Itun Berderako bide orria

Berderanzko neurrien erronka

Europako Batzordeak bide orri bat aurkeztu du karbono isuriak %55 murrizteko 2030erako. Lege sorta zabalak eragin handia izango du herritarrengan eta ekonomian. Negoziazioak hasiko dira orain

AURKEZPEN GARRANTZITSUA. Europako Batzordeko zazpi kide atzoko aurkezpenean: ezkerretik eskuinera, Janusz Wojciechowski Nekazaritza komisarioa; Frans Timmermans presidenteordea; Adina-Ioana Valean Garraio komisarioa; Ursula Von der Leyen batzordeko presidentea; Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioa; Kadri Simson Energia komisarioa, eta Virginijus Sinkevicius Ingurumen eta Itsas Gaietarako komisarioa. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Meza emaileen kopuruak elizkizunaren garrantzia neurtzeko balio badu, Europako Batzordearen atzoko prentsaurrekotik ondoriozta daiteke, bai, garrantzitsua zutela hizpidea. Ursula Von der Leyen presidentea buru, eta beste sei komisario, guztira zazpi izan ziren hizlariak. Eta eguneko ebanjelioa, berri ona, deskarbonizaziorako bide orria; Europako Batasuneko ekonomia eta herritarren bizimodua erabat transformatuko duten neurri sorta handia.

«Erregai fosilen ekonomiak bere mugak iritsi ditu», esan zuen Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Europa izan zen lehen kontinentea 2050erako klima neutraltasunaren helburua aldarrikatzen, eta orain lehenak gara bide orri zehatz bat jartzen mahai gainean».

Fit for 55 (Egoki 55erako) deitu diote neurri sortari, Batasunak oraintsu bere legedian sartu duen 2030erako %55eko deskarbonizazio helburuari erreferentzia eginez. Elkarri loturik doazen neurrien sorta zabal hori karbonoari prezioa jartzean eta deskarbonizazioa saritzean oinarritzen dela azaldu zuen Von der Leyenek, eta CO2 emisioen eskubideak salerosteko eskemaren arrakasta aipatu du; «badakigu nola egin».

Proposatutakoaren arabera, eskubideen eskema hori orain hegazkin bidaia guztietara eta itsas garraiora hedatuko da. Horrek esan nahi du sektore horiek ere mugatuta edukiko dituztela isuri ditzaketen karbono dioxido tonak, etaordaindu egin beharko dutela ezarritakoa baino gehiago isurtzeagatik, gaur egun energiaren sektoreak, industriako instalazio handiek eta EB barneko hegaldiek egiten duten moduan.

Urtetik urtera, eskema horretako sektoreei murriztuz joaten zaie atmosferara isur dezaketen karbono tona kopurua, hots, eskubide kopurua. Eta, hala, energia sorkuntzaren alorraren eta energian intentsiboak diren industrien isuriak %42,8 murriztu dira hamasei urtean. Eskubide kopuruen urteroko murrizketa areagotu egin nahi du orain Batzordeak, egungo %2,2tik %4,2ra.

Karbonoaren muga zerga

Industria astunak emisio eskubideen zati bat doan jasotzen jarraituko du, hots, kutsatzeagatik ordaindu gabe. Eta horrek kritikak piztu zituen atzo bertan, helburu zorrotzagoen aldekoen artean. Baina industriak Bruselan presio handia egin du gaiarekin. Esaten dute beste herrialdeetako lehiakideek ez dutela karbono isuririk ordaindu behar, eta karbono dumping-a pairatzeko arriskua dutela.

Hori eragozteko helburua du Europako Batzordeak atzo proposatutako karbonoaren muga zergarako mekanismoak. Halako zerbait egiten den lehen aldia da, eta oraingoz inportazio gai gutxi batzuetara mugatuko da —altzairua, zementua eta aluminioa—, eta modu oso mailakatuan iritsiko da, Munduko Merkataritza Erakundearen arauekin bateragarria izatea inportantea izango delako, eta AEBk, Errusia eta Txinaren errezeloak gainditu beharko dituelako.

Autogintza eta berokuntza

Orain arte, emisio eskubideen eskematik kanpo gelditu dira bi alor handi, zeintzuek batasuneko emisioen erdiak hartzen dituzten ia: autoak eta berokuntza. Berokuntzak bakarrik energiaren eta emisioen ia %40 hartzen ditu. Autoek eta furgonetek egindako emisioekin, berriz, arazoa da murriztu beharrean handitu egin direla azken urteetan.

Deskarbonizazio helburuak beteko badira, derrigorrezkoa da bi alor horien isuriei heltzea, eta hor bai, zuzenean igarriko diote herritarrek karbonoa isurtzeari prezioa jarri zaiola, nahiz eta dagoeneko hasiak diren hori nabaritzen, argindarraren fakturan.

Bigarren emisio eskubideen eskema batean sartuko dira autogintza eta berokuntza, eta, horietarako, erregaien hornitzaileek ordaindu egin beharko dute karbonoa isurtzeko eskubideengatik.

Aldi berean, batzordearen asmoa da erregai fosilen gaineko zergak berrikustea, gasolinaren eta dieselaren gaineko zergako kenkari guztiak ezabatzeko. Eta, horrekin batera, automobilgileek gero eta muga txikiagoak izango dituzte beren autoen emisioetarako. 2035etik aurrera, salduko diren auto berri guztiek emisiorik gabekoak izan beharko dute.

Orain, negoziazioak

Ekonomiaren bazter guztietan eta herritarren bizimoduan aldaketa erradikalak ekarriko dituzten neurri horiek, orain, negoziatu egin beharko ditu Europako Batzordeak Batasuneko herrialdeekin eta Europako Parlamentuko alderdiekin.

Ildo horretan, %55eko murrizketa helburua Klimaren Legeak ezartzen duela gogoratu zuen Frans Timmermans Batzordeko presidenteorde eta Klima arduradunak. Eta batzordearen proposamenarekin ados ez dagoenak alternatiba aurkeztu beharko duela, legeak agintzen duena betetzeko.

Bereziki gordin aritu zen atzo Timmermans: «Zaila da egiteko, baina derrigorrezkoa ere bada. Betebehar horri uko egiten badiogu, huts egingo diogu geure buruari, eta huts egingo diegu gure seme-alabei eta gure bilobei. Hau konpontzen ez badugu, gure seme-alabak eta bilobak gerretan borrokatuko dira janariagatik eta uragatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.