Rafaela Romero. PSE-EEko kidea

«Bakeak ez ditu gehien borrokatu direnak saritzen»

Romeroren bizipenak liburu batean bildu ditu Ana Erostarbe kazetariak. PSE-EEk pairatutako askotariko bortizkeriak biltzen badira ere, sakon solastatzen da jasandako indarkeria matxistaz eta sexualaz.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Indarkeria mota anitz pairatu behar izan ditu Rafaela Romerok (Quintana de la Serena, Espainia, 1972) bere bizitzan. Bere hitzek zer oihartzun izan dezaketen jakinda, Hasta que me mates (Hiltzen nauzun arte) liburuan bildu ditu bizipenok, Ana Erostarbe kazetariaren laguntzarekin: «Emakumea naiz, feminista, eta espazio publikoan nago. Eta kontatu behar dut. Ez bada kontatzen ez baita existitzen».

11 urte dira Aieteko Konferentzia egin zela. Gogoratzen duzu non zinen egun hartan?

Politikan nenbilen, rol apalago batean, Jesusi [Egiguren] paperak ematen; sarri, bitartekari lanetan eta gure familiaz arduratzen. Batzar Nagusietan ari nintzen, eta, tamalez, pixka bat kezkatuta nengoen, sozialistak ez ote ginen galtzen ari indarkeria amaitzea lortu izanak emandako pozaren zati bat. Pixka bat triste nengoen horregatik, ezin baikenuen aldarrikatu amaieraren parte ginela.

Zer rol izan zenuen ETAren desegite prozesuan?

Sostengatzea, eustea eta isiltzea. Etxean, dena jakinda eta nire babes familiar, sozial eta politiko osoa emanez, erabat ziur nengoelako prozesuan zeudenak zuzen ari zirela. Konpromiso pertsonal, familiar eta politikoa zen. Ez zitzaidan axola nire rola; banekien emakumeok askoz gehiago egin genezakeela. Gehien sufritu genuenak poztu ginen gehien, eta sufritu zutenei gehien lagundu zietenak emakumeak ginen. Erabat harro nago han egoteko sufritu nituen gauza on eta txarrez.

Nola bizi zenuen familian gai horri hain modu irekian jarraitu izana? Liburuan diozu amak hartzen ziola telefonoa Alfredo Perez Rubalcabari, senideek paperak eramaten zizkiotela Egigureni Suitzan zegoela...

Ahizpak sakelakoak erosten zituen. Jesusek galdu egiten zituen, eta, deitzen nionean, norbaitek erantzuten zuen frantsesez... Egia da nik Arnaldorekin [Otegi] hitz egiten nuela, anai-arrebek Jesus Genevara eraman zutela. Topaketa horietan, badago Otegiren familiaren eta gurearen arteko elkartze bat. Gero Espainiak horren gaizki jokatu zuen bakea lortu zenean... [grabazioa eten du; ahotsa dardarka du, eta malkoak lehortu ditu]. Jesus mespretxatu eta iraindu zuten. Esaten zuten ez zuela ideiarik, okerrena bidali zutela. Orain harro kontatzen dut, baina orduan...

Liburuan diozu zu Rubalcabaren zalea zinela, baina hark Egiguren baztertu zuela prozesuaren amaieran; horrek mindu zintuela. Zer harreman zenuten negoziazio prozesuan?

Haren zalea naiz oraindik. Rubalcaba liluragarriki endredatzailea zen. Dena konpontzen zuen; hura gabe, ez zen posible izango. Baina borondatea presidentearena [Jose Luis Rodriguez Zapaterorena] zen, Rubalcabak askoz zalantza handiagoak baitzeuzkan ezker abertzalearen borondateaz. Presidenteak lagundu zuen, eta asmatu zuen. Jesusez ahaztu zirenean, hura izan zen hots egiten jarraitu zioten apurretako bat. Erantzuten ez bazion, niri deitzen zidan.

Iazko urriaren 18an, ezker independentistak ETAren biktimei esan zien haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar». Zer ekarri zuen horrek zuentzat?

Balorazio ona egin nuen. Egia da urratsak keinuekin lagundu behar direla, baina gauzak aldatzen ari dira. Ez zait gustatzen zein motel doazen pauso horiek, eta agian beste aldeari ere ez zaio gustatzen memoria zein abiaduratan doan beste arlo batzuetan. Baina sinesten dut pertsona guztien eraldaketa pertsonalean, eta neronek Ibon Etxezarretarengan [ETAko kide ohia] ikusitakoa ETA osatu zuten gehienengan ikustea. Pausoak behar dira.

Klase politikoa ETAren desegiteari aurre egiteko prest zegoela uste duzu?

Prest zeuden errentagarritasun terminoetan aurre egiteko; ETAren amaierari egin zioten ekarpenaz hitz egiteko. Beste batzuoi, hala nola Alderdi Sozialistari, ETAren amaierari eta askatasunari ekarpen handia egin arren, kostatu zitzaigun ikustea amaiera horren parte ginela. Bakeak ez ditu gehien borrokatu direnak saritzen. Hori onartuta, euskal gizartean gertatzen ari den autokritika prozesua da gehien pozten nauena, politikariez harago.

Badira ETA bizirik dagoela diotenak. Zer iruditzen zaizu?

Birbiktimizazioa eta ETAren biktimentzako irain onartezina iruditzen zait. Berdin sumintzen naute ETAko kideen ongietorriek, Espainiako alderdi bateko arduradunak ETA ez dela amaitu esateak, eta Alderdi Sozialistari eta niri, biktima gisa, ETAren biktimei traizio egin diegula leporatzeak. Zauritua, umiliatua eta biktimizatua sentitzen naiz.

Bete-betean harrapatu zintuen ETAren jardunak zure bide politikoan. Nola bizi izan zenuen?

Oraindik ez dut ulertzen nola ikusten gintuzten paisaiaren partetzat. Ezin zara ohitu hainbesterainoko izugarrikeriara, hainbeste familia zaintzapean izatera. Zauri hori daramat. ETAk biktimei ezartzen zien bazterketa soziala ez da sanoa; herri gisa eta kohesio sozial gisa daramagu hori. Landu beharra dago, eta konturatu hilketatik harago estigmatizazio eta bazterketa prozesuak ere bazeudela. Oroitzen dut behin txistua bota eta txakur sozialista esan zidatela. Oroitzeko ere beldurgarria egiten zait.

Besteak beste, Isaias Carrasco zure lagun mina hil zuten (2008). Nola eragin zuen horrek?

Bizi izan dudan gauzarik gogorrenetakoa da. Jesus beldur zen hilko ote ninduten, baina ezin genuen pentsatu nire lagun bat hilko zutenik. Gainditu dut hori gerta zitekeela, ez dela nire edo gure errua. Ni Arrasaten arrosak banatzen nengoen, harengandik 600 metrora. Polizia baino lehen iritsi nintzen. Lehen ezin nuen honetaz hitz egin: errudun sentitzen nintzen [hunkitu da]. Gero, onartzen duzu, baina kosta egiten da.

Liburuan nabari da garai hartako bakardadea, bai familian, eta baita Arrasaten ere. Huts hori alderdian bete zenuen?

Politikak aukera asko eman dizkit. Politikak eta memoriaren aldeko aktibismoak konplize asko eman dizkit bizitzan, eta ez denak sozialistak. Minetik, gainditzea, eta indarkeriatik, iraupena.

Buruko eritasunez mintzatzen zara zenbait aldiz. Zergatik?

Sanoa da buruko gaitzak, arimako zauriak normaltzea. Esatea nik depresio bat pasatu dudala, senarrak depresio arazo larri bat izan zuela prozesuaren ondoren. Nik aholkularitza behar izan nuen depresioa dutenak artatzeko. Ez da erraza depresioa izan eta zure bizimoduarekin jarraitzea.

Nola eragin du indarkeria matxistak zure bizitzan?

Ez dut neure burua irudikatzen pertsona neutro gisa giza eskubideetan. Baina konpromisotik aktibismora, pauso bat dago. Hor, zerikusia du nik eta emakume gehiagok indarkeriaren arlo guztietan sufritu dugun esperientziak. Giza eskubideen alde borrokatzen, tolerantzia eta begirunea izaten eta elkarbizitzen ikasi egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.