Albistea entzun

Biktimologia kongresua

Presoek prozesu errestauratiboetan izandako zailtasunak salatu dituzte

Motibazio politikoko euskal presoak dauden lau kartzelatan jarri dituzte programak martxan, baina erdiek baino gutiagok egin dute aitzina. Abokatuek gaitzetsi dute tresna «instrumentalizatu» dutela
Amaia Izko eta Txema Matanzas euskal presoen abokatuak, atzo, Donostiako Kursaalean.
Amaia Izko eta Txema Matanzas euskal presoen abokatuak, atzo, Donostiako Kursaalean. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko ekainak 7 - Donostia

«Aplika daiteke justizia errestauratiboa motibazio politikoko delituak dituzten presoekin?». Galdera hori egin zuen atzo Amaia Izko euskal presoen abokatuak Donostian. Eta segidan eman zuen arrapostua: «Erantzuna baiezkoa izatea nahiko genuke, dudarik gabe». Nahi horretan bada ezin bat, ordea: «Zailtasun espezifikoak daude martxan dauden programetan». Izkok salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Espetxe Erakundeek «instrumentalizatu» egin dituztela berez borondatez egin beharko liratekeen prozesu horiek: «Presoak libreki adierazi behar du exijitzen zaion hori. Oximoron bat da».

Ikusi gehiago: Aintzane Gamiz, Baketik fundazioko kidea: «Gerra maila makroan egiten den bezala, bakea maila mikroan egiten da»

Euskal presoen abokatuak Donostian egin zituen adierazpenok atzo, Kursaalean, Munduko Biktimologia Erakundearen XVII. Nazioarteko Sinposioko solasaldietako batean. Justizia errestauratiboa ETAren akaberatik 11 urtera jarri zioten izena, eta, Izkorekin batera, Txema Matanzasek ere azaldu zituen azken hilabeteotan martxan izan diren prozesuak.

Euskal presoen abokatu gisa egiten dute lan nola Izkok hala Matanzasek, eta lehen aldiz adierazi dute publikoki motibazio politikoko euskal presoek justizia errestauratiboko programetan parte hartu dutela. Lehenago ere zabaldu izan dira filtrazioak Espainiako hainbat komunikabidetan, eta Angel Luis Ortiz Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak elkarrizketa batean erran zuen «hogei bat» euskal presok erakutsi dutela parte hartzeko borondatea. Ezker abertzalearen inguruneak ez zuen oraindaino halakorik baieztatu, halere.

Egitasmoa komunikabideetan zabaldu izana bera salatu zuten atzo bi abokatuek; prozesuaren kaltetan joan baita, haien iritziz. Izko: «Mediatizazioa zailtasun erantsi bat da, prozesuen diskrezioa, segurtasuna eta konfiantza hausten baititu». Horren adibide da programei ekin eta ondotik horiek utzi dituzten euskal presoen kopurua.

Matanzasek datu zehatzak eman zituen atzo joan den urteko uztailetik aurtengo martxora Espainiako hainbat kartzelatan egindako prozesuez: «Lau espetxetan bultzatu zuten hasieran, baina gero horietako batean ez zen hasi, filtrazioengatik. Beste batean, Villabonan, preso bat zegoen prest, eta beste kartzela batera eraman zuten. Azkenean, bi espetxetan gauzatu da: Logroñon eta Burgosen». Preso guztiak ez dira ailegatu prozesuaren bukaerara arte: «Hasieran parte hartu zuten presoak dozena bat izango ziren, eta erdiek baino gehiagok utzi dute biktimarekiko enkontru horretara iritsi gabe. Horietatik guzietatik, bi ez ziren EPPK-koak. Guztira bostek bukatu dute programa osoa». Topaketa horietako bakar bat ere ez da izan delitugilearen eta biktima zuzenaren artekoa, zehaztu dutenez.

Zigorretatik bereizita

Matanzasen hitzetan, Espainiako Espetxe Erakundeek «aldebakartasunez» abiatutako prozesuak izan dira guztiak, eta ez diete euskal preso guztiei eman horietan parte hartzeko aukerarik: «Espetxe Erakundeek aukeratu zituzten prozesu horietan parte har zezaketela iruditu zitzaien pertsonak; eta, beste batzuek, programa martxan zegoela jakin zutenean, euren burua eskaini zuten, baina ezetz esan zieten». Abokatuaren ustez, «pixka bat inprobisatua» izan da guzia. Izkok nabarmendu du, nolanahi ere, funtsezkoena ez dela prozesu horiek bururaino eramatea: «Garrantzia prozesuari eman behar zaio, eta ez helburuari».

Prozesuek eurek zailtasunak izan dituzte, ordea. Izkoren hitzetan, batetik, programa errestauratiboek biktimak izan beharko lituzkete «erdigunean», baina ez da hala gertatu: «Ez dira hasi biktimarengandik. Espetxe Erakundeek bilatu dituzte presoak prozesuak abiatzeko». Hala, biktimei «leku instrumentala» eman dietela ohartarazi du.

Indarrean den justizia errestauratiboko ereduak ohiko prozedura judizialekin eta espetxe tratamenduarekin duen lotura salatu du Izkok, bertzetik. Izan ere, prozesuak «egia» bilatzera bideratuta daude, haren hitzetan, baina horrek arriskua ekar dezake, datu horietatik abiatuta auzipetze gehiago etor daitezkeelako. Antzekoa gertatzen da presoen tratamenduarekin ere, «salbuespenezko» legediak baldintzatuta: «Gradu progresiorako espresuki eskatzen zaizkie presoei damua eta barkamena, eta horrek prozesu errestauratiboak distortsionatzen ditu». Abokatuak salatu du errestaurazioa ezin dela «tratamendu tresna» gisa erabili: «Horrek saritu egingo lituzke enkontruak egiten dituztenak, eta, besteak, aldiz, zigortu». Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak eginak dituzte idatziak norabide horretan: «Auto batzuetan literalki esan dute presoei baimenak emateko justizia errestauratiboan parte hartu behar dutela». Horrek «zintzotasun falta» ekar dezake, Izkoren erranetan: «Behartuta egoteak prozesua baldintzatzen du. Atera egin behar da arlo judizialetik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Jakes Abeberri abokatu, politikari, dantzari eta euskaltzale abertzalea, Miarritzen. ©DANIEL VELEZ

Abertzaleen ibilbidean erreferente

Jone Arruabarrena Ekhi Erremundegi Beloki Iñaki Etxeleku

Jakes Abeberri hil da, 92 urte zituela. Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, eta izen bereko aldizkariaren zuzendari. Astelehenean omenduko dute, Miarritzeko elizan

Euskal kulturaren «pizkundearen sortzailetzat» jo dute Abeberri

Ainize Madariaga

Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan zen. Abeberrik dantza profesionalizatzearen alde eginiko lana nabarmendu du Filgi Claveriek

Jakes Abeberri hil da, abertzaletasun mugimenduan erreferentea

Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki-Ainize Madariaga

Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat eta izen bereko aldizkariaren zuzendari izan zen Abeberri. 92 urterekin zendu da.

Foro Sozialak gonbidatuta, «Memorien elkarrizketa» proiektuan parte hartu duten boluntarioak, Nafarroako Parlamentuan. ©Iñigo Uriz / FOKU

Foro Sozialak 'Memorien elkarrizketa' proiektua aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan

Ion Orzaiz

Indarkeriaz gogoeta egin eta «elkarrizketarako espazioak» sortzeko beharra aipatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.