EPPUR SI MUOVE

Ibili-ibilian, Alice bilatu eta aurkitu

begona del teso
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Iruñean. Iturrama institutuko Arte Batxilergoko ikasle euskaldunak duela 125 urte egindako film labur, zuri-beltzeko eta mutuak txalotzen. Iruñean, bai. Beste inon, agian, ez litzateke posible hori gertatzea. Iruñean, bai. Baina non? Golem zinema aretoetan. Izan ere, areto nagusi-nagusian.

Iruñean. Bi anai, Hil kanpaiak eta Iñigo filmen egilea eta Golemetako zinema proiekzionista den Imanol Rayo berbetan Iturramako ikasle horiekin, ikusi eta txalotu berri zituzten orain dela 125 urteko zuri-beltzeko film mutu horien inguruan hizketan. Iruñean. Baiona etorbidean. Golemetan. Golemetako saloi nagusian. Urtarrileko eguerdi eguzkitsu eta hotz batean.

Eta pelikulak, zeintzuk? Eta zergatik Iturrama institutuko ikasleak zineman urtarrileko ostegun bateko goizean?

Bada, Youtuben 28.422 bisitari/ikusle izan dituen Gipsy Dance labur-laburraren egilea, hots, Alice Guy, ezagutu/aitortu/omendu nahi/behar genuelako, nahiz eta aspaldikoa izan Iruñeak zinema aitzindari horrekin duen harreman sendo eta sutsua. Izan ere, joan den mendeko 1995. urtean IPES Fundazioak ziklo trinko bat sortu zuen haren lanen eta haren zinema aurkikuntza-asmakizunen inguruan.

Alice Zinema izan du izenburu eta bandera atzo bertan bere akaberara iritsi zen ekimenak.

Ahoskatzen duzuen moduaren arabera, euskara ez diren beste hizkuntzetan entzun orduko, Alice Zinema horrek Al Cine edo Allez au cinema doinua hartzen du. Eta horixe, berauxe, antolatzaileen asmoa. Agerikoa, eta ezkutukoa ere bai: arrima gaitezen berriro iluntasunean dir-dir egiten duten pantailetara.

Interneti lotutako gure etxe barruko ispilu txikietan aterpe aurkitu izan duen autore bati eskaini diezaiogun tamaina duineko zilarrezko oihala. Horrela joz gero, lasai asko jarriko dugu azpikoz gain Martin Scorseseren komedia gazi-gozo haren izenburua: Alice Does Not Live Here Anymore... Alice jadanik ez da hemen bizi... Gezurra, 2022ko urtarrileko egun batzuez Alice Iruñean bizi izan da. Eta ziurrenik, Iruñean bizirik iraungo du bere zinemak. 1995etik iraun duen bezalaxe.

Alice Zinema. Zergatik bera? Hargatik. Parce que. ¿Por qué no? Why not?

Filmin plataformak jagoten duen altxor baten, Be Natural: The Untold Story of Alice Guy-Blaché dokumental izugarriaren notizia izan zuten Iruñeko abentura honen antolatzaileek. Pamela B. Greenek sortua, planeta honetako kasik zinema jaialdi guztietan saritua. Jodie Fosterrek eta Robert Redfordek ekoiztua. Bertan, zinemagintzan erabateko bide-erakusle-urratzaile izandako emakume horren azalpen zehatza, zehatz-zehatza ematen du Sundaceko zinema institutuan trebatu zen Pamelak B. Greenek.

Ingelesez ez ezik, italieraz, frantsesez eta hebreeraz ere mintzatzeko gauza da bera. Sherlock Holmes, Colombo, Gadget, Clouseau inspektoreak eta Murder, She Wrote saileko istorioak maite-maite ditu. Eta afizio hori begi bistakoa da: iragan asteazkenean Iruñeko Golemetako pantaila nagusian dastatu genuen bere filmak baditu, bai, thriller baten manera eder eta maltzurrak.

Abiapuntua bazen. Multiabiapuntua. Abiapuntu askotarikoa. Kasik ezin besarkatuzkoa, zeren mila pelikula inguru sortu baitzituen Europa eta AEBen artean bizi izandako Alicek. Zientoka galdu dira, hautsak, arratoiek eta suak janda. Zientoka salbatu dituzte zinema detektibeek. Harrigarriak denak, galdutakoak eta gurean, gureetan ikusteko moduan ditugunak. Izan ere, zinema sortu bezain pronto, bezain fite, bezain azkar hasi zen filmak egiten Alice. Segituan ulertu zuen asmakizun berri hori ez zela bakarrik zientziarako kontua: hor bazen jendea sorginduko zuen tramankulua, hor bazen istorioak kontatzeko tresna, arma.

Alice Guy, zinema sortzailea, ekoizlea, teorialaria. Zinema filmatzeko eraikinak altxatu zituen. Zinema erabili izan zuen beltzen eta emakumeen alde. Sexuaz eta erotismoaz egin zuen berba (hobe esanda, irudi). Horrexegatik eskaini diote zikloa Iruñean. Izan dira tailerrak. Izan dira hitzaldiak. Izan dira solasaldiak. Izan dira harridurazko eta lilurazko makina bat une. Izan dira ikusle ugari. Izan dira bildumagileek jada desiratzen dituzten propio sortutako poltsak eta afixak. Izan da, askorentzat, irudiarekin konektatzeko modu zahar-berri bat. Iturramako ikasle horiek ez zuten film muturik ikusita. Ikasle horiek irudia menderatzera ohituta zeuden. Gure gailu egungoetan guk erabakitzen dugu noiz ikusi, noiz moztu, noiz pausatu. Aretoan berriz, irudiak zaitu mendean. Bere aurrean izan behar duzu. Begira, so.

Alice Iruñean bizi da. Aspalditik. Eta Alicerekin batera, esaterako, hurrengo batean berreskuratuko dugun Alegria Kapitaina ondu zuen Musidora. Edota Elena Jordi. Edo Elena Cortesina. Alicerekin batera ederki antzeman zuten beraiek zinema bezalakorik ez zegoela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.