'Brexit'-a. Erresuma Batua

Etxeko negoziazioen garaia

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak hemeretzi bozen aldeaz irabazi du zentsura mozioa. 'Brexit'-aren prozesuan lehenengoz, oposizioko alderdiekin hitz egin nahi du zer egin erabakitzeko

Brexit-aren aldekoak eta kontrakoak Erresuma Batuko Parlamentuaren aurrean izan dira egunotan, eta gizartearen eta politikaren zatiketa islatu dute. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hein batean bada ere, Erresuma Batuko Gobernua hasierako laukira itzuli da brexit-aren auzian. Aldaketa bakarra da erlojua kontra duela. Herenegun, Komunen Ganberak ezezko garbia eman zion Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Europako Batasunak (EB) adosturiko akordioari, baina atzoko zentsura mozioan baiezkoaren alde egin zuen, herenegungoa baino tarte estuagoarekin (325-306). Mayk, beraz, boterean jarraituko du hamaikagarren aste erabakigarriak kudeatzeko eta datorren astelehenean ganberari B plana aurkezteko. Urte eta erdi da britainiarrek EBtik ateratzearen alde egin zutela, eta oraindik ez dute batere argi zein izango den hurrengo pausoa.

Mayk badaki beste bide bat hartzeak aukera gehiago emango dizkiola arrakasta izateko, eta horregatik erabaki du gainontzeko alderdiekin hitz egitea, datozen asteotako plana zehazteko; hasieran, ez zuen laboristekin hitz egiteko asmorik, Jeremy Corbyn horien buruzagiak eguerdi aldera jakinarazi zuenez, baina, gau aldera, bozketaren ostean, lehen ministroaren bozeramaileak jakinarazi zuen horiei ere helarazi ziela gonbita.

Mayk eta Corbynek hartu-eman gogorra izan zuten atzo ganberan, zentsura mozioaren eztabaidan, baina eztabaidak ez zuen ezohiko tonurik hartu, bide gehiena egina baitago, eta ezer berririk esatea zaila baita; batez ere, norabidea aldatuko lukeen ezer. Alderdi Laboristaren buruzagiarentzat, Londresen eta Bruselaren arteko hitzarmenaren porrota kontuan harturik, hauteskunde orokorrak dira pauso zentzudunena, eta horregatik aurkeztu zuen, herenegun, mozio hori. «Gobernu zonbia» eta «Frankenstein akordioa», hala definitu zituen laboristen buruzagiak atzo lehen ministroaren eta itunaren egoera.

Baina Mayk hainbatetan esana du «amaieraraino» joango dela brexit-aren prozesuan, eta horregatik defendatu zuen atzo boz orokorrak ez daudela «interes nazionalean». Hori egingo balu, agertoki bakarra ikusten du: «Kaosa, eta atzerapenak».

Oposizioko alderdien eskaria izan da, batez ere azken hilabeteotan: Mayk haiek ere kontuan har ditzala, haiekin hitz egin dezala, denek adosturiko bide bat zehazteko eta Erresuma Batuarentzat «egokiena» diren erabakiak hartzeko. Lehen ministroaren planean, ordea, ez zegoen aurreikusita estrategia hori, baina orain, erlojuaren kontra ari dela oharturik, gobernuz eta Alderdi Kontserbadorez kanpoko beste iritzi batzuk entzuteko prest agertu da. Zeregin horretan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buruzagiak gako garrantzitsu bat helarazi zion atzo eguerdian, bere alderdiak Westminsterren dituen diputatuekin batzartu ostean: «Zertarako bilera horiek, ez badago bere marra gorriak aldatzeko prest?». Mayk, adierazpen horren aurretik, jakinarazi zuen ez zuela aduana batasunik nahi, eta horrek jada baldintzatzen ditu atzo gauean hastekoak zituen negoziazioak; lan handia du aurretik, hemeretzi botoren aldeaz irabazi baitzuen atzoko zentsura mozioa.

Izan ere, jarrera eta ideia aldaketak izango dira oposizioko indar politikoen eskari nagusiak; hau da, beste ikuspuntu bat, eta horretarako baldintzak jarri zituzten atzo, zentsura mozioaren bozketa amaituta: SNPk eta Alderdi Liberal Demokratak ohartarazi zioten akordiorik gabeko brexit-a «guztiz baztertu» behar zuela, horiek negoziazioetan parte har dezaten. Gainera, Eskoziako nazionalisten Westminsterreko buruzagi Ian Blackfordek eskatu zion brexit-aren data atzeratzeko eta bigarren erreferenduma antolatzeko aukerak mahai gainean izateko negoziazio horietan. Hau da: marra gorriak baztertu ezean, ez da negoziaziorik izango, eta oposizioaren ahotsik gabe egingo du aurrera lehen ministroak datozen egunotan. Baina Mayren bozeramaileak atzo gauean gaineratu zuen akordiorik ezaren agertokia mahai gainean egongo dela negoziazioetan, Plaid Cymru Galesko alderdi nazionalistarekin batzartu aurretik.

Gainontzeko aukerak

Oraingoz, finkatuta dagoen hurrengo data garrantzitsua datorren astelehenekoa da: Mayk B plana aurkeztu beharko du Komunen Ganberan. Zer egingo duen, hori inork ez daki oraingoz, baina, egunotako bozketen ostean, 50. artikulua luzatzea —martxoaren 29ko data— edo bigarren erreferenduma antolatzea —gobernuak egin dezake— dira aukera gehien duten irtenbideak.

Horregatik, bi aukera horiekin zerikusia duten hiru testu aurkeztu zituzten atzo Komunen Ganberan: Nick Boles diputatu kontserbadoreak akordiorik gabeko brexit-a eragozteko lege proposamena aurkeztu zuen, bi alderdikideren, hiru laboristaren eta diputatu liberal demokrata baten babesarekin. Horren arabera, diputatuek ez balute brexit-aren akordiorik onartuko otsailaren 11rako, ganberaren Lotura Batzordeak alternatiba bat aurkeztu beharko luke martxoaren 5erako, bi egun ondoren bozkatzeko; diputatuek plan horri ere ezezkoa emango baliote, gobernua Bruselara joatera behartuko luke, martxoaren 29ko dataren atzerapena eskatzeko. Horrez gain, balizko beste erreferendum bati begira, Dominic Grieve diputatu kontserbadoreak bi lege proposamen aurkeztu zituen: lehena, bigarren galdeketa prestatzeko, eta bigarrena, erreferendum hori egiteko.

Hain justu, galdeketa horren aldekoek 71 diputatu laboristaren babesa jaso zuten atzo goizean, eta Corbyn are gehiago estutu zuten, aukera horren alde egin dezan. Alderdi Laboristak adierazia duenez, oraindik «aukera guztiak» daude mahai gainean, baina, zentsura mozioak huts egin duela kontuan harturik, litekeena da Corbynek bigarren erreferendumaren alde egitea. Baina atzokoa bezalako mozio gehiago aurkezteko aukera du, eta laboristen buruzagiak argi utzi du nahiago dituela hauteskunde orokorrak; beraz, baliteke Mayk datozen asteotan zentsura mozio gehiagori aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.