Noiz sortua: 2019-09-24 00:30:00

Donostiako 67. Zinemaldia. Euskal Zinemaren Gala. Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak

«Komedia bakarrik idaztea oso gogorra da; norbait behar da ondoan»

'Aupa Etxebeste!'-ren ostean, 'Agur, Etxebeste!'. Hamalau urteren ondoren, berriz ere komedia egitean libreago sentitu dira Altuna eta Esnal, dibertitzeko gogoz, eta orduko lantalde bera bilduta. Gaur aurkeztuko dute filma, Euskal Zinemaren Galan.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko irailak 24

Ikuslea barrez jarri nahi dute, eta hala azaldu dira eurak ere, umorez eta elkarri barrea ateraz. Hamalau urteren ostean, Etxebestetarrak biziberritu dituzte Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966). Etxeko hormen artetik irtenda, plaza dute orain gudu-zelai Maria Luisak (Elena Irureta), Patriziok (Ramon Agirre), Iñakik (Iban Garate) eta Luzianok (Paco Sagarzazu). Lehen irudietan, herriko alkate lanetan azalduko da Patrizio, baina, azpijokotan arituko denez, Maria Luisak hartuko dio lekua. «Hemendik aurrera gauzak nire erara egingo dira». Esan eta egin. Hankaz gora jarriko du udaletxeko martxa, eta, azkenean, etxera sartuko da bueltan iskanbila.

Gaur aurkeztuko dute Agur, Etxebeste! Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan, eta ostiraletik aurrera izango da zinema aretoetan. Lehen erakustaldietan, entzun dituzte barreak, eta hori da orain lasaitzeko behar dutena. «Baina erabat lasai hamalau urte barru egongo gara, 'ze ona!', 'zein zen hobea?' hasten direnean denak. Imajinatzen?».

Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren ostean, bueltan dira familiaren gorabeherak. Zerk motibatu zaituzte istorioa berriz hartzera?

TELMO ESNAL: Ekoizleak egin zigun eskaintza, eta pentsatu genuen hau momentu egokia izan zitekeela. Euskal zineman ez da inoiz aurreko pelikula baten sekuelarik egin, eta opari bat izan da. Opari bat, aktore berberekin eta talde guztiarekin berriz elkartzea. Ni horrek erakarri nau gehien. Eta ezagutzen ditugun pertsonaiekin istorio berri bat sortzeak ere bai. Pelikula oso ezagun baten bigarren partea egitea erronka handia da. Modu arduratsu batean hasi ginen istorioa lantzen, baina, momentu batean, erabaki genuen ezin genuela aurrekoaren menpe lan egin.

ASIER ALTUNA: Pelikula proiektu berri bat bezala hartu dugu, nahiz eta pertsonaiak eta testuinguru bat markatuta egon. Beste istorio oso diferente bat kontatu dugu, aurrekoari keinu pila bat egin dizkiogun arren.

Zergatik ikusi duzue orain izan zitekeela unea?

T.E.: Aupa Etxebeste! bukatu eta berehala eskaini ziguten bigarren partea egitea, baina ez zen momentua, bakoitzak bere proiektuak zituen. Donostia 2016rako film labur bat egiteko elkartzean, berriz proposatu ziguten. Komedia aspaldi egin gabe geunden, eta orduan esan genuen: «Ba, orain bai». Libreago sentitu gara honetan sartzeko. Ausartago.

Zertan ausartago?

T.E.: Disfrutatzera joan gara, beldurrik gabe. Jantziena, adibidez. Agian aurretik ez genuen hautatuko Maria Luisa horrela janztea alkate izendatzera doazenean, edo berdin etxe hain zuri bat jartzerakoan; zinema eta zuria oso gatazkatsua da beti, baina zergatik ez egin? Proposamen teknikoetan ibili gara ausart.

Bigarren zatiek ezinbestez dakarte aurrekoaren pisua. Nagore Aranburuk eta hirurok idatzi duzue gidoia. Nola joan da?

T.E.: Asko kostatu zaigu. Hasi ginenean ni Dantza-rekin [2018] nengoen, Asier Amama-rekin [2015]... Hirugarren pertsona bat behar genuen, eta Nagorerekin oso harreman ona geneukan, Brinkola [telesaila, 2009] elkarrekin idatzi genuelako. Prozesu oso luzea izan da, konplikatua. Ez genuen ondo ixten gidoia, baina, bukaera esperpentikoa okurritu zitzaigunean, listo, ikusi genuen.

A.A.: Aurrekoan, gizarteari kritika bat ere egiten genion, eta hortik abiatu gara honetan ere. Ingurua gure ikuspuntutik begiratuta ateratzen da gaia: zer gertatzen da gaur udaletxe munduan? Eta hor dago.

T.E.: Idazten ari ginela, ustelkeriarena pil-pilean zegoen: egunero zegoen PPko trama telebistan. Aznarren emaztea alkategai, bestea elefanteak akabatzen...

Baina, denaren gainetik, itxurak gordetzea. Horretan lehengoan diraute Etxebestetarrek.

T.E.: Bai, itxura eman behar da estatusa mantentzeko. Azkenean, ustelkeriarena aitzakia bat da familia kinka larri batean jartzeko.

Oraingoan izan dezake leku gehiago kritika sozialak? Ustelkeria, emakumeek boterea hartzearen aldeko aldarriak...

T.E.: Aurrekoa itxiagoa da. Herria hirugarren pertsonaia bat bezala zen. Baina hemen hor daude, kalean gertatzen da. Aurrekoak bazuen drama puntu bat, eta uste dut honetan ere badaudela momentuak. Elenak [Irureta] komentatzen zuen: isiltasunak ere badu bere pisua. Bestetik, orain emakumeen unean gaude, eta hori ere sartu nahi genuen: ez sartzeagatik, nik behintzat pentsatzen dudalako hobeto joango litzatekeela mundua era horretan.

A.A.: Kontrastean, hor dago nola islatzen dugun gizonen mundua, ehiztarien giro hori dena. Misogino batzuk dira.

Ehizaren bueltan, bada Espainiako errege ohiari egindako keinu bat: elefantea, «barkatu, ez dut gehiago egingo»... Teknikaz harago, halakoetan ere ikusten da libre jokatu duzuela.

A.A.: Bai, lotsagabe. Hor badago aldaketa bat aurreko pelikulatik hona. Aurrekoan begirada bat bilatzen ari ginen, zinema estilo bat. Eta pelikula komedia bat zen, baina beste erritmo eta intentzio bat zituen. Honetan sentitzen dut jada egin ditugula gure pelikulak, eta ondo pasatzera joan garela. Eta pelikula on bat egitera, hori beti.

Umore ona egitea lehen kolpean irudi lezakeen baino konplikatuagoa da, ala?

A.A.: Komediaren erronka da istorioa oso ondo lotzea, ikuslea pelikulan sartzeko. Erraz ikusten da funtzionatu duen edo ez: barre egiten badute, listo. Muntaketa ere errazagoa da. Beste pelikula batzuetan aukera gehiago duzu, egitura aldatzeko, probak egiteko, baina hemen, ez.

T.E.: Hemen dena da akzioa eta erantzuna, akzioa eta erantzuna.

A.A.: Baina hau egitea ere oso osasungarria da. Ekipoarekin, aktoreekin... Oso ondo ezagutzen dugun mundu batean mugitu gara, eta hori ere ederra da.

Ondo pasaraztea izan daiteke aski helburu film batentzat?

A.A.: Istorio on bat kontatzea. Guk buelta asko ematen diogu haria ondo lotzeari. Muturrera eraman dugu egoera, eta tonua umoretsua da, baina erronka haria da, ez txistea egitea txisteagatik.

T.E.: Komedia egitea konplikatua da. Bestelako trama batekin, jendeak nola hartuko duen, abanikoa zabalagoa da. Baina komedia batekin edo barre egiten duzu, edo akabo. Guri, halere, nahiko erraz ateratzen zaigu; bizitzan ere barre asko egiten dugu.

A.A.: Begirada nahiko beltza dugu, gainera. Geure buruari begiratzen diogu asko, ze kutreak garen-eta... [barrez].

T.E.: Zeinek esango dio ezetz zerutik datorren diru bati! Hartu! Ze inporta du nondik datorren! [filmeko eszena bati keinu eginez].

Umore gutxi filmatzen da?

A.A.: Tira, egiten da zerbait. Komedia on bat ikustea plazer hutsa da. Eta behar dira, ze askotan pelikula oso sakon eta tristeak ikusten dira.

Aktore zerrenda indartsua du lanak: protagonistez gain, hor daude Iñake Irastortza, Xabier Donostia, Ainere Tolosa, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Javier Tolosa...

T.E.: Ekoizpenekoek esaten ziguten: «Jo, baina rol txiki baterako honi deitu behar diogu, beste film batean protagonista izan denean?». Baina hala nahi izan dugu: aurreko lanetan gurekin egon direnekin egitea hau. Xabi Donostia eta Javi Tolosarekin izan ezik, beste guztiekin egin dugu lan aurretik.

Iban Garatek azaldu zuen, filmatzen hasi aurretik, urduri zegoela, aspaldi ez zuelako egin. Bera bezala, asko aspaldi ez genituen pantailan ikusten.

A.A.: Bai. Gogorra da, eta ez dut ikusten apustu serio bat horri buelta emateko. Fikzioaren egoera dramatikoa da. Telebista beti izan da aktoreak, errealizadoreak, teknikoak eta abar entrenatzeko toki bat. Eta pena da, zeren, Euskal Herrian gaur zinemak funtzionatzen badu, da telebista osasuntsu egon delako urte askoan. Orain, zinema egiten dugu, baina telebista ere bultzatu behar da.

Hain justu, Aupa Etxebeste! mugarri bat izan zen euskal zinemarentzat. Anjel Lertxundik 1987an Kareletik zuzendu zuenetik, ez zen filmik egiten erabat euskaraz. Nola bizi izan zenuten hori?

T.E.: Mugarriaren kontzientzia hori ez geneukan garai hartan. Film laburrak euskaraz egiten hasi ginen, eta behar zen unean, behar zen lekuan egon ginen. Bat-batean, telebistak euskarazko zinema egiteko apustua egin zuen. Guk Aupa Etxebeste! idatzita geneukan, eta, ezustean, Txepe Larak deitu zigun zerbait idatzita geneukan galdezka. Hor hasi zen gaur egun ikusten ari garen boom hau guztia. Madrilen lan egiten zuen jende askok hor egin zuen apustua hona etortzeko. Guk ere bai. Aupa Etxebeste! ez zen gure lehen pelikula izan bakarrik; gaur lanean dauden argazki zuzendariena, soinuko jendearena... Haiena ere izan zen. Hazia izan zen.

Industriak benetako boom bat bizi izan du orduan?

A.A.: Bai, emaitzak hor daude. Begiratu horko hesietan [Viktoria Eugenia antzokiaren aurreko iragarki oholak seinalatu ditu]: urtero gutxienez bada euskal film bat edo bi. Hori lehen ez zegoen. Uste dut, gainera, zinema oso txukun eta serioa egiten dela hemen.

Eta non dira herrenak?

A.A.: Istorioak topatzea da benetan zaila. Hori da beti konplikatuena. Gero, pelikula bat aurrera ateratzea urte askotako lana da. Horrela funtzionatzen du, ados, baina nekatzen du. Bide horretan proiektua hobetzen joaten da, baina batzuetan sumatzen duzu laguntzak ez direla iristen.

T.E.: Eta urteak pasatzen dira. Agur, Etxebeste! idazten duela lau urte hasi ginen, aurrekotik hamar urte beteko zirenean. Baina prozesua luzea izan da; bai idaztekoa, baita finantzaketa lortzekoa ere.

A.A.: Kuriosoa da, baina aldiro hasiberri bat sentitzen zara.

Bion lehen lan luzea izan zen Aupa Etxebeste!. Bakarkako azken lanen artean dituzue Dantza, Telmo; eta Amama, Asier. Bietan bilatu duzue istorioak bestela kontatzeko era bat?

T.E.: Bai. Halere, pelikula bakoitzak markatzen dizu nola kontatu behar duzun, ze tonutan eta abar. Orain berriro komedia egin dugun moduan, berak drama egin izan du; nik, Dantza bat. Umore handiarekin hartzen ditugu gauza asko, baina argi dago beste sentsibilitate batzuk ere baditugula.

A.A.: Nik garbi daukat Telmorekin ez balitz komedia bat ez nukeela egingo. Ez zait ateratzen.

T.E.: Nik komedia bakarrik ere ezingo nuke egin. Aupa Etxebeste!-rekin hasi ginenean ere azkar konturatu ginen: komedia bakarrik idaztea oso gogorra da, elkar elikatzeko norbait behar da ondoan. Bakarrik, etxean... ezerk ez dauka grazia putarik!

A.A.: Gainera, garrantzitsua da pelikula ezberdinak egitea; etengabe ikasten eta bizirik mantentzen zaitu.

Euskal Zinemaren Galan estreinatuko duzue gaur Agur, Etxebeste!. Pozik horrekin?

T.E.: Bai! Nik uste dut Euskal Zinemaren Gala lekurik onena dela pelikula honentzat. Hamalau urtera itzultzen gara dena hasi zen lekura, eta, gainera, saria zeini, eta Txeperi emango diote.

Eta ostiralean aretoetara, hiriburu eta herrietara batera.

A.A.: Bai, eta Zinemaldiko tranpolin honetatik segidan aretoetara iristea ere oso polita da, ze, tira, promozioa ere ez da erraza...

T.E.: Guk oso ondo pasatzen dugu pelikulak egiten, baina sekulako lana da. Zineman hasi ginen lanik ez egiteko, eta, begira, sekula baino gehiago! Hori [Anjel] Alkainek esaten du, aitak esaten ziola: «Zenbat lan egiten duzuen, lanik ez egiteko!».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lesbos irlan lehorreratutako errefuxiatu talde bat, Mitileneko portuan. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Italiak portuak itxi dizkie erreskate ontziei

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Irakasleak azterketa batean, Barakaldoko BECen. ©Monika Del Valle, FOKU

Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu hezkuntzako lan deialdiak

Ainhoa Larretxea Agirre

Ez du zehaztu noiz izango diren, baina Uriartek erran du zaila iruditzen zaiola azterketak uda aitzinetik egitea.

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez EAEn

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, izurriak utzitako hildako kopururik altuena izan da azken orduetakoa: 52.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna