Litxarrerien dasta gorde eta garratza

Gizarteak haurren «ondarearen» parte gisa ikusten ditu gozokiak, eta haien kontsumoa normalizatzen du horrek. Alta, adituak arranguratuak dira azukre eta koloratzaileek dakartzaten osasun ondorioez eta sortzen duten adikzioaz. Kontzientzia hartuz, alternatibak badira.
Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko otsailak 29

Gizakiak berak sortutakoa bere buruarentzat kaltegarri: zentzumen guzientzako ezin erakargarriagoa den zerbait asmatu du, zeinak osagarriari min ematen baitio: gozokiak. Unean-unean plazer eragile dena luzaroan arrangura pizle ere bada, kontsumoak gora egiten baitu urtez urte. Europako litxarreria kontsumitzailerik handiena Suedia da: urtean 7,8 kilo biztanleko.

Kolore, forma, usain, dasta eta testuren tapa altxatuz gero, ordea, bista ez da hain gozoa: biziki fite xurgatuak diren azukre sinpleak: glukosa ziropa, destrosa, zerri gelatina, koloratzaileak... Tartean minbizia dakarren titanio dioxidoa ere atzeman daiteke, baina ez denetan, urtarrilaren 1az geroztik debekatu egin baitu Frantziak.

Judith Wurtman Cambridgeko (Erresuma Batua) ikertzaileak demostratu du haurrek usu badutela akatsa serotoninaren erabileran; hau da, umorean eragiten duen burmuinaren mezulari kimikoan. Ahulezia hori ikus daiteke oldarkortasunean, negarretan edota arreta asalduran. Hala, Wurtmanen arabera, gozoki kontsumitzaile handiek kasik erabilera medikoa egiten dute serotonina zerebrala puzteko. Koloratzaileek dute eragiten haurren kontzentrazioan eta umorean.

Claire Marzin Baionako nutrizionistak azaldu du gozokien ibilbidea: «Funtsean, azukrea lasaigarri bat da: konparazione, haur sortu berriek esne azukreduna dute maite. Antsietatea jabaltzen du. Azukrea oso manera aktiboan igotzen da odolera, hormonetan eraginez. Gogo bizia sortzen du berriz jateko. Baina, aldi berean, bizigarria ere bada, koloratzaileen ondorioz. Produktu eroa da zinez». Lanbidean ikusten du obesitateak joa den jende franko, eta gozokiak badira eritasunaren eragileetarik bat: «Apairuz kanpo goserik gabe bihika jateak dakarrena, hain zuzen ere», zehaztu du Marzinek. Hala, gomendatzen du ahal bezain guti erostea eta gogoeta bultzatzea gehiegizko kontsumoaz.

Kontsumoko euskal institutuaren arabera, «litxarreriek eduki txikia edo ezerezekoa dute proteinetan, bitaminetan eta mineraletan. Hortaz, elikagaiak dira, baina hutsak, kalorikoak eta nutrizio balio eskasekoak. (...) Noizean behin kontsumitzekoak». Osagarriari eragiten dizkion kalteetatik hiru zerrendatu ditu: jangurarik eza eta, beraz, nutriente eskasa; kaloria soberakinak dakarren obesitatea; eta, ahoko higieneari dagokionez, hortz plakaren bakterioek hartzitu egiten baitituzte gozokien azukreak, txantxarra sortuz.

Tentazioa osasunaren etsai

Egunerokoan, karrikan, nola egin dakioke aitzi etengabeko tentazio kaltegarriari aho zola listuz itotzen den ber?

Oiane Larrazabal psikologoa da Laudion (Araba), eta bi haurren ama aldi berean. Haren ikuspuntua biopsikosoziala da, erran nahi baita emozioa eta gorputza ez dituela elkarrengandik banatzen: beti izan du argi elikadurak nolako eragina duen fisikoan, baina baita emozioetan ere. Horregatik, aspalditik zaintzen du bere burua, bertzeak bertze, elikadura zainduz. Guraso bilakatzeak teoriatik praktikara salto egitea ekarri dio, gozokien arazoari aterabideak bilatuz eta borrokatuz.

Argi du haurrek gozokiak gehiegi kontsumitzearen arazoa gurasoengan dagoela: «Guraso haietan egin beharko litzateke lanik handiena. Ez dut nahi gurasoengan jarri kulpa guztia, baina egia da arazoa gugan dagoela, guk dugulako horren ardura. Argi dago ez dagoela kontzientzia nahikorik. Arau eta debekuekin aurreratu ahal dira puntu batera arte, baina, gauzak ez badira ulertzen eta sentitzen, eta ez baditugu gure egiten, gutxirako balio dute, hain den handia inguruan dugun tranpa eta tentazioa». Azpimarratu du helduak direla haurren eredu; horregatik, kontsumo ohiturak helduekin direla lantzen hasi behar. «Beraz, kontzientzia hartu behar da, zer den ona eta zer den txarra, borondatez erabakitzeko gai izan arte. Alkoholarekin bezala, funtsean». Alta, kezkatzen da, orokorrean gutxiegi sinesten delako haurrengan, haien gaitasunean, baina azpimarratu du ikasteko gai direla.

Gozokia lagunak erosteko

Gizarteak gozokiak haurren ondaretzat hartzen dituela ondorioztatu du Aurelie Maurice antropologoak, egin duen tesiari esker. Plazer fisiko emozionalaz harago, gozokiek funtzio sozial indartsua betetzen dute: «Batzuk prestigio mailetan gora doaz, hain zuzen ere, gozokiak kontsumituz. Zeren eta transgresio tresnatzat hartzen baitute, gozokiak jatearen debekua urratzeko». Sariari eta plazerari lotutako gozokien balio sinbolikoaren ondorioz gazteek gozoki kontsumoa instrumentalizatzen dutela ohartu da Maurice, taldean integratzeko eta menderatzeko erabiltzen baitute. Izan ere, gozokiaren konnotazio afektibo azkarrak ahalbidetzen dio gazteari lagunen sarea indartzea eta taldean hobeki integratzea.

Larrazabalen ezpal beretik, antropologoak ere ikusi du gazteek berrinterpretatu egiten dituztela helduen praktikak; demagun, haurra saritzen den bezala gozoki bat emanez, lagunak ere saritu daitezke gozoki bat eskainiz.

Usurbilgo (Gipuzkoa) mutiko gazteak eta bere lagunek gozoki dendaren aitzinean gelditzeko usaia dute, baina ezohiko ibilbidea egiten ari da, litxarreriak jateari utzi baitio. Ez du bere izena agertzerik nahi izan. Etxekoekin gozokiak gutxitan erosten bazituen ere, 8 urtetan, lagunekin bakarrik ibiltzen hasi zenean, ohikoa bilakatu zen gozokiak kontsumitzea, batez ere ostiraletan, baina larunbat eta igandeetan ere bai. 10 urterekin hasi zen pintxoak jaten, gozoki dendaren ondoan baitago taberna. «Konturatu nintzen osasuntsuagoa zela; gainera, gozokiek nazkatu egin ninduten. Egia da etxetik transmititu didatela elikadura osasuntsuaren kontzientzia. Gozoki dendan gelditzen gara, beti bezala, eta, lagunak dendara doazen bitartean, ni tabernara noa, eta berriz elkartzen gara. Hasieran harridura pixka bat eragin zien, baina gero normal onartu zuten».

Cecilia Ixaiak ere gaia ederki landu du. Batez ere, irakurri zuenetik ez dela komeni 2 urte arte haurrek batere azukrerik jatea. Debekatzearen kontrara dago, eta, psikologoaren hari beretik, neurtzearen alde egiten du: «Ez dut erabaki nire semeek gozokirik sekula kontsumituko ez dutenik, ez. Ez gara erradikalak izango, ez baita egokia inorentzat: ezkutuan jateko partez, nahiago dut galde diezadala eta tarteka jaten utzi». Oraingoz, haurrak ttipi ditu, 4 urte baititu zaharrenak, eta urterik oraindik ez gazteenak. Baina, hala ere, lagun taldea elkartzen delarik Ataunen (Gipuzkoa), bere hautuak ondorioak dakarzkio, hain den errotua jendartean gozokiak haurren ondare direla: «Gure kuadrillan batzuek esan digute erradikalegiak garela, baina ez zait inporta, niretzat haurren osasuna zaintzea delako, eta bere osasunaren aldeko inbertsio bat delako. Beraz, beste haurren gurasoek erabakitzen dutelarik litxarreriak erostea, saiatzen naiz ahal bezain ongi azaltzen zergatik ez ditudan erosten, edo adostasun batera heltzen entseatzen naiz: jan, baina pixka bat. Eta, batez ere, ahoko higiene ona ukaitea, hori niretzat oso garrantzitsua da».

Gozokizko gomendioak

Irudimen ariketa handia da haurrei litxarreriaren tentaziora ez erortzen uzten saiatzea. Kontsumobidek gomendio batzuk luzatu ditu: debekuaren ordez, neurtzea, eta gazteei ulertaraztea litxarreriaren kontsumoa salbuespenezko zerbait dela. Gazteen aisialdi uneak gozokiz askatzea eta elikagai osasuntsuz ordeztea. Sari gisa baliatzen badira, ongi portatzeagatik egitea, eta ez, adibidez, negar egiteari uzteko. Gozokiak jan ondoren, hortzak beti garbitzea. Azkenik, helduak gozokien kontsumoan eredugarri izatea.

Larrazabalek «borroka» baten gisan kudeatzen du seme-alaben gozoki-kontsumoa. Saiakera franko egin du: gozokien paga txikituz eta litxarreria dendetako bildumatzeko irudiez ordeztuz. Haatik, denboraldi batez ibili bazen ere, orain ez dio gehiago balio: «Ikusten dut kontziente naizela, baina galdu dut borroka. Egia da gureek bakarrik ostiraletan jaten dituztela, baina orduan ezin da barkatu». Hala, erabat saihestea lortu ez badu ere, kontsumoa zinez apala dute haren seme-alabek, eta jakin badakite mugak non dituzten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lehen arretako zentroen egoerari konponbide bat emateko

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainize Madariaga

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna