Cynthia Weber. Sussexeko Unibertsitateko irakaslea

«Gero eta gehiago nahi dugun gauza zehaztugabe gisa sentitzen dugu burujabetza»

J. O.
jon olano
Oñati
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Burujabetzaren «nozio» ezberdinetan sakondu du Cynthia Weberrek (New Jersey, AEB, 1961), hari buruzko ideiak, usteak eta desioak bereiziz.

Nola deskribatu behar dugu gaur egun burujabetzaren kontzeptua?

Autoritatearen, lurraldearen, biztanleriaren eta aitortzaren arteko konbinazio gisa ulertu izan da klasikoki. Autoritatea absolutua da, eta erabakiak hartzeko ahalmena hartzen du; lurraldea geopolitikoa da —lurra, uraren kontrola…—; biztanleriak komunitate politiko batean antolatzen diren gizakiei egiten die erreferentzia; eta aitortza beste entitate burujabe batzuek zu burujabetzat jotzean datza.

Eta nola garatu da burujabetza ulertzeko era?

Nik ulertzen dudan moduan, burujabetza beti izan da irudikatutako edo simulatutako zerbait, eta ez da existitu termino klasiko horietan. Izan ere, autoritatea ez da inoiz absolutua, biztanleria ez da beti mapa batean zehaztutako lurralde berean bizi… alegia, ez dut uste burujabetza bera aldatu denik, baizik eta burujabetza bizitzeko modua; jada ez dugu sentitzen nahi dugun gauza erreal baten gisara, baizik eta, eduki ezin dugunez, gero eta gehiago nahi dugun gauza zehaztugabe baten gisara. Interesgarriak dira 1980ko hamarkadan postestrukturalistek izandako eztabaida filosofikoak. Duela urte batzuk, heretikotzat jotzen zituzten, baina gaur egun onartzen da burujabetzaren ideia eraikia dela; hori jendeak bestela bizi duelako da horrela.

Ikasi izan dugu burujabetza herritarrengandik eratorria dela, baina zuk aipatutako elementuen artean gaur egun autoritatea nagusitzen dela dirudi. Nola uztartzen dira biak?

Oso garrantzitsua da ulertzea nor den «herri» hori. Autoritate absoluturik ez dagoenez, herritarrek ez dute beren burua «herri» gisa aurkezten. Ameriketako Estatu Batuen kasuan, adibidez, herria jotzen da autoritatearen sorburu gisa, baina herri hori etengabe aldatzen da. Elementu askok zatitzen dute, eta, «terrorearen kontrako gerratzat» jo izan den horretan esaterako, inportantea izan zen «herri» hori ulertzeko modu partikular bat zedarritzea «abertzale» gisa.

Burujabetzak ematen dizu erabakitzeko ahalmena, ala erabakiz eraikitzen eta erreproduzitzen duzu burujabetza?

Eztabaida izugarria dago horren inguruan. Foucaultek argudiatu zuen badagoela burujabetza teorikoa legea baino lehen, baina badago halaber praktika sorta zabal bat non burujabetza gizartearen bidez arintzen den. Botere sareei buruz hitz egiten du berak. Erabakiak hartzeari buruz hitz egiten dugunean, galdera da nork duen autoritatea erabaki hori hartzeko. Kontua ez da zer datorren lehenago, legea ala erabakia, baizik eta behin eta berriz zein hartu-eman duten.

Estatua al da burujabetza adierazpen gorena gaur egun?

Gutxi axola du horrek. Enpresak ez dira entitate subirano gisa aitortzen, baina zenbait botere gauza ditzakete, nahiz eta soilik estatuak diren burujabe izatearen aitortza dutenak. Ez baditugu aintzat hartzen burujabetza ulertzeko era tradizionalak —gaur egun estatuei lotzen zaizkienak—, burujabetza antolatzeko mota askotarikoak ikus ditzakegu.

Biak estatu izanik ere, Alemaniak eta Greziak ez dute burujabetza maila bera.

Egoera hori oso interesgarria da burujabetzaren ikuspegitik. Burujabetzak, nazioarteko harremanetan, lege berdintasuna ematen dizu, baina ez botere berdintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.