Israel. Parlamenturako hauteskundeak

Eskuin muturrak du berriz Israelgo Gobernuko giltza

Ultranazionalistek eta ultraortodoxoek Netanyahurekin negoziatuko dute. Lehen ministroaren alderdiak eta oposizioko nagusiak berdindu egin dute

Eskuin muturrak du berriz Israelgo Gobernuko giltza.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Duela lau urte bezala, Israelgo herritarrek alderdi eskuindarren eta ultranazionalisten alde eman dute botoa. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdia eta Benny Gantz armadako buruzagi ohiaren Urdina eta Zuria koalizioa parlamentari kopuruan berdinduta gelditu dira—35na, botoen %26 bakoitzak—, baina Gantzek atzo onartu zuen ez duela berak aginduko. Netanyahuk azken lau urteotan bazkidetzat izan dituen alderdi ultrek Reuven Rivlin presidenteari erran diote Likudi dagokiola gobernua osatzeko ahalegina egitea. Knesset-en (parlamentuan) 61 jarleku behar dira gehiengo osoa izateko, eta, eskuineko alderdiak berriz ere ados paratuko balira, 65 izanen lituzkete.

Rivlinek jakinarazi du heldu den astean hasiko dituela gobernua osatzeko elkarrizketa horiek, eta bilerak zuzenean emanen dituzte telebistan. Netanyahu lider historiko bihurtzekotan da, hiru hilabete eskas barru karguan denbora gehien egin duen Israelgo lehen ministroa bihurtuko baita, David Ben Gurion estatuaren sortzailearen marka gaindituta —hamahiru urte eta 127 egun egin zituen hark—. Hauteskunde eguneko arratsean jarrera irekia erakutsi nahi izan zuen: «Israelgo herritar guztien lehen ministroa izateko asmoa dut. Eskuinekoena, ezkerrekoena, juduena, juduak ez direnena...».

Netanyahuren garaipenak bi galdera nagusi sortu ditu: bata, bereziki azken legegintzaldian gogortu duen agenda ultranazionalista eta militarista nola garatuko den, kontuan hartuta kanpainan hitzeman zuela Israelera anexionatuko zituela Zisjordaniako koloniak —1967tik gobernu bakar batek ere ez du gurutzatu marra gorri hori—. Bertzea, berriz, zer gertatuko den Netanyahurekin berarekin, otsailaz geroztik auzibide bat irekita baitu ustelkeria akusazio larri batzuengatik.

Auzi horietan zeresan handia izanen dute koalizioa osatzeko «bazkide naturalek», Yuli Edelstein Knesseteko presidente eta Likudeko kideak atzo erran zien bezala. Avichai Mandelblit fiskalak Auzitegi Gorenaren esku utzi du lehen ministroak kargua utzi beharko ote lukeen ala ez erabakitzea. The Jerusalem Post egunkariaren arabera, bertze alderdi eskuindarrek ez diote halakorik exijituko. Egunkari horrek dio uztailean izan litekeela epaiketa, eta epaia, berriz, urte bukaeran edo 2020aren hasieran.

Sei alderdi eskuindar

2015ean, sei alderdik bat egin zuten gobernua osatzeko, eta bertze hainbertze dira oraingoan ere. Haien arteko posizioak zertxobait aldatu dira, eta oraingoan Likuden ondoren Xas eta Tora Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoak izan dira bozkatuenak —zortzina ordezkari—. Espero da alderdi horiek gobernuaren agenda are muturrekoago bilakatu nahiko dutela, eta atzo batzuk hasi ziren bidea markatzen. Eskuin Berria koalizioak, errate baterako, Netanyahuri exijitu zion ez onartzeko Donald Trump AEBetako presidenteak gatazka konpontzeko egin duen plana. «Ez naiz Palestinako estatu bat ezarriko duen gobernu baten parte izanen», adierazi zuen Bezalel Smotrich Eskuin Berriko Tkuma alderdiko buruak. Trumpek Netanyahu zoriondu zuen atzo, eta erran zuen haren garaipenak «aukera hobea» ematen diola AEBen bake proposamenari.

Gantz jeneral ohiak estreinako indartsua izan du politikan, baina emaitza ona ez du nahikoa izanen agintzeko. «Emaitza bikaina lortu dugu. Gobernu baterako alternatiba erreal bat ezarri dugu. Netanyahuk estremistak bildu ditu», adierazi zuen atzo telebistan emandako mezu batean. Politika sozial liberalagoen aldekoa da Gantz, baina palestinarrekiko gatazkan ez du jarrera argirik hartu, negoziazioen beharra aldarrikatzetik harago. Urdina eta Zuria koalizioaren arrakastaren ondorioetako bat izan da laborismoa gutxieneko historikora hondoratzea. 1968an sortu zuten Alderdi Laborista, eta ordutik hemeretzi urtez egon da agintean, lau alditan banatuta. Orain, sei diputatu baino ez ditu lortu.

Arabiarrak eta ezkerra

Alderdi arabiarrek eta ezker antisionistak emaitza apalak izan dituzte. 2015ean elkarrekin aurkeztu ziren, Zerrenda Batuan, eta hirugarren indarra izan ziren —hamahiru ordezkari—. Oraingoan ez dira elkarrekin aurkeztu, eta hainbat ekintzaile arabiarrek boikoterako deia egin zuten, estatuak diskriminatu egiten dituela salatzeko. Hauteskunde egunean Likudek 1.200 kide kamerekin bidali zituen arabiarrak gehiengoa diren hauteslekuetara, eta Hadax-Ta'al aliantzak salatu du boto emaileak izutzeko «legez kanpoko» ekintza bat izan zela. Zerrenda Batuan zeuden alderdiak bi aliantzatan banatuta aurkeztu dira, eta hamar diputatu lortu dituzte guztira. Parte hartzearen datua 2015ean baino lau puntu txikiagoa izan da —%68koa—, Israelen egin diren parlamenturako 21 hauteskundeetako txikienetan bortzgarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.