Albistea entzun

Beñat Gaztelurrutia. Gerediaga elkarteko kudeatzailea

«Badaude mehatxu batzuk airean, eta ez dakit oso kontziente garen»

Itxaropena eta kezka, biak igar daitezke Gaztelurrutiaren diskurtsoan. Bihar irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, eta, batetik, pandemia aurreko itxura izango duela espero du, baina, bestetik, erronka sorta baten aurrean ere ikusten du euskal kultura.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko abenduak 6

«Agian zaratak entzungo dituzu; online dendarako prestatzen ari garen biltegian nago». Bihar zabalduko ditu ateak Durangoko 57. Azokak, eta, bi urteren ostean, azkenik, pandemia aurreko itxura berreskuratuko du aurtengoan. Ikasle Goiza berreskuratu dute antolatzaileek, 248 erakusmahai izango ditu Landako guneak, eta azokaren parte diren gune guztiek jarriko dute beren alea 250 emanaldik osatutako kultur programan. Denda digitala ere izango du martxan, ordea, eta Iurretako Arrihandi industriagunean (Bizkaia) horretarako atondutako pabiloitik erantzun ditu BERRIAren galderak Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak (Abadiño, Bizkaia, 1976). Dioenez, «premia» da saltzaileen artean igartzen duena, eta azokak bere ohiko martxa berreskuratuko duen itxaropena du. Aho bilorik gabe aipatzen ditu, halere, aurrean ikusten dituen hodei ilunak ere: musika euskarrien salmentaren krisia, prezioen igoera orokorrak kulturan eragin dezakeen kolpea, transmisioaren etena eta online salmentetarako gune propioen falta, besteak beste.

2021ean hartu zenuen Gerediagako kudeatzaile postua, eta geroztik euskal kulturaren hauskortasuna nabarmentzea suertatu zaizu beti. Hori behingoz atzean geratuko da aurten?

Ez dago jakiterik. Nik sumatzen dut argitaletxeak ari direla amaierarik ez daukan mendi bat igotzen, eta urtero kanpamentu batera iristen direla; azoka da hori. Hor berotzen dira, eta oxigeno pixka bat hartzen dute, baina azkeneko ekinaldia oso luzea izan da, ze geldiuneak ez dira behar bezalakoak izan. Badakit asmo handiekin datozela.

Pandemia aurreko salmenta kopuruetara iristeko esperantzarekin?

Gogoz eta premiarekin datoz, eta espero dugu espektatiba horiek bete ahal izatea, eta partaide horiek guztiak irribarre batekin bueltatzea etxera. Baina azoka ez da bakarrik salmenta, noski.

Baina aurtengoan berebiziko garrantzia izango du salmentak berreskuratzeak.

Durangoko Azokak ez du saltoki huts bat izan nahi, eta hortik doa azken urteetan hartu duen bidea. Kultur munduan kuku bat egin, sartu, arakatu eta hor dagoena aztertzeko leku bat ere izan nahi du, baina argi dago azokak ere hor egon behar duela, beste kultur egitarau hori guztia ere egon dadin. Bata ez dago besterik gabe.

Durangoko Azokaren inpaktu ekonomiko zuzena eta zeharkakoa sei milioikoa zela zehaztu zuen Siadeco etxeak 2019an egindako ikerketak. Hortik oso urrun egon dira azken urteetako zenbakiak.

Ez dut ikerketa zalantzan jarriko. Kontua da han zehazten zela, esaterako, Durangoko Azokara doan bisitari bakoitzak, gutxi gorabehera, 50 euro inguru gastatzen zituela, eta ez dakit benetan hala ote den. Hori da jendeak erantzun zuena. Gainera, une honetan, jendearen erosahalmena ere jaisten ari da, eta ikusi egin beharko da datozen urteetan joera zein den, ze nik uste dut hor badaudela mehatxu batzuk airean, eta ez dakit oso kontziente garen.

Zer mehatxu?

Bizitza garestitzen denean, zerbait kendu behar da, eta normalean kultura izaten da horietako bat. Erosahalmenarenaz gain, lanak argitaratzea ere asko garestitzen ari da: papera igo egin da, lehengaiak falta dira... Ikusi egin beharko da hor zer leku hartzen dugun eta nola konpontzen garen.

248 mahai egongo dira aurten, eta 2019an 264 izan ziren. Kezka sortzen dizue beherakada horrek?

Beti da bariazioren bat gora edo behera, badaudelako urtero etortzen ez diren egileak, erabakia urte horretan publikatu dutenaren arabera hartzen dutenak. Ez nuke esango azkeneko urteetan hemen faltarik gabe izan diren argitaletxeen artean inor falta denik. Akaso baten batek erakusmahai bat gutxiago jarriko zuen, baina 248 kopuru ona da. Hortxe kabitzen gara.

Musikariek zalantzaz beteriko garaia bizi dute, euskarri fisikoen krisia dela eta. Beherakada horren daturik baduzue?

Ez daukagu daturik. Jendarteak uste duena baino informazio gutxiago daukagu guk. Erakusmahaietan saltzen dena partaidearekin batera badoa. Informazio hori ez daukagu, eta, hein batean, eduki beharrik ere ez. Beherakadarik egon den, beraz, ez dakigu, baina badakigu Durangoko Azoka diskoak saltzeko gune bat dela, ikusi egiten dugulako hori: diskoak sinatu eta irten egiten dira hemen. Eta horrela izaten jarrai dezan nahi genuke, baina hor dago euskarriaren arazoa, noski, eta hori azokak bakarrik ezin du konpondu. Guk egin ahal duguna da lagundu. Digitalizazioak erronka horretan jarri du musikagintza, eta ez dut uste estrategia adosturik dagoenik. Bakoitza dabil ahal duena eta ahal duen moduan egiten, eta ez dago irtenbide errazik.

Orain arte merchandising-a saltzeko debekua ezarri izan du Gerediaga elkarteak, eta tentsio iturri izan da hori maiz. Aurten aukera hori zabaltzea erabaki duzue. Zergatik?

Musika arloarentzat ireki dugu ate hori, eta, hain zuzen, euskarri fisikoen arazo horri aurre egiteko da. Azoka ez da saltokia bakarrik, eta egileek nahi dute hemen egon, azken batean, erakusleiho handi bat delako, zabalkunderako eta zaleekin egoteko aproposa, baina askok ez daukate zer saldu, ez dutelako euskarri fisikorik prestatu. Baina azokan egon egin behar dute, eta, nolabait, diru sarrera batzuk bermatu. Musika dohainik ematen badute ere, beren zaleei zerbait eskuratzeko aukera emango diete. Argi daukagu ez dugula azoka azoka txiki bihurtzerik nahi, eta oso mugatuta zabaldu dugu leiho hori. Egile bakoitzak elementu bat saltzeko aukera izango du. Esperimentu bat izango da aurtengoa, eta gero baloratuko dugu.

Iaz, Bizkaiko Foru Aldundia egin zen Durangoko Azokan izan ziren lurralde horretako taldeen mahaien gastuaren kargu. Aurten ere izango da halakorik? Zabaldu egingo da ideia hori beste lurraldeetara ere?

Ez dakigu. Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki zuen hori iaz azoka pasatu eta gero. Haiek erantzun behar dute hori.

Online denda mantentzea ere esperimentu bat izango da aurten?

Ikusi nahi dugu azoka «normal» batean benetan zer zerbitzu ematen duen, ze, berez, bost egunerako online denda bat antolatzea zorakeria bat da. Lan handia da. Aurreko urteetan beharrezkoa izan da, batez ere orain dela urte bi, eta gero pentsatu egin beharko dugu zer egin online denda honekin. Baina hori pentsatzea ez dagokio azokari bakarrik. Behar dugu online denda bat euskarazko sormen lanak saltzeko? Zer izan behar du bost egunerako edo urte osorako? Eta zer pentsatzen dute horri buruz gainerako eragile guztiek? Egingo dugu zerbait? Ze, mehatxu hori ere badakar digitalizazioak. Gero eta gehiago saltzen da online, eta salmenta hori plataforma handiek menderatzen dute, eta apurka-apurka eurek menderatuko dute euskal liburuen salmenta ere. Zer egingo dugu horren aurrean?

Azokaz harago doazen problemen katalizatzaile da azoka?

Katalizatzaile izan daiteke horretarako prest dagoena. Guk ikusten ditugun arazoak esan egiten ditugu, eta ahalegindu egiten gara konponbidea bilatzen, baina arazo horiek ez ditugu guk bakarrik ikusten. Azoka egunez harago ere gu prest gaude guztiekin beste kontu horietaz hausnartzeko.

Bi urtez, hizkuntzaren zein kulturaren transmisioan eten handia ekarri du pandemiak. Kezka iturri zaizue hori ere?

Ez gara horretaz arduratuta gauden bakarrak. Horregatik, aurten Ikasle Goiza berreskuratu da, eta deialdi berezia egin zaie gazteei ere azokara etortzeko. Eta, aldi berean, bagaude arduratuta azokara etortzeko ohitura transmititzearekin. Ikastetxearen bidez egiten dute txikienek lehen kontaktua, gero gurasoekin ere bueltatzen dira, guraso kulturazaleak dituztenak behintzat, eta eten bat dago hor, eta 40 urteren bueltan itzultzen dira ondoren. Horrek kezkatzen gaitu. Bi urtez ikastetxeak ez etortzea kezkagarria da, eta iaz ere ikusi genuen gazteenak ez zirela etorri: txanda sistema horren edo ez dakigu zeren erruz, baina gazteenak eta zaharrenak falta izan ziren.

Badago azokan euskararen presentzia ziurtatzeko neurririk?

Arreta euskaraz ematea eskatzen diegu standa jartzen dutenei. Uste dugu azokara datorrenak badakiela nora datorren, eta horrenbeste betetzen dela.

Plateruena berriz zabalduko dutela iragarri dute aste honetan. Urteak eman zenituen hango kudeatzaile lanetan. Nola ikusi duzu albistea?

Pertsonaletik erantzungo diot galdera honi. Urte bi itxita egon ondoren, zabaldu egingo dela entzutea oso pozgarria egin zait. Orain, ni bezala, uste dut Durangoko zein Euskal Herriko kulturazale asko zain daudela, benetan hor martxan jarriko dena nolakoa izango den ikusteko. Egitasmo publiko komunitario moduan aurkeztu du Durangoko Udalak, eta alde publikoa erakutsi zigun prentsaurrekoan, eta orain alde komunitario hori da mamitu behar dena: nork eta nola egin behar duen, zein baldintzatan eta abar. Horri forma ematea gehiago kostatuko da, eta, nik uste dut, hasi-hasi, beste horretatik hasi behar zela, baina behin martxan egonda, ahalegin guztiak egingo ditugu guk ere horri forma emateko. Udalak jarri du martxan, eta haien deiaren zain egongo gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.