1936ko gerra eta frankismoaren hasiera

Jaurlaritzak gizateriaren aurkako 5.887 krimen erregistratu ditu

1936ko gerraren inguruan hildakoen lehen azterketa egin du Gogora-k, erreparaziorako urrats gisa. Guztira, 20.000 pertsona zenbatu ditu; Francoren aldeko tropetan hildakoak ere aintzat hartu ditu

Jaurlaritzak gizateriaren aurkako 5.887 krimen erregistratu ditu.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun

Memoria historikoari buruzko informazioa biltzeko beste urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Datu base zabal bat osatu du 1936ko gerran eta frankismoko lehen urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hil zituzten herritarrei buruzko datuekin; 1936tik 1945erainoko epea hartu du kontuan. Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco katedrarekin, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean osatu du. Ikerketa «zabalik» dago oraindik, bai baitakite ez dutela informazio guztia bildu. Orain arte, 19.998 hildakoren berri izan du Gogora institutuak, eta hiru hilketatik bat gizateriaren aurkako krimena izan dela ondorioztatu du. Hildakoetatik 698 identifikatu gabe daude oraindik.

Hildakoak heriotza motaren arabera sailkatu dituzte datu basean. Gehienak 6.767, borrokan hildako gudariak eta milizianoak dira; Francoren aldeko tropetan hildako herritarrak ere sartu dituzte: 5.479. Horiez gain, 1.363 bonbardaketetan hildakoak dira, tartean zibilak. Epaiz kanpoko exekuzioen biktimak 1.130 dira, eta heriotza zigorra jarri zietenak, 895. Kartzelan hildakoak 2.252 dira. Borrokatik kanpo bestelako zergati batzuengatik hildakoak ere bildu dituzte: 247 guztira. Errepublikanoek borrokatik kanpo hildakoak ere zenbatu dituzte: 955. Beste 910 hildako sailkatu gabe daude.



Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiak ohartarazi du hilketa horietako batzuk gizateriaren aurkako krimentzat jo dituztela, nazioarteko zigor zuzenbideari jarraikiz: delitu larriak izan zirelako, sistematikoak, eta eragin masibokoak. Bonbardaketak, kartzelako heriotzak, heriotza zigorrak eta borrokatik kanpo beste arrazoi batzuengatik eginiko hilketak jo dituzte gizateriaren aurkako krimentzat, erailketa gisa kalifikatuta. Epaiz kanpoko exekuzioak ere hala sailkatu dituzte, baina desagertze behartuen kategorian. Denera, ikerketa horren arabera, 5.887 hilketa izan ziren gizateriaren aurkako krimenak.

Francoren tropetako kideen hilketak ez dituzte jo gizateriaren aurkako krimentzat. Fernandezek azaldu du hainbat irizpideren arabera utzi dituztela kanpoan: «Matxinatuak sitema demokratiko baten aurka altxatu ziren; errepublikanoek, berriz, haren alde egin zuten. Matxinatuek egindako eskubide urraketak plan sistematizatu baten parte izan ziren, eta eragin handia izan zuten herritarrengan».

Memoria osatzen

Hildakoei buruzko fitxak osatu ditu Gogora institutuak, eta herritarren eskura jarri ditu Bilbon duen egoitzan —oraingoz ez dute Interneten jarriko informazio hori—. Espero dute datu basea bera izango dela informazio gehiago lortzeko oinarri. Gerran hildako senideak dituztenei eskatu diete jotzeko Gogora-ra informazio gehiago bildu ahal izateko.

Datu basean, biktimaren datu pertsonalez gain, beste hainbat informazio ere jaso dute: heriotzaren zergatia, bildutako datuen iturriak, txosten pertsonalak, DNA frogen eskaerak eta hobi husteak. Oraingoz, 106 gorpu hobitik ateratzea lortu dute, eta horien irudi edo bideoak ere datu basean egongo dira.

Datu basea osatzeko, bi iturri nagusi erabili dituzte; artxiboak eta familien zuzeneko testigantzak. EAEko erregistro zibilen, parrokietako eta hilerrietako liburuen ikerketa zorrotza egin dute, eta datu horiek beste artxibo iturri batzuekin alderatu dituzte, baita orain arte tokian-tokian egindako ikerketekin ere. Bertan bildu dituzten heriotza gehienek oinarri dokumentala dute, ahozko testigantzen bitartez bildu dituztenek izan ezik. 470 dira erregistraturik ez zeuden hildakoak, eta familien bitartez izan dute haien berri.

Kontuan izatekoa da, gainera, dokumentuetan ez dela ageri bost hildakotik bi non dauden: 8.000 pertsona non ehortzi zituzten ez daki Gogora institutuak. Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendariak adierazi du horrek ez duela esan nahi desagertuak direnik: «Litekeena da familiek jakitea, baina erakundeek ez». Hala ere, familia ugarik oraindik ez dakite beren senideak non dauden.

Fernandezek adierazi du datu basea behin-behinekoa dela; orain arte ezagutzen diren heriotza guztiak biltzen ditu, baina egon daitezke gehiago ere. Erregistroen faltak zaildu egiten du hildakoak identifikatzea, eta, horregatik, Jaurlaritzak dei egin die garai hartan hildakoen senirtatekoei testigantza eman dezaten.

Identifikazio lanak oraindik ez dira amaitu. Jaurlaritzaren aurreko zerrendan, beste 252 kasu zeuden identifikaturik, baina oraingoz ez dute artxibo, biografia edo familiaren testigantzen oinarririk, eta, beraz, ez daude datu basean bildurik. Hala ere, jarraipena egingo diete, zein iturritatik atera ziren zehaztu ahal izateko.

Ezenarrok nabarmendu du antzeko datu baseak egin dituztela, esaterako, Nafarroan eta Galizian, baina Jaurlaritzarenak berritasun bat dakarrela: «Ikuspegi inklusiboa du, gerran hildako guztiak jasotzen dituelako, eta giza eskubideen eta nazioarteko zigor zuzenbidearen ikuspegia txertatzen duelako».

Fernandezek iragarri du Jaurlaritzak asmoa duela 36ko gerrako biktimei erreparazioa eta aitortza egiteko. Ekitaldi publiko bat egiteko aukera aipatu du, baina ohartarazi du «adostasuna» behar dela. Irailetik aurrera hasiko dira gaia lantzen, eta legealdi honen amaieran edo hurrengoaren hasieran izatea espero dute. Ildo horretan, datu basea akordio bateratu baterako «oinarria finkatzen duen urratsa» dela adierazi du Fernandezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.