Laura Perez. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Deszentralizazioa behar dugu demokrazian sakontzeko»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Alderdiaren antolakuntza aldatzeko eta erkidegoei erabakiak hartzeko autonomia aitortzea eskatzen duen dekalogoa defendatuko du Laura Perezek (Iruñea, 1980) Vista Alegren. Antikapitalisten hautagaitza babestu du Perezek.

Iñigo Errejon eta Pablo Iglesiasen arteko ika-mikak eragingo al dio alderdiaren etorkizunari?

Kezkagarria da. Tamalez, zarata honekin ez dago politikaz hitz egiteko aukerarik. Alderdiko oinarriek ez ditugu gauza hauek ulertzen, eta harrituta gaude botere borroka honekin. Gertatu dena saihesteko, oso garrantzitsua da lurraldeei botere gehiago ematea eta gurea kudeatzeko eta antolatzeko erabakitzeko eskubidea aitortzea.

Zer dago jokoan Vista Alegren?

Asko dugu jokoan. Gizartea eraldatzeko behar ditugun tresnen inguruan hausnarketa kolektibo bat egin behar dugu, eta adosten ditugun txostenek izan behar dute gizarte berri horren eredu eta isla.

Nafarroatik zein ekarpen egingo diozue batzarrari?

Alderdiaren deszentralizazioa eskatzeko dekalogo bat egin dugu, eta zirkuluek beste hamasei neurri proposatu dituzte. Nafarroarentzat deszentralizazioa gakoa da.

Zergatik?

Sortu ginenetik interes edo estrategia talka bat egon zen Nafarroan erabaki genuenaren eta zuzendaritzak pentsatua zuen estrategiaren artean. Espainiako zuzendaritzak erabaki izan balu, UPNrekin jarraituko genuke gober- nuan. Horregatik da guretzat hain garrantzitsua lurraldeetan hartzen diren erabakiak errespetatzea. Benetako demokrazia batean sinesten badugu, erabakitzeko eskubidea zentzu guztietan bermatu behar da, behetik gora. Hori da gure baitan daramagun DNA, eta horrek isla izan behar du gure dokumentuetan. Deszetralizazioa behar dugu demokrazian sakontzeko.

Zer proposatu duzue?

Dekalogoan proposatzen duguna da, besteak beste, militanteen errolda izatea gure oinarriekin hobeto komunikatu ahal izateko, ekonomiki hemendik antolatu ahal izatea, elkartasun printzipioan oinarritzea eta lurralde bakoitzak aukeratzea bere ordezkariak.

Zein hautagai agertu da prest zuen proposamenak jasotzeko?

Dekalogoa osorik ontzat hartu du Antikapitalisten Podemos en Movimiento-k, eta hainbat salbuespen jarrita onartu dute Errejonisten Recuperar la Ilusión-ek. Dekalogo hori Nafarroatik, Andalu- ziatik, Asturiasetik eta Errioxatik bultzatu dugu.

Plurinazionalitate kontseilu bat sortzea ere proposatu duzue.

Behin eta berriro eskatu dugu halako erakunde bat sortzea gure barne harremanetan sakontzeko eta beste erkidegoetako errealitateak ezagutzeko. Bitartekaritza batzorde bat ere eskatu dugu, aldeen arteko elkar ulertze adostua lortzeko. Bi ekarpen horiek onartu ditu Pablo Iglesiasen hautagaitzak, baina beste bi hautagaitzek lehendik zituzten horiek jasoak euren dokumentuetan.

Zuk antikapitalisten alde egin duzu. Zergatik?

Hasiera-hasieratik eta salbuespenik gabe aldarrikatu dutelako alderdiaren deszentralizazioa, erabakitzeko eskubidea behetik gora bermatzea eta oinarrien ahalduntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.