Eraztun Berdea, Gasteizen altxorra

Gasteiz inguratzen duen Eraztun Berdeak 25 urte beteko ditu aurten. Egun, elkarren artean lotutako sei parkek osatzen dute, eta hiriaren aberastasun handietako bat da: «Hiritarrak naturarekin harremanetan jartzen ditu».

Eraztun Berdea, Gasteizen altxorra.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azken 25 urteetan Gasteiz asko aldatu da. Hiria naturara hurbildu da, 2012. urtean hiriburu berdea izatera heldu arte. Bide horretan ezinbestekoa izan da Eraztun Berdea, oasi baten eran, porlan artean arnasgune bat zabaldu zuelako. «Hiriaren periferia desastre hutsa zen: zabortegi ilegalak, isileko ehiztariak, txabolismoa... Hiriaren hazkuntza arduratsu bat bermatzeko, inguru guztia egokitu beharra zegoen», gogoratu du Luis Andres Oribek, IGI Ingurumen Gaietako Ikastegiko arduradunak. Madrilen egin zituen Antolaketa Ekologikoko ikasketak, eta unibertsitatetik atera berritan, beste kide batzuekin batera, arduratu zen Eraztun Berdea eraikitzeaz, Gasteizek eskaintzen zituen baliabideak moldatuz.

«Udalaren laguntza handia izan genuen, eta hori eskertu beharra dago. Jose Angel Cuerda alkatearen babes osoa izan genuen, eta horrek bidea erraztu zigun», nabarmendu du Oribek. Periferia berritzeko beste proiektu batzuk ere bazeuden: golf zelai bat, Alavesen kirol hiria, etxebizitzak... «Higiezinen garaia zen. Beste hiri askok bide hori hartu zuten, baina Gasteizek, joera horretatik aldendu, eta ekologiaren aldeko apustua egin zuen». Berritzailea izan zen, baina ez lehendabizikoa: Bostonek, Manchesterrek, Italia iparraldeko hiriek... bazuten beraien eraztun propioa. «Hara eta hona bidaiatzen, ideiak hartzen genituen. Baina proiektu bakoitza berezia da, hiriaren ezaugarriak kontuan izan behar direlako».

Lehengai onekin lan egin zutela dio Oribek. Ibaiak, urmaelak eta basoak hor zeuden, txukundu eta elkarren arteko sarea egokitu besterik ez zen egin behar. «Proiektua oso merkea zen, garai hartako 40 milioi pezeta [240.404 euro]», azpimarratu du Oribek. Eraztuna ez zuten egun batetik bestera egin, parkez parke joan da osatuz. Zabalganako parkea lehendabizi, Salburua hurrengo urtean, Armentia gero, Olarizu... Batzuk guztiz amaitu gabe daude, Zadorrakoa, esaterako; edo hasi gabe, Larragorrikoa, kasurako. «Udalak baieztatu du Larragorriko parkeko lanak martxan jarriko dituela. Albiste ona da. Parke berri bat aberastasun sozial eta ekologiko handia da hiriarentzat, eta hiritarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu».

Gasteiztarren egunerokotasunean txertatuta dago Eraztun Berdea. 727 hektarea ditu egun, baina ia mila hektarea izango ditu guztiz amaitzean. Guztiak, aisialdirako, kirola egiteko eta naturarekin kontaktuan egoteko aproposak. Irakurtzeko aprobetxatzen duenik bada, Ana Aranburen kasuan bezala. Edo lagun artean ibiltzera etortzen direnak, Maria Luisa Fernandezek azaldu bezala: «Egunero elkartzen gara. Hiriko mugimendu handitik aparte, lasaiago ibiltzen gara naturaz inguratuta». Denera, 80 kilometroko ibilbide batek lotzen ditu parke guztiak. Haurrekin ibiltzeko egokia dela uste du Arkaitz Peñak: «Oso bide egokia da haurrekin bizikletan ibiltzeko. Ez du zailtasun handirik, etxetik oso hurbil dugu, eta paisaia ederra da». Urtean, bi miloi bisitari inguru izaten dira Eraztun Berdean.

«Hiriaren erdigunetik ordu erdira, era guztietako fauna eta flora dugu. Datuak oso onak dira, bereziki Salburuan, baina eraztuna, oro har, oso aberatsa da: ornogabe espezie ugari daude bertan, uretako hegaztiak, migrazio garaian atseden hartzera gelditzen direnak, gure inguruan ezohikoak diren eta galtzeko arriskuan dauden baso-igel jauzkariak, murgilari mottodunak, europar bisoiak...», nabarmendu du Fernando de Juana Aranzana Gasteizko Udaleko biodibertsitate arloko nagusiak. Halere, espezie gehiago egon daitezke. «Azken 25 urteetan Gasteizko biodibertsitatea izugarri hobetu da. Jarraipen zehatza egiten diegu bertako bizidunei, eta urtero topatzen dugu espezie berriren bat».

Arabaren kokalekua oso ona da, paisaia mota ugari ditu, eta, eremu kontinentalean egon arren, inguru zingiratsua da. Eraztun Berdeak plus bat gehitu dio horri guztiari. «Eraztun Berdea altxor bat da hiriarentzat, eta etorkizuneko erronka horri eustea da. Datuek diote geroz eta espezie gehiago ditugula eta galtzeko arriskuan dauden animalien egoerak hobera egiten duela. Bide onetik goaz».

Ekologistek ere begi onez ikusten dute proiektua, filosofia konpartitu egiten dutelako. Gainera, «arduradunen kudeaketa egokia izan da, erabaki zuzenak hartu dituzte», Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kidearen esanetan. «Teoria ona da, baina zaila praktikara eramatea. Halere, lortu dute», gaineratu du. Eraztunak hiriari eta herritarrei mesede handia egiten diela dio, baina batzuetan ahaztu egiten dela naturaren eta hiriaren arteko trantsizio ingurune bat dela, eta ez ohiko parke bat. «Bankuak, zaborrontziak, bideak asfaltatzea... eskatu izan du jendeak. Inguru erdi basatia da, leku babestu askorekin, eta hori bere horretan utzi behar dugu». Datozen urteetan hartu beharreko erabakiak garrantzitsuak izango direla dio.

Hiri batek baino gehiagok hartu du Gasteiz erreferente gisa. Atzerriko eta ez horren urruneko ordezkariak egon izan dira bertan. Bilbon, esaterako, ari dira eraztun berdea osatzen. Oribek eraztun berdeen garrantzia azpimarratu du: «Mendebaldeko hiriak naturari bizkarra ematen hazi dira. Porlana eta zementuaren erokerian hazi dira, eta hazten ari dira. Eraztun berdeak behar ditugu horri buelta emateko. Hiritarrak naturarekin harremanetan egon behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.