Joseba Gabilondo.
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Trump eta krisi amaiezina

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Azaroaren 3an bozkatuko diren beste hauek ere bi garairen mugarri dirudite, 1968 ondoko bozen antzera (Nixon vs. Humprey/MGovern). 2016an bezala, oraingoan ere inkesta guztiek hautagai demokratak irabaziko duela iragartzen badute ere (eta oraingoan 2016ko eskarmentua dute itsumutil), historikoki bada analisi hoberik emaitza posible hori ulertzeko. Izan ere, #metoo, #BLM eta etorkinen (latinoamerikarren) krisiak argi utzi dutena bloke historiko zuri eta langile (ertain eta behe) baten amaiera da. Eta amaiera honek ez du irabazlerik.

«Arraza zuriaren» hegemonia-galeraren antsietateek, eta batez ere langileria zuriarenek, Trumpengan eta bere Make America Great Again-en (MAGA) ez dute irtenbiderik topatu: talde honen antsietateak gehituz doaz (inoiz baino arma gehiago erosten ari da talde hau). Maskara erabiltzearen aurkako bloke honen joeran ikusta dezakegu bere geroaren sintoma argiena: heriotzari desafio eginez, klase honen kutsadura eta heriotza portzentajeak gora doaz, egun Mid Westean, hots, Amerikako erdialdean, zentratzen direnak. Are, Trump emakumeen %37k bakarrik babesten dutela kontutan hartzen badugu, bloke zuri honek ez du gerorik. Baina, era berean, Bill Clintonengandik Barack Obamarengana hedatu den neoliberalismo progresistak (multikulturalak) ere ez dio irtenbiderik eman globalizazioak eta kapitalismo are hedatuago eta digital batek sortu duen polarizazio sozialari.

Bloke honen sintoma unibertsitateetan ikusta dezakegu: elitearen parte bihurtzeko bilakatu den unibertsitate neoliberal eta «kudeatzaileak» (unibertsitateak, egun, irakatsi eta ikerketa sustatu beharrean, tituluak eta kontratu-bekak kudeatzen baititu) ezin du prometatuko paradisu elitezko eta aberatserako sarrera zilegitu, milaka dolarreko matrikula baten (Harvarden 49.000 urteko) ordez online klaseak emanez edo ikasleen kutsatzea campusetan ezin kontrolatuz.

Hala, Joe Biden eta Kamala Harris hautagai demokratak irabazle ateratzen badira, goian azaldutako arazoak irtenbiderik ez duela argiago azaldu baino ez dute egingo, eta gehienez ere krisiak itxura baketsuago bat izango duela (talde terrorista supremazista zurien erantzuna oraindik ere ikustear dago). AEBen historiako presidenterik zaharrenak (Biden) eta beltz amerikarren arazoak gutxitan ulertu eta konpondu dituen fiskal ohi beltz-indiar neoliberalak (Harris), krisiari konponbide oso behin-behinekoa emango diote kasurik onenean. Hain da krisia gogorra, non erantzunik kontraesanezkoena Wall Streetek eman duen: bertako negozio-gizon gehienek (gehiengo ia osoa gizonezkoa baita) Bidenen alde erabaki dute, zergak igoko dituela jakinda ere. Izan ere, Wall Streetek gehien maite duena egonkortasuna da (berak sortu duen krisiaren egonkortasuna bada ere).

Krisi ekonomiko eta pandemikoaren erdian Trumpek oraindik ere biztanleriaren %40 inguruko babesa nola duen ulertzeak lanak baditu ere (urte amaierarako 400 mila hildako eragin ditzakeen pandemia baten eta langabetu kopuru hazkor baten erdian), arrazoia historikoa da: bloke (zuri kontserbadore) baten gainbeheraren sintoma ezin kontraesanezkoago baina era berean ezin emozionalago eta indartsuagoa izaten jarraitzen du Trumpek. Haserrearen eta herraren presidentea da, Bidenen berotasun patsadatsu baina zaharkituari kontrajartzen zaiona.

Hala, Midwestean, Txinaren aurkako gerra ekonomikoaren ondorioz porrot egindako nekazari ugarik botoa hari ematen segituko du. Era berean, etika kristau protestantea erabat hausten duen presidenteak Bible Beltaren (Bibliaren gerrikoaren, AEB hegoko estatu ebanjelisten) botoa jasoko du (Gorte Goreneko azken izendapen abortu-oposatzaileak direla medio). Hala, inkesta guztiek galduko duela badiote ere, Trumpen alderdi errepublikano eskuindarrak badu arma bat oso potentea, oraindik ere hauteskundeak «irabazteko»: tranpa edo, teknikokiago esanda, voter suppression and intimadation.

Horiekin guztiekin ere, Trumpek irabazten ez badu baina emaitzak argi ez badaude astearte gauerako, berak eta berreraiki duen Auzitegi Goren eskuindarrak oraindik ere «estatu kolpe bigun» bat eman dezakete, eta garaipena aldarrikatu. Kasu horretan, inperio amerikar zuriaren krisiak proportzio eta itxura erromatarrak (V. mendekoak) hartuko ditu. Hots, krisia fase are salbaiago batean sartuko da. Baina, irabazleak irabazle, krisiak segituko du. Hau da analisi historiko emankorragoa, non elementu bat gehiago ezarri beharko zaion ekuazioari: Txina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.