aulo Vettiren etxean!

Mutilen baten paloan kreazioa irakurri nahian ala?

—Ez, laguna, etorri naiz ea, kasualitatez, zakilen bat sartzen zaidan ipurditik.

Lezamaren izkribu kulteranoak hiztegi on batekin irakurri behar omen ziren. Piñeraren testu antisolemneak, berriz, lotsagabekeriaren beldurrik gabe. Anekdota hau aipatzen da maiz bien estiloen arteko aldea erakusteko.

(Otsailak 8)

DEPENDENTZIA ERREALA DA



Independentzia irreala dela diote dependentistek. Egia da independentzia irreala dela, dependentzia erreala delako. Mundu guztia da interdependentea, gainera, hori ere egia da. Baina, euskaldunak batez ere dependenteak dira, interdependenteak baino gehiago. Orduan, arazoa dependentzia da: ez independentzia, ez interdependentzia.

JENDEA ERE ERREALA DA



Independentismoak oraindik ez denaren ikuspegitik juzgatzen du iragana eta oraina. Dependentismoak alderantziz egiten du, iraganaren eta orainaren ikuspegitik juzgatzen du izan daitekeena eta izan ez daitekeena. Etorkizuna irreala da oraindik, baina independentziaren aldeko jendea erreala da eta gauzen aldagarritasuna erreala baino errealagoa da.

(Otsailak 19)

INDARRAREN IDEOLOGIA



Ohitu zara indarrean dagoena egiten. Eta gauza asko ez egiten, ez kobardiagatik, ez ezergatik, baizik eta erosotasunagatik, ez nabarmentzeagatik edo, besterik gabe, ez dituzulako ja egiten. Errealista bihurtu zara, nolabait esateko. Gauzak diren modukoak direla ohartzen zarela onartzen duzu. Onartzen duzula ohartzen zara behintzat.

Alde horretatik berdin da Espainia edo Euskal Herria, Kuba edo Etiopia, gauzak diren modukoak dira leku guztietan. Gauzak diren modukoak izatearen aldekoek arrazoia izaten dute zentzu horretan: gauzak hala badira eta ezin badira bestela izan, zertan zatoz bestela izan daitezkeelako inozokeriarekin.

Inozoa izateko eskubidea duzu, baina kalifikazioa edozein momentutan aldatu ahal zaizu. Lehenago, heretiko deituko zizuten, edo sorgin, edo filibustero, edo gorri. Gaur egun, oso erraz deituko dizute terrorista indarrean dagoena onartu ezik. Ingenuitate handia litzateke pentsatzea zuen buru egite hori ez dela arriskutsua. Zeuentzat batik bat, indar erlazioaren arabera.

Indarraren ideologia, diozue? Indarrean dagoena ez da ideologia, indarrean dagoena errealitatea da, ideologia indarrean dagoelako.

(Otsailak 20)

PRESOAK



Euskal presoak, egin dutena eta egin ez dutena ari dira ordaintzen. Egin dutenagatik preso arruntek egin balute baino askozaz zigortuago daudenez gero, konprenitzen da egin ez dutenagatik daudela batez ere zigortuta.

Egin ez dutena, independentzia, sozialismoa eta demokrazia lortzea izan da. Delitu saioa, frustrazio graduan. Ez dute lortu, baina lortu balute bezala mendekatzen dira Espainiako juezak.

(Martxoak 15)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.