Lemoizekin zer egin erabaki

Mende erdia igaro da zentral nuklearraren obrak hasi zirenetik, eta lau hamarkada gelditu zirenetik. Geroztik, hor dirau, erabilerarik gabe. Azkenerako, Eusko Jaurlaritzak eskuratu du jabetza, eta herritar batzuek bestelako erabilera bat emateko eztabaida hasi nahi lukete.

2019an, lurrak Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak bihurtu ziren. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Lemoizko (Bizkaia) Armintza auzunea Bakiorekin lotzen du BI-3151 errepideak. Jata mendia inguratu aurreko kurbetako baten bazterrean dago Lemoizko zentral nuklearra. Inoiz martxan egon ez dena. Valentin Elortegi (Lemoiz, 1967) arkitekto teknikoa Gorteta baserrian sortu zen, eta gaztetatik bizi izan da zentralaren itzalpean; «salbuespenezko lekuko pribilegiatua» dela aipatzen du. 4 urte zituenean, obrak hasi zituzten kamioiak agurtzen zituen; eta nerabe zela, zentrala behin-behinean itxi ondorengo «ez-lekua» gogoratzen du: «Muga bat zegoen, gurutzatu ezin zitekeen hesi bat. Inolako dramatismorik egin gabe, egungo kontrolguneekin erka daitekeena». Haren osabaren lurrak desjabetu egin zituzten: «Makroproiektu bat zetorren, frankismo garaian bizi ginen, eta presio egin zuten». Halako baserri askoren lurra zen egun zentral nuklearra dagoen orubea, oraindik ere «arazo»bat dena: «Inposizio modura planteatu zuten. Atzetik historia beltza dauka, gainera, heriotza askorekin, eta substratu negatibo horrek zentralarekiko sentimendu negatiboa eratu du».

Eraldatu egin nahi luke sentipen hori Elortegik, positibotasunez betez: «Munduan ez da halako besterik: guztiz bisitagarria den zentral nuklearra daukagu Euskal Herrian, inolako arriskurik ez duena». Lemoizko zentralari eman dakizkiokeen bestelako erabileren inguruko hitzaldiak ematen aritu da azken hilabetean Uribe Kostan, Roge Blasco kazetariarekin eta Iosu Alberdirekin, Etzandarri mendi taldeko kidearekin, batera. Elortegik 2014an argitaratu zuen Lemoizko zentral nuklearra ondare kultural izendatzeko prozesua lana; Alberdik, berriz, bost ibilbide zabaldu ditu inguruan, mendi taldearekin batera, eta instituzioei gunea naturagune babestu izendatzeko izapideak ere aurkeztu ditu.

Basordatik zentralera

Zentrala eraiki aurretik, inguruneak Basorda izena zeukan eta kala bat zegoen. Blascoren familia 500 metrora zegoen Momatai baserriaren jabea zen, eta utzi egin behar izan zuten: «Nire haurtzaroan eta nerabezaroan ohiko ingurua zen, lehengusu eta gainerako familiakideentzat ere. Gure birraitaita karabineroa izan zen XX. mende hasieran zona horretan».

2022ko udazkenean, Alberdi eta Elortegi elkarrizketatu zituen Blascok, eta, bildutako materialarekin, hogei minutu inguruko bi dokumental osatu zituen. Hitzaldien hasieran proiektatu dituzte filmak, aurkezpen modura. Blascoren Youtubeko kanalean ikus daitezke.



Etzandarri mendi taldearen proposamena, zehaztu du Alberdik, Lemoiz osorako osatu dute, ez Basorda ingururako soilik: «Instituzioetan zera eskatu dugu: naturagune babestu bat sortzea, Lemoizko Itsaslabarrak izenekoa». Adierazi duenez, aurretik ez zegoen ezer eginda, eta mapa kartografikoekin zein erregistratuta topatu dituzten zenbait toponimorekin hasi ziren ibilbideak zabaltzen: «Pistak aprobetxatuta, lehenik; animaliek egin dituzten bide zidorretatik, gero». Ibilbideetan zehaztu dituzten bide denak ezin izan dituzte egin: «Zentralaren zero gunetik—eraikinak dauden esparrua— ezin izan gara pasatu. Susmatu dugu hortik segi dezakeela bideak, baina barrura ez gara sartu».

Orotara, ia 900 hektarea biltzen ditu haien planteamenduak. Zentralak 184 inguru dituela azaldu du, eta horrek izan beharko luke, haren iritziz, naturagune babestu osoaren nukleo eta erdigune: «Hortik hasiko lirateke ibilbideak. Orain daukan titulartasun publikoa aprobetxatuko genuke hor kokatzeko harreragunea zein naturagunea azalduko luketen panelak». Duela gutxira arte, 184 hektarea horiek hesiturik zeuden, eta igarotzeko debekua zuten. Gaur, mugatuta, zero gunea deitzen duten 30 hektarea daude. Besteetan, ibil daiteke. «Ez da erraza heltzea, nahiz eta libre egon».

Ibilian deskubritu dutena forma babestua duten hainbat parke natural edo biotoporekin «pareka daiteke». Eskaera garbia du Etzandarri mendi taldeak: «Instituzioek otsoa belarrietatik har dezaten nahi dugu, behingoz Lemoizek izaera juridikoa izan dezan. Presako babesa behar duelako, degradazio etengabean dagoelako eta panpa belarraren inbasioa erasaten ari zaiolako».

Itsaslabarren «aberastasuna» aipatu du Alberdik Blascoren dokumentalean. Itsasbeherak agerian uzten dituen flysch beltzez mintzo da, Euskal Herrian horren ezagunak direnak. Ibaiak zerrendatzen ditu hurrena, Jata eta Ermua mendietatik jaisten direnak, eta kezka azaltzen du eukaliptoek erriberetan izan dezakeen eraginaz: «Eukaliptoaren arazoa ez da zuhaitza, egiten den basoaren kudeaketa baizik».

Zentral nuklearraren ur emari gisa eraiki zuten Urbietako urtegia. Itxita dagoela salatu du Alberdik. Prestatu duten ibilbideetako batek urtegiari buelta ematea asmo du: «Gaitu liteke, urtegi denetan egiten den legez».

Elortegik azaldu du nola egin zituzten zerratuak hesiz zein landarez ere: «Itxitura bikoitza egin zuten, bien artean hiru metro inguru utzita. Hori landare arantzadun batez bete zuten, eta animalia asko bertan katigatuta gelditu izan dira».

Ez-lekua

Zentrala «abandonura kondenatzeak» gunea «ez-leku» bihurtu du Elortegiren hitzetan: «Prozesu bat da ez-leku kontzeptua. Lehendik zegoen erabilera ezabatu egin zuten, biztanleak desplazatuz. Erabilera berri bat inposatu zuten gero, eta, zentrala erabili ez den arren, haren inpaktuak hor dirau oraindik».

Elortegik 2014an idatzi zuen Lemoiz ondare kultural bihurtzeko lana, lurrak oraindik Espainiako Estatuarenak zirenean: «2019an moldatu egin zen testuingurua [Eusko Jaurlaritzarena da jabetza 2019az geroztik], eta Iberdrola ere,—noizbait Iberduero izan zena— ekuaziotik irten zen ezer ordaindu gabe, nahiz eta euskal gizartea 1984tik 2015 urtera arte fakturan gehigarri bat ordaintzen aritu zitzaion, zentralaren paralizatzeak eragin zituen gastuengatik».



Lemoiz kultur ondare bihurtzeko prozesua «paper gainean» erraza dela aitortu du: «Hiru faktore behar dira: garrantzia duen elementu bat, babestuko duen legedia —kasu honetan EAEko ondare kulturalaren legea—, eta administrazioaren nahia».

Helburu jakin bat izan dute hitzaldiak antolatzeko orduan: hiru mintzakideek ingurunea modu ezberdinetan aztertu arren, konturatu ziren jendeak ez zuela horren berririk. Eztabaida sor dadin nahi dute, herritarrek bertan eragiteko «eskubidea» daukatela uler dezaten, Elortegiren arabera: «Modu batean zein bestean, lekuak erabilera publikoa izan behar luke. Hausnarketa prozesua hasi nahi genuke». Hasteko, ondare bihurtuz, «ez dadin ero-eroan ezer egiteko tentaziorik egon»; baina, lehenengo eta bat, Elortegirentzat garrantzitsua da Lemoizko zentral nuklearrak gizartean izan duen eraginaz jardutea. «Edozer egin daiteke bertan: eraitsi eta kala lehengoratu? Bai. Hala esanda, polita da, baina bidegabea da egin behar den inbertsioa, eta hondakinen gestioa».

Izugarrizko potentziala identifikatu dutela argi du Elortegik: «Orain, ausardia behar da eztabaida sortzeko eta erabakitzeko».

«Ez da doan atera»

Eusko Jaurlaritzak lurrak eskuratuta eman duen aurrerapausoaz pozik agertu da, baina herentzian hartu duena ahazten ez badu: «Jaurlaritzarena da, baina ez da doan atera, herritarrek ordaindu dute, gastuak sozializatuta daude eta publikoa behar du izan».

2017an, lurrak oraindik Espainiako gobernuarenak zirenean, arrain haztegi bat egiteko proposamena ezagutarazi zuen Jaurlaritzak. Inbertsore pribatu batek interesik izanez gero, moldatzeko lanen kostua haren gain hartzeko baldintza jarrita, betiere. Geroztik, ingurunean erne-mina eragin du beste proiektu batek ere: Bordele (Frantzia) ondoko Cubnezais herria Lemoizekin lotuko duen interkonexiorako kable baten berria bolo-bolo zabaldu da, eta kontrako plataforma batek protestak egin zituen aurreko abenduan.

Argi dauka, denei mesede egin ezean, inori ez diola egingo: «Zer egin daitekeen erabakitzeko, ulertu behar dugu Lemoiz zer den, nondik datorren, nola hazi den eta nola ailegatu garen honaino. Prozedura hori gabe, zentralaren inguruan hartzen den edozein erabaki alboratzailea izango da». Herritarrak interpelatu ditu lekuari behar duen balioa eman diezaioten: «Lemoizko zentral nuklearrak zurekin zerikusirik ez duela uste baduzu, ez zara inguru honetakoa. Zuzenean edo zeharka inoiz horretaz hitz egin izan duzulako, igarobidea baldintzatu dizulako edo horren inguruko iritzia izan duzulako, gutxi-gehiago osatua egon den arren». Hark hiru proposamen ditu gunea berrerabiltzeko: zentralaren memoria historikoa jorratuko lukeen interpretazio zentroa, energia museoa eta arte galeria bat.

Eraikina eta ingurua existitzen direnez gero, sinergiak sortzeko aprobetxatu nahi luke Elortegik. «Zurea ez dela uste baduzu ere, zurea da». Edozer egin daitekeela dio: «Sufritu dugunez gero, eta gehiago ala gutxiago, denon artean defendatu dugunez gero, posible da elkartzea eta erabakiak hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.