Maileguak. Euriborraren igoera

Inoizko igoerarik handiena izango dute hipoteka orain eguneratu behar dutenek

Euriborrak %2,2tik gora bukatuko du iraila, mailarik handiena 2009az geroztik. 150 eta 200 euro artean garestituko ditu berritu behar diren kuota gehienak

Inoizko igoerarik handiena izango dute hipoteka orain eguneratu behar dutenek.
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Ehun euro, 150, 200 edo gehiago. Kopuru zehatza norberaren maileguaren zenbatekoak eta itzultzeko epeak finkatuko du, baina aldatuko ez dena da orain hipotekaren kuota eguneratu behar dutenek askoz diru gehiago ordaindu beharko dutela hurrengo hamabi hilabeteetan. Are gehiago, iraileko datua beren kuota eguneratzeko erreferentzia gisa dutenek inoiz izandako igoerarik handiena jasango dute. Izan ere, portzentajezko 2,7 punturen aldea dago iazko erreferentziatik (%0,492) aurtengora (%2,218, atzo). Euriborraren 23 urteko historian hilabete batean sekula ikusitako saltorik handiena.

Ikusi gehiago:Hipoteka berrien kopurua murriztu egin da uztailean, Hegoaldean

Hileko kuota zenbat handituko zaion jakin nahi duenak Espainiako Bankuaren webguneko simulatzailea erabil dezake zalantzak uxatzeko. Baina hona adibide bat: iazko irailean bere kuota eguneratu zuen batek, 125.000 euroren mailegu batekin, 25 urtean itzultzekoa, Euribor gehi 0,5eko diferentzialarekin (Euriborrari bankuek gehitzen dioten interes gehigarria), 417 euro ordaintzen aritu da azken urtean, praktikoki ez zegoelako interesik ordaintzen (%0,008). Orain, interesak %2,718ra igota (%2,217 gehi %0,5), hilean 568 euro ordaindu beharko ditu urtebetez. Hau da, hilean 151 euro gehiago ordaindu beharko dituela, eta 1.812 euro gehiago urtean.

Kopuru horiek handitu edo txikitu egiten dira eskatutako dirua handiagoa edo txikiagoa bada, eta diferentzialaren eta epearen arabera. Horrela, bezeroak 200.000 euro eskatu baditu, eta diferentziala %1 bada, 753 eurotik 962 eurora igaroko da; 2.508 euro gehiago urtean.

Joera eteten ez bada, irailekoa baino igoera are handiagoa izango da urrikoa, iazko erreferentzia oso txikia delako (-%0,477), eta iraileko azken egunetan jada %2,6ko langa zeharkatu duelako.

EBZri galdetu

Noiz arte? Azken hilabeteetan egin dituzten aurreikuspen guztiek huts egin dutela ikusita, galdera EBZ Europako Banku Zentralari egin behar zaiola uste du Kutxabankek, Euriborrak lotura handia —baina ez automatikoa— duelako interes tasa ofizialarekin. Oraintxe, interesek izan ditzaketen igoerak islatzen ditu. «Merkatuek espero dute EBZk beste bi aldiz igoko dituela aurten interesak, 0,75 bakoitza, urrian eta abenduan», ohartarazi du Kutxabankek. Hau da, urtearen amaieran, %2,75ean izango direla interes tasa ofizialak; hortik gora, Euriborra.

Igoera «kezkagarria» iruditu zaio Ander Cornejo EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko bozeramaileari. «Familia askorentzat ezinezkoa izango da halako igoerei aurre egitea. Orain, inflazio handiarekin, asko eta asko problemekin iristen dira hilabete amaierara». Horregatik, «neurri interesgarria» iruditu zaio Podemosek eskatutakoa, hots, hipoteken igoerari muga bat jartzea zailtasunak dituzten herritarrentzat.

Igoera handia dela onartuta ere, Kutxabankek nabarmendu nahi izan du Euriborraren oraingo gorakada «ezohiko» garai baten amaiera dela; «%2ko Euriborra ez da, berez, tasa handia».

Indize horren historiaren lehen urteei erreparatuz gero, egia da, baina ez hainbeste azken hamabi urteei begiratuta. 1999an, euroarekin batera Euriborra sortu zenean, %3,2an zegoen. 2003an %2ra jaitsi zen, eta maila horretan izan zen 2005ean goranzko joera hartu arte. Inflazio puztuaren aurreko oldarraldian jo zuen goia, —2008ko urrian, %5,5era heldu zen—, baina ziztu bizian jaitsi zen, banku zentralek interes tasen jaitsiera bizkor batekin erantzun ziotelako finantza krisiari. 2011ko uztailean izan zuen azken aldiz orain duen maila, baina orduz gero haren oso behetik izan da. 2016ko otsailean hautsi zuen lehenik zeroaren muga, eta hor egon zen bost urte baino gehiago, aurtengo apirilera arte. Urte horietan oso gutxi ordaindu dute interesetan tasa aldakorreko mailegu bat izan dutenek.

Noski, Euriborraren gorabeherak soilik eragiten die beren hipoteka tasa aldakorraren arabera ordaintzen dutenei. Tasa finkoa dutenei, berriz, soilik beren kuota finkatzen dutenean bankuek kontuan hartzen duten indize bat da.

Aldakorrak ugaritzen

Hego Euskal Herrian —baina ez, ordea, Ipar Euskal Herrian— tasa aldakorreko maileguak gailendu dira hainbat urtez, eta finkoak apenas ematen ziren, baina, interesak %1etik behera jaistean, finantza erakundeak hasi ziren tasa finkoko mailegu interesgarriak eskaintzen. «Segurtasuna ordaindu behar da; arriskuak errentagarritasun handiagoa dauka», justifikatu du Kutxabankek.

Caixabankek dio«apustu oso garrantzitsua» egin zuela tasa finkoaren alde, «eragozteko bezeroak zailtasunak izatea interes tasak igotzen zirenean». Duela urtebete Caixabankek sinatzen zituen hipoteken bi herenak ziren tasa finkokoak, eta kopurua %90era iritsi da azken urtean. Merkatuaren batez besteko kopurua hiru laurdenekoa zen urte hasieran eta txikitzen ari da, interes tasak handitu ahala bankuei aldakorrak egitea komeni zaielako; hamarretik sei dira orain finkoak.

Interes aldakorrekoa ala finkokoa komeni zaion galdetuta, erantzuna tentuz eman du EKAko Cornejok. «Bakoitzaren egoeraren arabera; bakoitzak neurtu behar du». Baina bien artean hautatu behar izatekotan, tasa finkoaren alde egingo luke berak, «zaila dirudielako datozen urteotan prezio apalagoak finkatzea».

Bankuak ere bezeroen egoeraren arabera moldatzen dituzte beren eskaintzak. Gero eta produktu gehiago lotu, orduan eta interes txikiago bat eskaintzen dute. Kutxabanken webgunean, Euriborra gehi %0,64 eskaintzen dute, baina, horretarako, bezeroek 3.000 euroren nominak helbideratu behar dituzte, pentsio plan bat kontratatu, aseguruak...Hori egiten ez dutenentzat, Euriborra gehi %1,64 dauka. Edonola ere, bankuak onartu du eskaintza hori «hobetzen» ari dela. Gainera, aldatu egin daiteke maileguaren bizitzan. «Gaztea zarenean agian estu ibili zaitezke mailegua pagatzearekin, baina bizitzak aurrera egin ahala aseguruak egiten dira, agian pentsio plan bat... ».

Euriborraren igoera hain arina izanda, mugimendu handiak gertatzen ari dira finantza erakundeen eskaintzetan. Laboral Kutxak, esaterako, bere estrategia osoa egoera aldakorrera egokitzeko lanetan dagoela argudiatu du BERRIAren galderei ez erantzuteko.

Bankuak beren diferentzialak txikitzen ari direla onartu du EKAk, baina kexu da oso poliki ari direla egiten. Horregatik, kontsumitzaileen elkarteak dio ugaritu egin direla tasa aldakorretik finkora joan nahi dutenak, eta bankuen aldetik traba batzuk antzeman ditu. «Finkotik aldakorrera ez dituzte oztopoak jartzen; egun batetik bestera egin daiteke». Aukera horretaz galdetu bai, baina urratsa egiten dutenak gutxi direla dio Kutxabankek. «Irakurtzen dugu aldaketa oldea dagoela, baina 2021eko ekainean gehiago aldatu ziren aurten baino».

Gordailuak ala funtsak

Bankuei egiten zaien beste kritika bat da maileguen ordez eskatzen dituzten interesak baino polikiago handitzen dituztela aurrezkiei ordaintzen dizkietenak. Laboral Kutxaren webgunean, esaterako, %0ko interesa eskaintzen die gordailuak kontratatu nahi dituztenei. Kutxabankek, bere aldetik, gordailuak ahaztera eta inbertsio funtsak kontratatzera animatzen ditu bere bezeroak: «Inflazioaren aurka tresna hobea dira gordailuak baino. Errentagarritasun handiagoa eman dezakete. Gainera, arrisku maila desberdinetarako ditugu; aurreztaile kontserbadoreentzat ere badaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.