EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Arnasguneen arnasa luzatzeko

Euskararen erabilera oso hedatuta dago Azpeitian: kaleko paisaian nagusi den hizkuntza da, eta kaleko elkarrizketa gehienetan presente dago. Halere, Euskaraldian parte hartzeko arrazoiak ere badaudela diote Euskara zinegotziak eta ariketaren dinamizatzaileak. Egoera hori indartu behar baita.

Herritarrak, atzo, Azpeitiko plaza nagusi inguruan. Euskaraldiak parte hartze handia izango du bertan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Azpeitia
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ariketa egin daiteke, eta Azpeitira (Gipuzkoa) joan, bertako kaleetan euskararen presentzia zenbaterainokoa den ikustera. Bisitariak ikusi ahal izango du, esaterako, merkataritzako erakusleiho ia denetako kartel guztiak euskara hutsean daudela, eta hala ez dagoen kasu bakanetan gaztelania bigarren hizkuntza dela. Herriguneko kaleetan ohi baino jende gutxiago dabil pandemiak eragindako murrizketa sozialak eraginda, baina egoera horretan ere euskara ahoz aho entzun daiteke herritarren artean. Erdigunetik asko urrundu gabe, anbulatorio inguruan edo eskolako patioan ere kasik ez da beste hizkuntzarik entzuten. Olatz Goenaga dendariak esandakoak argi erakusten du euskara zenbat erabiltzen den: «Hemen zaila izaten da gazteleraz hitz egitea».

Egoera hori izanda ere, hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ariketa soziala antolatu dute Azpeitian. Nabarmentzeko modukoa da, gainera, Euskaraldiarekin bat egin duten parte hartzaileen kopurua: 203 entitatek 550 arigune sortu dituzte —300 barnekoak, eta 250 kanpokoak—, eta 2.200 herritar inguruk eman dute izena ahobizi edo belarriprest roletan. «Izena eman dugu, jendeak jakin dezan hemen euskaraz egin dezaketela lasai», jarraitu du esaten Goenagak bere belar dendako arigunean. Arnasgune izanda ere, ariketa egitea garrantzitsua baita euskararen arnasa luzatuko baldin bada.

Eneritz Albizu Azpeitiko Euskara zinegotzia da, eta, dioenez, euskararen kaleko erabilera handia izanagatik ere, garrantzitsua da antzeko ekinaldiak antolatzea: «Egia da guretzat naturala dela euskaraz egitea, arau sozial bat dela, baina guk ere baditugu aldatu beharreko ohiturak, eta egunerokoan ikusten dugu badaudela gauza asko euskaraz egin ditzakegunak». Erdarara jotzen baitute askotan, horretaz jakitun izan gabe. Horregatik, herritar askok esan izan diote Imanol Amiano Azpeitiko Euskaraldiaren dinamizatzaileari ez zutela antzeko ekinaldirik behar eurenean. Euskaraz asko hitz egiten delako: «Baina zer egiten dute euskaraz? Kaleko harreman hori egiten dute, bai, eta hori oso garrantzitsua da. Baina beste hainbat esparrutara zabaltzean gaztelerara jotzen dute askok».

Arnasgune izanagatik ere, euskararen iraupena ez baitago erabat bermatuta Azpeitian. Hala jarraitu du azalpena Amianok: «Beste herri euskaldun batzuetan ere gertatu da erabilera asko jaitsi dela, eta hemen oraindik euskaraz funtzionatzen bada ere, higadura bat badago». 2016an egindako azken kale neurketaren arabera, herriko kaleetan entzundako elkarrizketen %81,9 euskarazkoak izan ziren, eta zenbateko hori handia den arren, 2009an egindako erregistroaren arabera, euskararen presentzia %86koa zen. Jaitsiera ez da handia, eta euskararen presentzia ere ez dago zalantzan, baina higadura hitza erabili du, eta hori saihesteko modu on bat Euskaraldia gisako ariketa izan daitekeela dio.

Sareetara kezkaz begira

Gazteen euskararen erabileragatik kezkatuta hitz egin dute biek. Albizuk egin du egoeraren erretratua: «Kalean daudenean, egia da euren arteko harreman gehienak euskaraz direla, baina sare sozialetan nagusi den hizkuntza gaztelera eta ingelesa da, eta asko ari dira edaten horietatik; horrek euren hizkuntza ohituretan eragiten du». Pandemiari aurre egiteko neurriek kaleko harremanak murriztu dituzte, eta herritarrak etxean geratu dira inoiz baino gehiago. «Gutxiago ateratzen dira kalera, eta gehiago kontsumitzen dituzte Tiktok eta antzeko sare sozialak». Egoera berri honek, beraz, joera hori areagotu ote duen, horren beldur da. Dena dela, behar argi bat ikusten du: euskaraz arituko diren erreferenteena. Eta sare sozialetan gabezia hori are eta handiagoa dela dio.

Orain arte, urte luzez errepikatu den joera bat gertatu da udalerri euskaldun askotan: nerabezarora iristearekin bat, euskaratik gaztelerarako muda egiten zutela askok. Orain, ordea, joera hori lehenago hasten ari ote den kezkatuta, Uema udalerri euskaldunen mankomunitatean ikerketa bat bideratzen hasi da, eta eskoletako patioetan neurketak egingo dituzte. Tartean, baita Azpeitikoetan ere. Dena den, Amianok bere neurketa propioa egina dauka: «Euskaltegira bidean [bertako irakaslea da] eskola bat dago, eta, lehen, dena euskaraz entzuten nuen, baina, orain, gaztelera entzuten hasia nago». Kezka eragiten dio egoera horrek, erabat osasuntsu zegoen eremu batean ikusi duelako higadurarako zantzua. «Dagoeneko ez naiz gauean ibiltzekoa, baina semeak esanda dakit gero eta gaztelera gehiago entzuten dela hor ere. Horrek ez du esan nahi dagoeneko euskara ez denik hizkuntza nagusia, baina halakoak entzutean, belarriak erne izan behar ditugu».

Hiztunak, protagonista

Horregatik guztiagatik, Euskaraldia arnasguneetan ere egin behar dela diote biek ala biek. Euskararen egoera osasuntsua izateak ez baitu esan nahi salbatuta dagoenik. Hori horrela izanda ere, Albizuk uste du diskurtsoa aldatzen hasteko garaia dela: «Jendeari esan behar zaio pribilegiozko leku batean gaudela, baina, era berean, arriskuak ere badaudela. Ez bazara pentsatzen jartzen, eta ez bazara askorik fijatzen, irudituko zaizu dena salbatuta dagoela. Baina dena ez da betiko. Egoera hori indartzeko, esan behar zaie hiztunak protagonista direla, eta hizkuntzaren normalizazioan protagonistak izango direla sinistu behar dute».

Izan ere, Albizuk dioenez, azpeitiar askori galdetuko balitzaie zer den euren herriko bereizgarrietako bat, askoren erantzuna argia litzateke: herri euskalduna dela. «Hori horrela dela sumatzen da, baina ezin gara lasaitu, zaindu eta landu beharra daukagu. Naturaltasunez aritu beharrean kontzientziaz jarduten hasi behar dugu». Amianok albotik erantzun dion legez, «Euskaraldia gisako ekinaldiak beharra dagoelako» egiten baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.