KRITIKA. Opera

Grina dirdiratsua

2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

'Manon Lescaut'

Abeslariak: Ainhoa Arteta, Gregory Kunde, Manuel Lanza, Stefano Palatxi, Marife Nogales. Abesbatza: Bilboko Opera Koroa. Eszena zuzendaria: Stephen Medcalf. Musika zuzendaria: Pedro Halffter. Musikariak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo. Eguna: Otsailaren 23an.

OLBEren eskutik, operaren jarduera zirraragarria eskaini zigun asteartean Parmako Regio antzokiaren ekoizpenak Pucciniren Manon Lescaut antzeztean. Izan ere, bikote protagonistak bikain abesteaz gain, pareko maila erakutsi baitzuen gure Euskadiko Orkestrak Pedro Halffterren regia-pean. Zer esanik ez, Ainhoa Artetari oso ondo datorkio maitasunezko drama handia aktore moduan, eta biribildu egin zuen Manonen rola samurtasunez eta grinaz. Abesteari dagokionez, liriko-spinto baten ahots boteretsua igorri zuen; erdiko ahotsean zabal aritu zen, uhin zabaleko vibrato beheranzkoarekin, indartsu aieneetan, goxo pianissimo-etan, messa di voce-ak menperatuz…

Gregory Kunde dotore egon zen Renato Des Grieux maitalearen rolean: bikain goi tesituran, indar beteriko kantu etenarekin…benetan gozamena! Aldiz, Manuel Lanzak, baritonoaren lanetan, ahots polita azaldu bazuen ere eta kantuaren lerroan ontasuna erakutsi ere, orkestra bere gainetik entzuten zen lehenengo ekitaldian. Stephano Palatxik ondo antzeztu eta abestu zuen Geronte de Ravoir zaharraren rola. Marife Nogales mezzoak gustuarekin eta musikaltasunarekin eder abestu zuen Madrigala izeneko zatia. Gainontzeko abeslariek egoki antzeztu eta ondo abestu zituzten haien particela txikiagoak: hots, Manuel de Diego tenorrak, Gexan Etxabe baritonoak, Dabid Aguayo baxuak eta Eduardo Ituarte tenorrak. Bilboko Operako korukideek aldiz, orokorrean ondo abestu arren, pixka bat barreiatuak egon ziren kantu mailan hasierako eszena koralean eta bateratuagoak, aldiz, portuko eszenan.

Musikagintzaren arloan, Pedro Halffter zuzendariak jakinduriaz irakurri zuen Pucciniren partitura: boteretsu bakarrenetan, delikatu barrokoaren parodia egiterakoan, ondo nabarmenduz leitmotivak eta abeslarien esaldiak... Bere eskuetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bikain interpretatu zuen obra.

Stephen Melcalfen eszenaratzeak bi ikuspuntutatik jokatu nahi izan zuen: alde batetik, istorioari urruntasuna emanez, De Grieux eszenatik kanpo jarri zuen, ikusle objektiboa balitz bezala, mapak eta testuak gaineratuz. Bestetik, drama subjektiboan sartu nahi izan zuen bikotea grinazko eszenetan. Hasierako eszena korala errealismoari gehiago lotuta egon zen, Fragonar pintoreari hurbilduz, eta gainontzekoetan, minimal sistemara hurbildu zen bikotearen pasiotik at eszena hustuz. Horretan arazo akustikoak asmatu genituen…

Asko gustatu zitzaigun Artetaren karakterizazioa eta pertsonaia guztien sasoiko arropak bai jauntxoen kasuetan bai burgesen pertsonaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.