Albistea entzun

Mikel Antza. Idazlea

«Ari naiz lur hartzen, bai, nire baitan»

'Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik' obrari azken ukituak eman bitartean, antzerkiaz, idatzi beharraz, iraganaz, espetxeaz eta itzuleraz mintzatu zaio egunkari honi.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2020ko martxoak 15 - Zarautz

Osteguna Modelo zineman. Hiru ordu falta dira Loraldiak aurtengo bere egitarau osoa bertan behera uzteko. Bukatu berri dute egitarau horren barruan estreinatzekoa duten Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia antzezlanaren entsegua. Ainhoa Alberdi eta Erika Olaizola aktoreak joan dira dagoeneko, Idoia Beratarbiderekin batera. Aretoko eserleku huts ilaran, Mikel Albisu Iriarte (Donostia, 1961). Mikel Antza, idatzi dituen liburu guztietan sinatu duenez. 1985eko uztailaren 7an Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea etakideen ihesaldia antolatu zuenetik ere, Mikel Antza da ETAren inguruan idatzitako hamaika paperetan.

Odolaren mintzoa (Susa, 1987) izan zuen sasiak idazlea jan aurreko azken sormen lana. Duela hamar urte agertu zen berriz Antza idazlea, bere lehen nobelarekin: Ospitalekoak (Susa). 2004tik zegoen espetxean, eta espetxeko bizimodua agertzen zuen bertan. Baita Bakarmortuko kronikak (2011, Ataramiñe) kronika liburuan ere. Segidan etorri zen Atzerri (2012, Susa) nobela. Iaz argitaratu zuen azken horren gaztelerazko itzulpena; iaz itzuli zen atzerritik Euskal Herrira, espetxetik irtenda.

Orain, Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia obra prestatu du. «[Fernando] Pessoaren eta Sarrionandiaren arteko elkarrizketa fikzionatu bat eskatu zidan Loraldiak, testu literario bat. Pixka bat bihurritu egin dut eskatu zidatena, baina. Testu literario bat atera beharrean, antzerki obra bat atera da, non, literaturarekin jolas eginez, Pessoa, Sarrionandia eta ni neu harremanetan jartzen garen». Errealitate dosi askorekin, autofikzioaren arrastotik irten gabe. «Ez dakit zergatik, nire literaturak beti eramaten nau, esango nuke, nire zilborrera, eta horrekin badut arazoa. Badirudi autofikzioa dela nire espezialitatea». Hasiera hasieratik, gainera. Lehen bilduma 82-84 (1985, Susa) argitaratu zuenetik. «Nire lehenengo liburu hartako ipuinak hartu —zortzi dira—, eta denak daude oinarrituta nire bizitzan. Hura ere autofikzioa da. Jeloskor nintzeneko hainbat pasarte ipuinean, esaterako, badirudi nitaz ari nintzela. Imajinazio laburreko pertsona naiz maila horretan».

Espetxean idatzi zituen lanetan ere, bere errealitateak presentzia handia zeukan. «Esana daukat lehen ere: neure burua da ondoen ezagutzen dudana, eta hori dut beste gauza batzuetan ere hitz egiteko modua. Idazle guztiok egiten dugu autofikzioa, nik uste».

35 urte atzera

Sarrionandiak itzulitako Pessoaren Marinela lana muntatu zuen 1985ean Antzak. Hortxe bere burua bi idazleokin gaur egun lotzeko hari mutur bat. Baita antzerki munduan berriz murgiltzeko modu bat ere. «34 urteren buruan Euskal Herrira bueltatu, eta alderatzen dut lehen zegoenarekin. Gaur egungoa, harekiko, zoragarria da». Espetxetik irten berritan ikusi zituen antzerki obrak jarri ditu adibide: «Baziren obra batzuk batere gustatu ez zitzaizkidanak, baina jendeak barre egiten zuen. Pentsatu nuen: 'Begira ze ondo, bada hemen bizitasun bat eta ikusleria anitz bat'. Garai batean, izan ere, oso ghettizatua zegoen antzerki mundua. Alde horretatik, bada loraldi bat. Gero, nabarmenak dira euskara hutsezko antzerkiak dtuen zailtasunak. Prekaritate batean bizi dira profesionalak». Profesionalak egon, baina, badaude. Hori da ikusten duen desberdintasun handietako bat. «Arazoa da nola egiten den aurrera eta nola ematen zaion duintasuna euskarazko antzerkiari». Gaztelaniazkoak, izan ere, hartzaile kopuru askoz handiagoa du hemen bertan eta atzerrian, euskara hutsezkoak baino. «Eta hori da baloratzen ez dena. Arlo guztietan: literaturan, zineman, denean. Euskararen mundua mantentzen da biziraupen maila batean. Biziraupen jori batean, nahi baduzu, beste garai batzuekin alderatuz, baina bizirauten, azken batean».

Duela 35 urtetik hona antzerki munduan aldatu ez den kontu bat: antzezlan bera ele biz eskaintzea. «Horrek diglosia sakondu besterik ez duela egiten uste nuen orduan; orain ere bai. Diglosia finkatuta dago erabat, konpainia gutxi batzuetan kenduta». Diglosia. Oso boladako ez dagoen arren, euskaldunen egunerokoa azaltzeko balioa galdu ez duen hitza. «Euskara hutsez funtzionatzen duen eta funtzionatu nahi duen mundu bat dago, eta beste pentsaera bat ere bai, Euskal Herrian bi hizkuntza daudela dioena». Bi hizkuntza? «Bi hizkuntza, bai, horrelaxe pentsatzen delako. 'A, hirugarren hizkuntza bat ere badago, egia! Frantzian, bai... Atx, Iparraldean esan nahi nuen!'. Euskal Herria diglosikoaren aldeko joera oso-oso potentea da, nahiz eta euskarak aurrera egin. Gotorleku diglosiko batzuk daude. Ez dakit nola erori edo aldatuko diren. Ez dut ikusten horri aurre egiteko plangintzarik. Mentalitaterik ere ez».

Idazten duela

Behin baino gehiagotan esana dauka literatura bafle batzuk bezain ihesbide izan daitekeela. «Arnasteko modua da, niretzat, idaztea. Egunero idazten diot gutun bat Marixoli [Iparragirre; euskal presoa, Brievako (Espainia) espetxean dago egun]. Gutun permanente bat da. Hamabost urte daramatzagu elkarri idazten, egunero». Duela urtebetetik hona, berriz, eguneroko bat idazten ari da bera, kartzelatik atera berriko bizipenen abailan, gertatzen zitzaiona finkatu beharra sentitu zuelako. «Idazten ari naizena ez da eguneroko klasikoa, baina egunaren bukaera markatzen du. Kartzelak ere ematen du eguna markatzeko premia hori, beharbada». Beste hamaika gauza ere idazten ditu. Tarteka, poemaren bat. Eta momentuan inora ez doazen testuak, baina gorde egiten dituenak. «Nik ez daukat nire testuak publikatzeko obsesiorik. Asko idazten dut, eta, batzuetan, idatzi eta denborara izaten dut idatzitako testu bat baliatzeko aukera». Oraintxe bertan, esaterako, espetxean zegoela idatzitako testu bati forma eman eta erabiltzeko asmoa omen dauka.

Katalunian aurkeztu berri duen Atzerri-ren itzulpenari forma ematen ari zela konturatu zen, duela hainbat urte idatzitakoak zer zentzu hartzen duen orain. «Argitaratu nuenean, matxista zela esan zuten batzuek, eta harritu egin nintzen. Danele Sarriugartek esan zuen nobela garai baten isla zela. Uste dut onbera izan zela nirekin». Liburuaren itzulpena berrikustean konturatu zen zertaz ari ziren halakoak esan zituztenak. «Momentu batean izutu ere egin nintzen, nire liburu horretako protagonistaren jarrera eta izaerarekin; nire ikuspegiarekin, alegia, idazle gisa».

Duela zazpi urte eta erdi Atzerri idazten hasi zenetik, feminismoak gizartean eragiteko zeukan moduari buruzko bere ikuspegia eraldatu egin dela erantsi du: «Nik orduan pentsatzen nuen feminismoak topo egingo zuela bere kontrako eraso batekin eta ezin izango zuela aurrera egin». Kalean errepikatzen zen «iraultza feminista izango da, edo ez da izango» planteamendua entzutean, «ba ez da izango» pentsatzen ei zuen. Egun, aldiz, iraultza feminista gertatzen ari dela uste du. «Gizon gisa aritzen garenok hitz-abstinentzia ariketa bat egiteko daukagu. Badaukat lagun bat belarri atzean, tarteka esaten didana isiltzea egokitzen zaidala, esateko dudan hori oso interesgarria izanik ere. Besteei utzi behar zaiela; eta, kasu honetan, emakumeei. Hori da nire hausnarketa, eta hori da Atzerri-rekin gaur egun dudan distantzia. Nahiz eta nire iraganaren parte gisa asumitzen dudan goitik behera. Baina hor eboluzio bat badago, nigan. Baita gizartean ere. Hala sentitzen dut, bederen».

Dena ezin dela kontatu, dena ezin dela idatzi, hori ere sentitzen du. Ez da lehen aldia Euskal Herrian: frankismo garaian ere ezin zen dena kontatu. «Arazoa da frankismoa denentzat zela diktadura, eta, gauza batzuez ezin zenez hitz egin, kodeak erabiltzen ziren, eta jendeak bazekiten zertaz ari ziren. Gaur egun, aldiz, dena ezin kontatzearen egoera hori bizi duena gizartearen zati bat bakarrik da, eta, gainerakoak, horren aurrean, intsentsibilizatuta daude. Gatazka honetan gertatu diren gertaerarik zaurgarrien eta mediatikoenak markatuta bizi da gizarte guztia, eta badago bigarren biktimatzat hartzen direnen mina. Sufrimendu mailan hitz egingo bagenu... ez dago kode konpartiturik. Luzerako emango lukeen gaia da». Zein kodetan idatzi behar da, orduan, literaturara etorriz? «Badago zer kontatu. Egia, oroitzapena eta justizia esaten da, eta egia absoluturik ez dago, baina bai ikertu egin behar dela, bai xaxatu egin behar dela. Zaldibarrekoa da adibide bat. Horiei, ikuspegi literario batetik ere, funtzio sozial bat eman behar zaiela uste dut. Nola heldu behar diegu kulturatik gai horiei, gizarteari galdera batzuk gehiago eskaintzeko, norberak bere erantzunak bila ditzan? Nobela beltzak etorkizun oparoa luke Euskal Herrian. Jon Antzaren desagerpenean oinarritutako nobela beltz bat idatzi zuen frantses batek, oso interesgarria. Harritzen naiz nola ez dugun egiten idazleok autofikzioa, gure herriko errealitatearekin».

Duela espetxealdi bat

Espetxea, elkarrizketa osoa zeharkatu duen hitza. «Ez dago beste animaliarik bere antzeko bat hartu eta kutxa batean sartzen duena. Kartzela inhumanoa dela diote batzuek, eta ez, ez da. Dagoen gauzarik humanoena da. Horrez gain, espetxea haserretzeko lapiko bat da, eta hor pilatutako haserreak... Kartzelatik atera nintzenean, erabaki nuen orduan hartutako haserre guztiak han geratuko zirela. Kontua da orain haserretzen naizenekin nola konpondu. Inorekin ez haserretzen saiatzen naiz».

Kontua da, halaber, gainontzeko guztiekin nola konpondu. «Nik ezin dut jakin besteak nola datozen nigana, baina, dikotomia bat eginez, bi motatako erreakzioak nabaritzen ditut nire bi munduen artean». Kultur munduan, ihes egin aurretik berea zen mundu horretan, «beso zabalik» hartu dutela nabarmendu du birritan: «Ez dut sentitzen inolako aurrejuzgurik nirekin aritzerakoan». Pribilegiotzat dauka. «Ihes egin aurretik nintzenagatik eta kartzelaldiko azken aldian berriro idazketari lotu natzaiolako dela uste dut». Oso eskertuta dago.

Kultur munduan izan duen harreraren isla litzateke koordinatu duen Hegats aldizkariaren 57. zenbakia. «Kartzela eta literatura, ihesak eta literatura, lan nitzakeen». Gazteak bihurtu ditu ardatz, baina. «Aitakorkeria handiz ibili ohi garela iruditzen zait, gazteei esanez zer egin behar duten eta nolakoa izango den beraiek biziko diren etxea, eta kontrakoa egin behar dela iruditzen zait».

Itzuleraren txanponaren ifrentzuaz hitz egiteko tenorea. «Nirekiko deserosotasun handiagoa nabari dut mundu politikoan, eta nik neuk ere deserotasun handiagoa dut. Oraindik ere ikusten dut nire iragan militantea jartzen dela aurretik. Nire iragana hor dago, eta ez diot muzin egiten. Nire parte da. Baina iragana den neurrian, atzean dago, eta horrek ere egiten nau ni». Iraganaren arrastoa agerikoa da orainaldian ere, gainera: «Nik militatu nuen erakundea desagertu den arren, 60 urteko borroka klandestino horren ondorioak oraindik ere gainditu gabe daude. Sufrimenduak jarraitzen du, zauriak oraindik ere irekita daude, eta, batez ere, ez da ikusten nola gaindituko diren. Hor badago itxarote bat, eta, maila horretan ere, hor nago».

Itxaroten. Eta, aldi berean, lur hartzen. «Ari naiz lur hartzen, bai. Hasieran, esan ohi nuen ez neukala lur hartzeko batere intentziorik, oso ondo ikusten zirela gauzak goitik. Orain, ari naiz lur hartzen baina ez hemen, baizik eta nire baitan». Nola hartzen du batek lur norbere baitan, baina? Zer esan nahi du horrek duela ia 35 urte alde egin eta duela ia hamalau hilabete bueltatu ostean?

Atzerri ekarri du gogora beste behin. Iban Zalduaren galdera hau izan zuen abiapuntu nobela horrek: «Joseba Sarrionandia eta Mikel Antza klandestinitatera pasa izan ez balira ezberdina litzateke euskal literatura?». Duela 35 urteko ihesaldiaren ostean, jakinekoa da, Sarrionandiak ez zion idazteari utzi; Antzak bai, hainbat urtez. «Bizi izan naiz beste atzerri, mundu eta egoera gogor batzuetan, eta horrek eramaten zaitu, bizitzari aurre egiteko orduan, babes jantziak janztera. Titaniozkoak, zementozkoak, burdinazkoak...». Geruzaz geruza, norbere sentimenduak ere geruzon itxituran gelditzen diren arte. «Atzerrian edo kartzelan egon denak, itzultzen denean, aurkitzen ez duen antzinako bere errealitate horretara iristen da, eta aurkitzen ditu, agian, hutsuneak eta antzinako sentimendu batzuk ere. Hori gertatzen ari zait niri».

Iraganari buruzko begirada berri bat eskaintzeko eta bere momentuan hausnartu gabeko gauza batzuk hausnartzeko parada egon daitekeela dio. «Ez da hausnarketa oso logiko edo egituratu bat izango, akaso, sentimenduetan oinarritutakoa baizik. Momentu horretan nagoela esango nuke». Ez daki orain bizitzen ari den prozesu horrek zerikusirik ba ote daukan literaturarekin edo politikarekin. «Ziur aski, baina, izango du loturarik neure ekoizpen kulturalarekin, nahiz eta ekoizpen hori ez izan publikoa». Idatzitakoa argitaratzeko grina berezirik ez daukalako, esana dauka lehenago ere. Idazten segituko duela ere bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.

Laugarren kanporaketa, atzo, Mungiako Olalde aretoan. ©BERTSOZALE ELKARTEA

Oihana Bartra Arenas nagusitu da laugarren kanporaketan, Mungian

Berria

479 puntu eskuratu ditu bertsolari bilbotarrak. Paule Ixiar Loizagak egin du bigarren. Elorrion eta Getxon izango dira hurrengo kanporaketak

Maddalen Arzallus, atzo, Bardozeko saioan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bide luzea eginda ere, aurrera

Hodei Iruretagoiena

Maddalen Arzallus Antiak irabazi du Xilabako bigarren finalerdia, Bardozen, eta Donibane Lohizuneko finalean izango da. Miren Artetxe eta Xumai Murua sailkatu dira haren atzetik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.