Eraldaketa, akuilu bihurtua

Inoren Ero Ni taldeak 'Fregoli' diskoa kaleratu du, 'Gronhölm' eta 'Fosbury'-rekin batera trilogia osatzen duen lanaMikel Abrego bateria jotzaileak taldea utzi du, eta Guantxek hartu du haren lekua

Diskoa grabatu dutenak: Borja Iglesias, Mikel Abrego, Mariano Hurtado eta Okene Abrego. INOREN ERO NI.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Fase bat amaituta. Gronhölm diskoarekin (2008) hasi eta Fosbury-rekin (2009an) jarraitutako trilogia amaitutzat jo du Inoren Ero Ni taldeak Fregoli lan berriarekin. Hirurak Bidehuts plataformaren zigilupean kaleratutako diskoak izan dira. Hirurak binilo formatuan baino ezin daitezke eskuratu —nahiz eta CDa ere badakarten—, eta hirurak disko laburrak dira, bospasei kantukoak. LParen diktadurari muzin egiten diotenak. Eta hirurek erakusten dute taldeak lau urte hauetan egin duen bidea. Bilakaera.

Lan egiteko moduaren beraren ondorioa da aurrera egitea. Geldirik ez egotea. «Kantuak egin, eta gutxi batzuk ditugunean grabatu egiten ditugu. Horrek beste freskotasun bat ematen du, eta ez daukazu zertan egon denbora luzea 10-12 abesti egiteko», dio Okene Abrego taldeko abeslariak.

Gronhölm atera zutenean, baina, bazekiten trilogia baten hasieran zeudela. Eta musikan aurrera egin arren, hirurak ezpal berekoak dira, kontzeptualki behinik behin. Eta izenburuak dira horren erakusle, Abregok dioenez: «Beti gustatu izan zaigu izenekin jokatzea. Taldekideok ere zazpi-zortzi izen erabiltzen ditugu. Eta trilogia ere izenetatik abiatzen da».

Denborak, hala ere, ekarri du aldaketarik, eta izenburuak diskoen edukiez jabetzen joan dira apurka-apurka. Gronhölm-ekin ez hainbeste, baina Fosbury-rekin —Dick Fosbury atleta estatubatuarrak gorako jauzia irauli zuen 60ko hamarkadan aurrenekoz listoia bizkarrez gaindituta—, «pertsonaia bat» aurkitu zuten taldekideek, diskoko hitzetan eragin zuen pertsonaia bat. «Eta Fregoli-rekin hori muturrera eraman dugu, izugarrizko pertsonaia delako». Leopoldo Fregoli (1867-1936) italiarra aktore eta batik bat oso transformista ezaguna izan zen, oholtza gainean hamaika aurpegi erakusten zuen gizon bat. «Izugarria da pertsonaia. Berak esan zuen eta guk jaso dugu diskoan: 'Artea bizitza da, eta bizitza, transformazioa'. Eta gure kasuan, guztiz bat dator taldeak egin duen bidearekin ere. Inoren Ero Ni ere etengabeko transformazioan dagoelako».

Eraldaketa. Halabeharrezkoa neurri batean, baina erronkek pizten duten ilusioak piztutakoa era berean.Izan ere, Fregoli kaleratu eta berehala, Mikel Abrego bateria jotzaileak taldea uztea erabaki du. Bap!!-en garaitik Okenek ondoan izan duen kide, lagun eta anaia. «Taldearen zutabeetako bat izan da Mikel, oso garrantzitsua, baina iritsi da une bat oso zaila egiten zitzaiona segitzea. Familia, Anarirekin ere jotzen, lana... Gu underground-eko taldea gara, eta jotzen dugun baldintzak ere deserosoak izan daitezke».

Ordezkoa, Guantxe

Abregok aitortzen du erabakia gogorra izan dela, eta Mikelek taldea utziko zuela iragarri ondoren ez zekitela nola egingo zuten aurrera: «Izan ere, zeinek ordezkatzen du Mikel? Mikel eta erritmo ezinezko horiek!». Azkenean Guantxe Lobo Electrico taldeko kideak hartu du haren lekua, eta hilabeteotan taldera egokitzen ari da. «Guantxe beste estilo bateko bateria jotzailea da, baina ari da puntua ikaragarri ondo harrapatzen». Taldearen jarraitzailea zen aurretik ere — «dauzkagun gutxi horietako bat», dio barrez Abregok—, eta gogo handiarekin hasi da lanean. Inoren Ero Niren soinuak, nolanahi ere, baditu bere zeinu propioak, erritmo printza bihurriak, rock-and-rollaren ohiko pausoari izkin egiten diotenak. Mikel Abregoren eskuetatik atera izan diren taupada ia matematikoak. «Eta horiek ez dira errazak. Baina, egokitzen ari den neurrian, Guantxe izugarri gozatzen ari da jotzen. Gauza batzuk ikasten, eta beste alor batzuetan bere ukitu propioa ematen. Hasiera batean, pentsatzen genuen apirila-maiatza izango zela zuzenean jotzen hasteko, baina martxa honetan martxoan ere hasteko moduan egongo gara. Eta izugarri gogotsu gaude horretarako».

Ez da Inoren Ero Nik taldekide aldaketa bati aurre egin behar izan dion lehenengo aldia. Gronhölm grabatu ondoren, Drake izan zen agur esan zuena, eta Mariano Hurtado andaluziarra —El Hombre Burbuja taldean aritutakoa aurretik— haren lekua hartu zuena. Eta orduan ere eraldaketak sendotu zuen taldea. Aldaketak. Bata eta bestea oso estilo ezberdineko baxu jotzaileak izateak. «Urrats bakoitzarekin aurrera egiten dugu eta urrats bakoitzak zerbait berria ematen dio taldeari».

Amaiera eta hasiera

Fregoli trilogiaren amaiera da, baita gailurra ere, Abregoren iritziz. «Ez naiz ni disko bat bestearen gainetik jartzekoa, baina uste dut, benetan, hau egin dugun diskorik onena dela. Bilakaera nabarmena egon da urte hauetan eta esango nuke unerik onenean gaudela».

Hori bilaketaren eta geldirik ez egotearen emaitza dela uste du taldeko abeslariak. Denetarik probatzearena. «Hemendik eta handik edaten dugu: popa, punka, hardcorea, rocka... batzuetan esaten dute gurea post-hardcorea dela. Tira, niretzat hardcore-jazza da beste ezeren gainetik».

Taldearen azken diskoa sei kantuk osatzen dute. Bi ziba ero Jack Kerouackentestu baten itzulpenetik abiatzen da —Rita Santestebanek egina—, eta Okene Abregok aspalditik zuen nahi bati erantzuten dio: «Beti izan gara beat belaunaldiaren jarraitzaile, eta, gainera, Estricalla taldeak bere lan batean ere sartu zuen. Neurri batean, joko bat ere bada », azaldu du. Introducción a la felicidad Borja Iglesias gitarristak estudioan bertan inprobisatutako pasarte bat da —No me preguntes y yo no mentiré. Más sincero, no puedo ser besterik ez du esaten hitzak (Ez galdetu eta ez dut gezurrik esango. Zintzoagoa, ezin naiz izan), eta Canto de un funeral, berriz, Hurtadok taldearentzat idatzi duen lehenengo kantua da. «Horrek erakusten du ze leku egin duen taldean. Hasieran Drake ordezkatzeko sartu zen, baina orain kantuak ere egiten ditu. Taldeko parte aktibo bilakatu da».

Hildako gizona Jim Jarmusch zinemagilearen mundura eginiko bidaia da. Dead Man filmera hain zuzen. Eta Okenek berak idatzi du. «Gure erreferentzietako bat da Jarmusch, eta Dead Man-ek oso ondo egiten zuen bat disko honen ideiarekin. The Revolution has been televised, berriz, Gil Scott-Heron musikariaren letrarik ezagunenaren (The Revolution Will Not Be Televised) euskarazko aldaera da, Rita Santestebanek idatzia, eta azkenik Hizkuntzaren kaiola Joan Brossa idazle kataluniarraren testu batean dago oinarrituta. «Bere biografia irakurtzen ezagutu nuen Fregoli, eta testu hau ere aurkitu nuen. Eta konturatu nintzen bat zetorrela Inoren Ero Niren hizkuntzaren ikuspuntuarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.